GAZTE SORTZAILEAK BEKA: GAZTEEK GAZTEENTZAT, KULTURA EUSKARAZ

Abian da Gazte Sortzaileak bekaren 2020ko deialdia: gazteek gazteentzat sortutako ekitaldi kulturalak euskaraz sustatu nahi dituen egitasmoa. 16-35 urte bitarteko gazte arabarrei zuzendua, 4000 € arteko dirulaguntza eskaintzen du, baita aholkularitza profesionala eta lanen estreinaldirako bitartekaritza ere.

Gazte Sortzaileak deialdiak gazteen artean euskarazko sorkuntza bultzatzea bilatzen du. Era berean, euskarazko kultura-programazioan eragitea du xede, gazteek gazteentzat sortutako jardueren bidez. Gazteek beren sormena garatzeko aukera-guneak izatea nahi du. 2015az geroztik, urtero, elkarlanean antolatzen dute Gasteizko Udalaren Euskara eta Gazteria Zerbitzuek, Foru Aldundiaren Euskara eta Kultura Zerbitzuek eta Oihaneder Euskararen Etxeak.

Beka 16 eta 35 urte bitarteko gazte arabarrei zuzenduta dago, eta bi kategoria daude, adinaren eta lanaren ezaugarrien arabera. Ideia bat daukan gazteari forma ematen eta taularatzen lagunduko dio; izan ere, proiektua gauzatzeko 4.000 € arteko beka eskaintzen da, eta, nahi izanez gero, intereseko arloko tutoretza profesionala.

Parte hartzeko, ahozko ekitaldi kultural bat sortu eta burutu behar da. Ekitaldiak ahozkotasunarekin estu-estu lotua egon eta euskaraz izan behar du. Bakarkako edo taldekako lana izan daiteke, eta hainbat diziplinatako ekitaldiek dute tokia deialdi honetan; esaterako, antzokia, bakarrizketa, musika, bertsolaritza, poesia-emanaldia, ikus-entzunezkoa, performancea eta diziplinen arteko nahasketa.

Lanak aurkezteko epea 2020ko abuztuaren 28ra arte egongo da irekia. Lanak Udalaren Erregistro Nagusian aurkeztu behar dira —Teodoro Dublang margolaria 25— edo gizarte etxeetako Herritarrak Laguntzeko Bulegoetan.

Deialdiaren oinarriak eta informazioa: https://www.vitoria-gasteiz.org/wb021/was/contenidoAction.do?lang=eu&locale=eu&idioma=eu&uid=u_ff7ad16_16222f60705__7f30