v
EUSKARA FORU ZERBITZUA

Aurkezpena

Zerbitzu katalogo hau aurkezten dugu Euskararen Foru Zerbitzuaren (EFZ) produktu eta zerbitzuen zabalkundea egiteko, haiek ezagutzera eman eta eskura jartzeko, baita gardentasun ariketa gisa ere. Diseinu berria egiteko, Arabako Foru Aldundiak gizartea eta euskara balioesteko daukan kudeaketa eredu bat hartu dugu jarraibidetzat, eta hauxe da emaitza.

Euskararen Foru Zerbitzuaren eskumen esparrua zedarritzen duten arauak irakurrita diseinatu da zerbitzu katalogo hau, beraren bidez erantzutearren gure zerbitzuak zuzenean jasotzen dituzten edo gure jardueretan alderdi interesdunak diren erakunde, gizarte eragile eta pertsona guztien gogo eta beharrizanei. Katalogoa, bereziki, erakunde publikoentzat da, zuzeneko bezerorik esanguratsuenak diren aldetik, eta herritarrentzat, azken bezeroa diren aldetik. Zerbitzu katalogoan jasota dago gure asmorik nabarmenena: zerbitzu horien bidez, Euskararen Foru Zerbitzua, geroan ere, elkarlanean jardun dadila erakunde eta eragile batzuekin eta besteekin,  eraginkortasunez, azken helburua izanik Araban euskaraz bizi nahi duten herritarrei aukera hori bermatzea.

Ez dugu ahaztu behar pertsona eta erakunde anitz gabiltzala gizarte prozesu batean, funtsezko bi elementuri erantzun nahian: gizarteari, azken bezeroa den aldetik, eta, orobat, euskarari berari. Katalogo honi ezin izango geniokeen ekin pertsona eta entitate guztien elkarlanik gabe. Ezta ere ulertu gabe ezen gure misioaren azken urrats eta funtsezko kausa herritarrak eurak direla, azken bezeroa diren aldetik. Gure nahia da euskararen bidezko sozializazioa lortzea, eta uste dugu ezinbestekoa dela horretarako gainerako erakunde eta eragileekiko elkarlana, zerbitzu honen ikuspegiari begira.

Gizartea eta euskara, euskara eta gizartea, ezin dira azaldu bata bestea gabe, biak baitira gauza beraren osagaiak, alegia, Euskara Foru Zerbitzuaren misioaren eta estrategiaren osagaiak.

Jokin Larrañaga Larrañaga
Euskararen Foru Zerbitzuko burua
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekaina

 

>> Misioa

Euskararen Foru Zerbitzuaren misioa da euskaraz bizitzeko aukera bermatzea hala nahi duten arabarrei. Hori dela-eta, gizarte eragile, erakunde publiko eta Foru Aldundiaren gainerako Sail eta Zerbitzuekiko koordinazio, egikaritze eta elkarlan neurri eta ekimenak sustatzen eta garatzen ditu, euskararen erabileraren normalizazioan urratsak emateko xedez, dela gizabanakoen mailan, dela gizartean edo arlo ofizialean.

>> Ikuspegia

Euskararen bidezko sozializazioa, oro har, gizarteak berak sustatzen du, era bateko eta besteko agente, pertsona eta kolektiboek euskara bitarteko dutela gauzatzen baitituzte elkarrekiko harremanak. Beste hitz batzuekin esateko, ez dago inor gizarteko elkarrekintzatik kanpo. Araban gauzatzen den euskararen bidezko sozializazio horretan, Euskararen Foru Zerbitzuaren ikuspegia da gidari eta partaide izatea.