“GORA EUSKADI ASKATUTA!”

Arabako euskara zerbitzuon ataria da EUSKARABA; beraz, zerbitzu guzti horien erakusleiho izateko bokazioa du. Oraingo honetan, Aiaraldeko Kuadrillan lanean ari diren teknikariei eskatu diegu beren aletxoa jartzeko. Felix Mugurutzak, Laudio Udaleko euskara teknikariak, “Oxigenoa euskarari, 6000 metroan ere!” ekimenaren gainean idatzitako testua duzue honakoa.

Hitz horiekin lehenbizikoz laztandu zuen euskarak zeruetatik hurbilen dagoen lur zatia, hau da, Chomolungma, Everest mendiaren gailurra.

1980an izan zen, maiatzaren 14an, eta Martin Zabaleta mendizale hernaniarrak bota zituen tontorrera iritsitakoan. Indarraren indarrez, gainera, hizkuntzarako eta Euskal Herri osorako zuen garrantzi sinbolikoagatik.

Espedizio hartan, Felipe Uriarte mendizalea ere bazen. Oraingo kasu honetan, pasaitarra. Ba… hau berau da OXIGENOA EUSKARARI 6.000 METROAN ERE ekimena koordinatzen ari dena ia lau hamarkada geroago.

Helburua du Euskal Herriko eskualde ezberdinetako dozena bat gazte joatea Himalayara, espedizioan euskaraz egitearen konpromisoarekin.

Jon Fombellida eta Iker Zubizarreta dira gailur garai haietara euskara eramango duten arabarrak eta, haiekin batera, Besaide Astobitza, bizkaitarra den arren, beste biekin batera ikasten duelako Arabako Laudio ikastolan.

Haiekin batera, Oñatitik hiru, Iruñetik bi eta Iparraldetik hiru espediziokide ere joango dira.

Baina asmoa ez da gazteentzako mendi espedizio batera mugatuko, bertan sherpa etniako beste gazte talde batekin elkartuko direlako, haiek ere euren hizkuntza minorizatuan hitz egiteko konpromiso sendoarekin. Lagunarteko giroa izango da, beraz, betiko adiskideak forjatzen dituen horietakoa.

Ideia da, etorkizunean, sherpa gazte horiek Euskal Herrira etortzea bisitan, gure gailurretara euren hizkuntza ekartzera. Baina hori, esan bezala, etorkizuna da. Goazen berriz gurera…

Aipatu beharra dago, bestalde, Himalayakoa ondo diseinatutako ibilbide baten amaiera izango dela baina hasiera izan zuela orain dela hilabete batzuk. Geroztik ari dira Euskal Herriko gazteak elkarrekin irteerak egiten: otsailean Aizkorri aldean, martxoan Gorbeian, eta apirilean Baigorrin.

Bestetik eurek kudeatutako ekimena da eta horretarako euskara dute lanabes. Dirua lortzen ere ari dira han-hemenka eta baita laguntzeko eros daitekeen materiala sortzen ere. Euskaraz une oro…

Euskaraz une oro… ekimen hau gazteen artean (12-16 urte bitartekoak) euskararen erabilera sustatzeko Oxigenoa euskarari programatik datorrelako. Haren bitartez urte askoan eraman izan dira mendira ikasleak betiere euskara tartean. Laudion sortutako ekimena zen baina, zorionez, gaur egun Arabako beste herri batzuetara zabaldu da.

Eta ezer gutxi gehitzeko urriaren 11tik azaroaren 9a bitartean burutuko den ekimen zoragarri horretaz.

Seguru gaude ‘GORA EUSKADI ASKATUTA‘ gaztetu batzuk entzungo direla gure neska-mutilek zapalduko dituzten gailurrretan: Imja Tse (6.187 m), Lobuje Ri (6.119 m), Chukung Ri (5.550 m), Kala Pattar (5.545 m) eta Gokyo Ri (5.460 m). Hala bedi. Zorte on eta baietz euskara… 6.000 metroan ere.

Partekatu!