16 eta 35 urte arteko gazteek sormen lanak euskaraz egin ditzaten

Gasteizko Udalak, Euskara eta Gazteria zerbitzuen bitartez, eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Gazte Sortzaileak deialdia abian jarri du aurten ere, 18.000 euroko aurrekontuarekin. 16 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako sormen-beka bat da, eta euskarazko kultur sorkuntza sustatzea du helburu.

Gazte Sortzaileak bekaren edizio berri honekin, Udalak euskararen erabilera sustatzeko duen konpromisoa erakutsi nahi dugu. Izan ere, azken hamar urteotan, 30 gazte baino gehiago baitira beren kultur proiektuak garatzeko eta prozesu horretan ikasteko aukera izan dutenak, Udaleko Euskara eta Gazteria zerbitzuen laguntzarekin”, adierazi du Maria Nanclares Udaleko Euskara zinegotziak.

Hautatutako pertsonek 4.000 euro arteko dirulaguntza izango dute eta sorkuntza-prozesu osoan alboan izango dituzten profesionalen aholkularitza izango dute. Beka onartzen dutenetik 6 hilabeteko epea izango dute proiektua gauzatzeko. Tarte horretan, Udaleko Euskara eta Gazteria zerbitzuek egingo dute proiektuen jarraipena.

Bi kategoria: 16-24 eta 25-35 urte artekoak

Bi kategoria daude, eskatzailearen adinaren arabera. Bata 16 eta 24 urte bitartekoentzat eta bestea 25 eta 35 urte bitartekoentzat. Gazteak banaka edo taldeka aurkez daiteke. Proiektuek lotura estua izango dute ahozko adierazpenarekin, eta euskarazko kulturari ekarpena egitea izan behar dute helburu. Hainbat modalitatetakoak izan daitezke; hala nola antzerkia, bakarrizketa, poesia errezitaldia, musika, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak, edo baita genero bat baino gehiago uztartu ere. Formatu txikiko jarduerei emango zaie lehentasuna.

Interesdunek uztailaren 15era arteko epea dute beren lanak aurkezteko. Horretarako, Gasteizen edo Arabako Lurralde Historikoan erroldatuta egon behar dute. Lanak San Martineko bulego teknikoetan (erregistro orokorrean), gizarte etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu hala dira.

18 urtetik beherakoek beren aitaren, amaren edo legezko tutorearen baimena aurkeztu beharko dute.

2023ko ediziokoak

2023ko Gazte Sortzaileak beka irabazi zutenek laster jendaurrean aurkeztuko dituzte beren proiektuak. Apirilean Aitziber Jiménez de Aberasturiren ‘Ogi beltza’ podkasta entzun ahalko da. Mitxel Elortzak maiatzaren 15etik aurrera argitaratuko du ‘Aneren abenturak’ mahai-jokoa. Marta Berganzok ‘Gure Kutxa’ antzezlana estreinatuko du ekainaren 29an Salburua gizarte etxean. Eta Nefer Olaizolak, azkenik, bere performancea aurkeztuko du irailaren 15ean Labe Gazte Laborategian, San Bizente Paulekoaren kaleko  21. zenbakian.

Informazio gehiago hemen.