Ikasle berriek irailaren 5etik 14ra bitartean egin beharko dute matrikula. HABEk homologatu ditu lehen aldiz ikastaro hauek.

Zabalik dago Gasteizko Udalak gurasoentzako antolatutako euskara ikasteko programan izena emateko epea. Ikasle berriek irailaren 5etik 14ra bitartean egin beharko dute matrikula, aurrez aurre, hiriko edozein gizarte etxeetan.

Ikastaroen helburua euskara ikastea da eta, aldi berean, gurasoei aukera ematea familia-esparrurako hizkuntzaren alde praktikoak indartzeko; hau da, haurrek eskolan ikasten dutena. Eskolak Arabako hiriburuko gizarte-etxeetan emango dira, astean hiru egunetan, 2022ko urriaren 3tik 2023ko maiatzaren 30era bitartean.

Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Euskara zinegotziak azaldu duenez, “1981ean %3,5 ziren euskaldunak Gasteizen; gaur egun, berriz, %27,28. Horrez gain, kontuan hartu behar ditugu oraindik zailtasunak dituztenak baina bidean daudenak; ia %20 dira horiek Gasteizen. Bilakaera horretan garrantzia handikoak izan dira, hezkuntza-sistema eta euskaltegiak haiek sortu baitituzte. Hiztun berri horien ahalegina aitortu behar dugu, eta eremuak eskaini euskara erabil dezaten, erabileraren bitartez lortuko baitute euskaldun oso bihurtzea”. Gainera, Euskara zerbitzuko zinegotziak azpimarratu du Udala laguntzailea izan dela “eta laguntzailea izaten jarraitu nahi du hiztun berriak lortzeko bide horretan; horretarako, hainbat lan-ildo eta ekintza zehaztu ziren indarrean dagoen Euskara Sustatzeko Ekintza Planean: dirulaguntzak ematea euskara ikasteko, euskaltegien lana errazteko eta guraso-elkarteen jardueretarako; matrikulazio kanpaina eta euskara ikastaroak indartzea; Mintzalaguna proiektua babestea; eta Euskaraldia sustatzea hirian eta Udalean bertan”.

Sustapen kanpaina

2022-2023 ikasturterako sustapen kanpainak bi fase izango ditu. Lehen fasea, uztailean burututakoa, erabat informatiboa izan zen. Bigarren fasea, publizitate kanpainak eta matrikulazio aldiak osatutakoa, gaur hasi eta irailaren erdira arte luzatuko da.

‘Concilia tu vida con el euskera’ lelopean abiatu da aurtengo matrikulazio kanpaina. Izan ere, euskara kontziliazioan zein eguneroko bizitzan lagungarri bilakatzen da eta erraztasunak eskaintzen ditu arlo ezberdinetan: familian, lanean, aisialdian, kulturan… Ikastaroak, gainera, giro onean eta bakoitzaren erritmora egokitzen dira, prezio zein ordutegi egokiekin.

Izena emateko epea

Gasteizko udaleko ikastaroetan, irailaren 5etik 14ra.

-AFAk laguntzen dituen euskaltegietako ikastaroak, irailaren 30era arte.

Ikasturte honetako eskaintza eta berrikuntzak:

2022-2023 ikasturteak berrikuntza garrantzitsuak izango ditu: eskolak bi ordukoak izango dira eta, horrela, ikasturtean 166 orduko ikastaroa jasoko dute ikasleek. Hala, lehen aldiz, HABEk homologatutako ikastaroak izango dira. Halaber, horietan guztietan, HABEk definitutako Helduen Euskararen Irakaskuntzaren Oinarrizko Curriculumaren azpimaila gauzatuko da.

1. Gurasoentzako ikastaroak. Aurten handitu egin da ikastaro hauen ordu kopurua,166 ordukoak izango dira: 2 orduko hiru saio astean, urritik maiatzera. HABEk definitutako Curriculumaren azpimaila bat egingo da ikastaro bakoitzean. Prezioa: 122,40€ matrikula arrunta eta 97,20€ matrikula murriztua (ikasle berriek matrikula murriztua ordainduko dute, baita aurreko ikasturtekoek ere, baldin eta asistentzia ona izan bazuten).

2. 55 urtetik gorakoentzako ikastaroak. Aurreko ikasturtean hasi ziren honelako taldeak eskaintzen BIZAN Sareko zentro batzuetan; bi sortu ziren; ikasturte honetan bi horiek jarraituko dute eta beste bi eskainiko dira, bata San Martinen eta bestea Koroatzean. Prezioa 52,00€

3. Jatorri atzerritarreko pertsonentzat euskara ikastaroak. Aurten saiakera berezi bat egingo da Salburuan, auzoko eragileekin batera; auzoan bizi diren atzerritarrei hurbilduko zaie ikasteko aukera, eta Salburua ikastetxean emango dira eskolak. Prezioa: 9,70€. Helburua da ikastaro horiek egin ondoren ikasle hauek talde arruntetako hasiera mailan (A1) sartzea.

4. Merkataritza eta ostalaritzako langileentzako ikastaroak. Bi ikastaro: A1 (hasiera maila) eta B1.2. ikastaroa eskaintzen da eskolatze-prozesua euskaraz egin dutenentzat.

Herritar guztientzako dirulaguntzak

Ikastaro horiek guztiak antolatzeaz gain, hiztun berriak sortzen laguntzeko, Udalak eta Aldundiak dirulaguntzak ematen dizkiete herritarrei euskara ikas dezaten.

2020-2021 ikasturtean aldaketak egon ziren dirulaguntzatan, eta herritar guztiei zabaldu zitzaien aukera, hain zuzen ere, kendu zen diru-sarrerei buruzko baldintza. Horren ondorioz, urtero handitzen da eskaera kopurua eta duela bi urte 237 izatetik azken ikasturtean 539 izatera pasatu dira. Hala, gonbidatu nahi dira euskaltegietan dabiltzan ikasle guztiak laguntza eskatzera.

Dirulaguntzen bi programa daude: arrunta, herritar orori zuzendua; eta  berariazkoa, kolektibo hauei zuzendua: gurasoak, begirale eta entrenatzaileak, eta merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako langileak. Kolektibo horiei lehentasuna ematen zaie jaso dezaketen diru-kopurua erabakitzerakoan.

Aldundiaren laguntzak

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak 100.000 euroko partida bideratuko du, iaz baino 15.000 euro gehiago, lurraldeko euskaltegietan matrikula egitean Aldundiaren dirulaguntza eskaera eta foru administrazioak eskatutako baldintzak betetzen dituztenen artean.

Iaz bezala, baldintzak hiru dira:

  • Adin nagusikoa izatea deialdia Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.
  • Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko enklabean erroldatuta egotea.
  • A1, A2, B1 eta B2 mailatako edozeinetan matrikulatzea HABEko Arabako edo Trebiñuko enklabeko euskaltegi batean.

Ikasle bakoitzak jasotzen dituen orduen arabera ezarritako hiru dirulaguntzetako bat jaso ahal izango du; hau da, euskaltegian zenbat eta ordu gehiago eman, orduan eta dirulaguntza gehiago jaso ahal izango du, 280 euro arte.

Laguntzak honela banatuko dira:
-248-400 orduko moduluak: bakoitzerako 110 euro eskura daitezkeenak.
-401-600 orduko moduluak: 150 euroko laguntzarekin.
-601 ordu baino gehiagoko moduluak: 280 euroko laguntzakoak.
Horrez gain aipatu Autoikaskuntzako ikastaroak ere badirela:
• 190 ordu edo hori baino gehiagoko autoikaskuntza moduluak: 110 euroko laguntzadunak.

Joan den ikasturtean euskalduntzeko dirulaguntzen deialdiaren onuradunak 819 arabar izan ziren.

Arabako Foru Aldundiak lekualdatutako ikasgelen aurrekontu ildoari eutsiko dio aurten, inguruan euskaltegirik ez duten arabarrek ere euskara ikasi ahal izan dezaten, euskaltegietako profesionalen ezagutza beren zonaldeetara hurbilduz. Horregatik, eta euskara ikasteko aukera gal ez dezaten, Foru Aldundiak 40.000 euro emango dizkie euskaltegiei, HABEk diruz laguntzen ez duen garraio gastuaren zati bat diruz lagundu ahal izan dezaten.

 “Aurten, handitu egin dugu Arabako udalerrietan euskaldundu nahi duten adinekoei laguntzeko aurrekontu partida, bai eta udalerri mugakideetan beste euskaltegi batzuetara joateko joan-etorriak diruz laguntzeko ere, uste baitugu Araban euskara ikastea sustatzen eta errazten jarraitu behar dugula”, adierazi du Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendariak.

Prozedura oso erraza

Lexuri Ugartek azpimarratu nahi izan du prozedura oso erraza dela eta euskaltegietara jotzen dutenek bertako langileen laguntza izango dutela berau betetze aldera: matrikulazioarekin batera, ikasleek inprimaki orria bete eta sinatu behar dute (sinadura elektronikoak ere balio du), eta euskaltegiak dagokion deskontua aplikatuko dio
matrikulazio prezioari.


Eta Arabako Foru Aldundiko Gobernu Irekiko zuzendariak euskaltegiak aipatu eta eskertu nahi izan ditu: “Aurten ere euskaltegi sare guztiaren lan eskerga eskertu nahiko nuke, izan ere, euren esku-hartzea gabe, zaila izango baitzen
euskalduntzerako administrazio arabarrek eskaintzen ditugun laguntzak banatzea. Deialdia aurrera eramateko, zazpi euskaltegi izan ditugu alboan: diru laguntza eskatzen duten ikasleek matrikula egiten duten euskaltegiak, alegia. Izan ere, deialdiko laguntza emateko modua da matrikularen zenbatekoari deskontu bat aplikatzea, eta hori
euskaltegiek egiten dute. Gero, euskaltegiei itzuli egiten zaie matrikularen preziotik kentzen duten zenbatekoa”.

Bukatzeko, honako mezua luzatu du Ugartek: “Anima daitezela arabar helduak, euskaraz trebatzeak atea ugari irekitzen baititu: herrian, auzunean, lantokian, kuadrillan…baina are ate handiago bat zabaltzen du: euskara maite eta
euskaraz mintzatzen dugunon unibertso unibertsal eta globala. Ekin euskarari!”.