Geu Elkarteak landu du, Arabako eta Gasteizko ludoteketako hezitzaile batzuekin elkarlanean

Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala aisialdian eta kirolean euskara sustatzeko hainbat bide bilatzen ari dira 2014tik, sektoreko pertsonentzat. Oraingo honetan, bi erakundeek gida bat argitaratzea erabaki dute, arlo horietan lan egiten duten hezitzaileei euskararen erabileran eragiteko kontuan hartu beharreko irizpide interesgarriak proposatzeko.

Baliabidearen aurkezpenean Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzia eta Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria egon dira. Ikerketen arabera, 4-8 eta/edo 9-12 urte bitarteko haurren sozializazioa, familietan eta eskoletan ez ezik, eremu ez-formalean ere ematen da: aisialdian, udalekuetan, eskolaz kanpoko jardueretan, kiroletan, ludoteketan…

Haurrek eta nerabeek aukera izan behar dute beren ikaskideekin harreman berriak euskaraz sortzeko eta euskaraz bizipen atseginak jasotzeko. Hezitzaileak diren heinean, begiraleei dagokie horretarako aukera ematea: ulertzen duten neurrian, elkarrizketetan euskara mantendu behar dute, solaskideak gaztelaniaz erantzun arren. Izan ere, hezitzaileak eragina izan dezake parte-hartzaileen arteko elkarrizketetan, horietan parte hartuz, euskarak solasaldian presentzia galtzen duenean. Hainbat jolas, dinamika eta jardueratan, adibidez, hizkuntzak eta komunikazioak pisu espezifikoa dute, eta horrek erabilera sustatzea ahalbidetzen du.

Ludoteketan euskararen erabilera sustatzeko gida aurkeztu dute eta gida honek badu berezitasun bat: modu parte-hartzailean sortu da. Izan ere, Geu Elkartea, gidaren sortzailea, Gasteizko eta Arabako ludoteketako hezitzaile batzuekin bildu da, eta esparru teorikoa ludotekaren eguneroko dinamikara nola eraman landu dute beraiekin. Gidaliburuan aisialdiko hainbat egoeratan euskara erabiltzeko moduari buruzko gomendioak aurki daitezke, baita ludoteken berezitasunak eta horiek nola kudeatu ere, lantzeko funtsezko lau estrategia, adibide praktikoak eta proposamenak.