GEU elkarteak hileroko mendi txango irekiak berrartu ditu

Pandemiaren erruz iaz ekimena eten bazen ere, bueltan dator berriro GEU elkarteak antolatutako ‘GEUrekin mendira’ programa. Igande honetan (irailak 19) hasita, ekainaren 19ra arte 11 irteera egingo dituzte.

Beti eskema bera da: Mendizorrotzako aparkalekuan (Beti Jai frontoiaren aurrean) elkartu; batutakoen arabera autoetan banatu (ez da derrigorrezkoa autoa eramatea) eta gasolina guztien artean ordaintzen dute. Hala, 08:30ean handik abiatzen dira.

Ez dago aurretik izena eman beharrik; eskatzen dena da denboraz agertzea, autoen banaketa ondo antolatu eta irteera ordua ez atzeratzeko.

Mendi irteera batzuk goizekoak izaten dira: hau da, 14:30 edo 15:00etarako Gasteizen bueltan izaten dira; beste batzuk, aldiz, egun osokoak; horietan Gasteizen 17:00 eta 17:30 artean egoten dira bueltan.

GEU elkartetik federatuta egotea gomendatzen da, baina ez da derrigorrezkoa.

Larunbat honetan Bikirrio mendira abiatuko dira eta goizeko plana egingo dute.