Gazte sortzaileak 2018 beka deialdia aurkeztu dute Oihanederren, iazko proiektu irabazleekin batera.

Berriki ‘Gazte Sortzaileak’ bekaren laugarren edizioan hautatutako lanak aurkeztu dira Oihaneder Euskararen Etxean. Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker sortu zen laguntza hau, euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko asmoz. Iazko irailetik, gazteek osatutako bost talde artistiko aritu dira beste horrenbeste proiektu garatzen.

“Gazteen sormena bultzatu nahi dugu, euskararekin eta ahozko transmisioarekin loturiko proiektuen bidez. Baita Gasteizko eta Arabako kultur programazioa osatu ere”, esan zuen aurtengo deialdiaren aurkezpenean  Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatu Igone Martínez de LunakGasteizko udaleko euskara-zinegotzi den Iñaki Prusillak, berriz, honako hau baieztatu zuen: “Gazteen euskarazko kultur sorkuntza sustatzea da ekimen honen helburua, eta hiriko zein lurraldeko sorkuntza guneen jarduerari laguntzea”.

2017ko deiladian, honako egitasmo hauek aukeratu ziren: ‘Harriek kontatu didatena’, Ane Gebararena; ‘Orainaldian’, Hindi Auzmendi, Iñaki Landa eta Mikel Buruagarena; ‘Atabala eta Euria’, Egoitz Díazena; ‘Barrunbeko lurretan’, Lurburu kolektiboarena, eta ‘Eraldaketa SortzaileOn afera’, Irantzu Lekue eta Olatz Alonsorena. Proiektuak apirilaren 13tik aurrera hasi dira aurkezten, Oihaneder Euskararen Etxean.

Hementxe aurkituko duzue iazko garaileen aurkezpen guztien programa osoa. Hurrengo aurkezpena  maiatzaren 3an izango da:

  • Maiatzaren 3an Atabala eta euria. · Egoitz Díazena.
  • Ekainaren 3an Barrunbeko lurretan. Lurburu kolektiboarena.
  • Irailaren 14tik 23ra arte Eraldaketa sortzaileON afera erakusketa · Irantzu Lekue eta Olatz Alonsorena

Nahi izanez gero, ikusi iaz irabazitako proiektuak aurkezten dituen bideo hau:

Beka horietakoren bat lortu nahi duten 16 eta 35 urte bitarteko gazteek beste aukera bat izango dute 2018an. Izan ere, uztailera arte egongo da irekita izena emateko epea. Artistek gazteria@vitoria-gasteiz.org posta elektronikora idatziz aurkez dezakete ideia —ez da beharrezkoa oso proiektu garatua izatea—, edo Udalaren Erregistro Nagusian zein gizarte-etxe batean. Ondoren, 6-7 hilabete emango dira aukeratutako ideiak garatzeko, Udalaren eta Aldundiaren laguntza ekonomikoaren bitartez, zeina 4.000 eurorainokoa izan baitaiteke. Gainera, hainbat profesionalen laguntza izango dute ekimenak garatzeko. Ikus hemen 2018ko deialdian parte hartzeko oinarriak