Datorren urtean gauzatuko den “Euskaraldia” ekimen berritzailea aurkeztu dute abenduaren 3ari begira
Herri erakunde eta herri ekimeneko eragileak Euskaraldiaren aurkezpenekitaldian
2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da lehen Euskaraldia, 11 egun euskaraz lelopean. Hortaz, batik bat datorren urtean —2018an, alegia— gauzatuko da ekimen berritzaile hau.
Aurkezpena Bilbon egin zuten, Arriaga Antzokian eman zen prentsaurrekoan. Bertan izan ziren: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua; Elena Laka, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Paul Bilbao, Kontseiluko Idazkari nagusia; Naiara Mujika, Lasarteko Ttakun euskaltzaleen elkarteko kidea; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria; Beñat Arrabit, Euskararen Erakunde Publikoko presidentea eta Herri Elkargoko Hizkuntza Politikako presidenteordea; eta Arrate Illaro, Euskaraldiaren koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topaguneko kidea. Eurekin batera, egitasmoaren sustatzaile izango diren erakundeetako kideak ere egon ziren.
Antolatzaileek azaldu dutenez, ekimena aurkezteko aukeratutako eguna ez da zorizkoa izan. Azaroaren 23a aukeratu dute, urtebete barru, egun horretan bertan abiatuko baita euskararen lurralde osoan aldi berean egingo den aktibazio ekimen handia. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hizkuntza ohituretan eragiteko helburuz, Euskaraldia 11 egun euskaraz lelopean egingo da lehenengo Euskaraldia.
Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira ekimeneko protagonista, eta, 11 egunetan zehar, beren ohiko harreman-sareetan euskaraz aritzeko gonbitea egingo zaie. Ekimenak, baina, epe luzeagorako ibilbidea izango duela azaldu dute eragileek. Hara, zer egin duten Aiaraldean.
Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak, tokian tokiko errealitateei erreparatu dio: “Nafarroan, egoera soziolinguistiko desberdinak ditugu, jakina denez. Hortaz, erabilerari bultzada emateko planteatzen ditugun egitasmoak egoera horiei egokitu behar zaizkie arrakastatsuak izateko. Euskararen aktibazioa, modu erakargarri eta positiboan eraginez.” Hain zuzen, Euskaltzaleen Topaguneko Arrate Illarok errealitate ezberdin horien markoan ariketa garrantzitsua azpimarratu du: “Euskaraldia urtebete lehenago aurkeztu dugu, elkarlanean martxan jartzeko eta herritarrei formazioa eskaintzeko denbora behar delako. Elkarlanean, euskararen sustapenean lanean ari garen entitateen, bestelako alorretan ari diren entitate euskaltzaleen, eta herritar euskaltzaleen artean gauzatuko dugu Euskaraldia”.
Hortaz, elkarlana funtsezkoa da Euskaraldiarentzat. Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria den Elena Lakaren hitzetan, “azken urteotan hainbestetan aldarrikatu dugun elkarlana ekimen zehatz baten bueltan ardaztu nahiko genuke. Herriz herri auzolanerako eta eragile arteko harremanetarako eremu izatea gustatuko litzaiguke”.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskararen erabilera errazteko instituzioetatik lan egin behar dela nabarmendu du: “Erakundeetatik lan egin behar dugu erabilera erraztu dezaketen baldintzak sortzeko; izan ere, hainbat ingurune zailagoak dira oraindik ere euskara erabili ahal izateko. Proiektu hau eraginkorra izango da bide horretan”. Hein horretan, Beñat Arrabitek, Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak, aldeko pausoak berretsi ditu: “Euskaraldiaren pertsonaia nagusiak herritarrak izanen dira. Halere, euskararen erabilera handitzeko ardura partekatua da: bakoitzarena eta molde guzietako entitateena. Alabaina, norbanakoen urratsek erakundeen geriza behar dute; euskarazko harremanak posible izan daitezen, baldintzak ezarri behar ditugu erakundeetarik. Bide horretan gure engaiamendua adierazi nahi dugu.”
Zer da Euskaraldia?
Hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua. Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu duten Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan kokatzen da eta bi mugarri ditu.
Batetik, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izango da 2018ko azaroa eta abendua bitartean egingo den Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimenaren helburua. Bestetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, 2019an, mota guztietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izango da helburua.
Euskal hiztunen aktibazioa helburu: ‘11 egun euskaraz’
Aktibazioak martxan jartzea esan nahi du. Hizkuntzaren erabilerari lotutako kontzeptua da, euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenek euskara erabil dezaten lortu nahi dugulako.
Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi ditugu. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.
Ekimena Euskal Herri osoan egingo den arren, tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, eta tokiko inguru soziolinguistikora zein errealitatera moldatzeko modukoa izango da. Hona, esate baterako, Urduñan duela egun batzuk egindakoa.
Herri eta entitateek 2018ko lehen hiruhilekoan izango dute izena emateko aukera eta udaberrirako jakin ahal izango da zenbat herri eta gunetan parte hartu ahal izango duten hiztunek 2018ko Euskaraldian. Hala ere, une honetan 40 herritik gora, tartean zenbait hiriburu, datorren urteko Euskaraldiaren antolaketan murgilduta daudela aurreratu dute sustatzaileek, eta datorren urtearen hasierarako eskualde gehiagotara heltzea espero dutela azpimarratu dute.
Herritarrek 2018ko udazkenean izango dute Euskaraldia, 11 egun euskaraz dinamikan izena emateko aukera. Izen ematea 2018ko irailean zabalduko da, eta Ahobizi zein Belarriprest modura parte hartu ahal izango dute nahi duten herritarrek. Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan Ahobizi edo Belarriprest identifikazio ikurra erabiliko dute parte hartzaile guztiek. Hona hemen ekimenaren bideoa.
Euskaraldia: Aurrekariak
Euskaraldia ez da hutsetik abiatzen. Azken bi urteotan Euskal Herriko hainbat herritan martxan jarri diren dinamiketan du abiapuntua. 2016ko otsailean Donostiako Egia auzoan bertako euskaltzaleek martxan jarritako Egian euskaraz bizi nahi dugulako ekimenak 20 herri eta eskualdetan izan du segida azken urte eta erdian. Euskaraldiak 2018an Euskal Herri osora zabaldu nahi du Egian hasitako bidea.
Ekimen guzti horietan euskaltzaleek izandako protagonismoa azpimarratu dute Euskaraldiaren antolatzaileek, herri ekimen sendoak sortu baitira antolakuntzaren inguruan. Gainera, orain arteko esperientzia guztietan balorazioak onak izan dira, bai partaideen bizipenetan eta hizkuntza ohituren aldaketan izandako eraginagatik, baita euskaltzaleen aktibazioak ekarritako herri dinamikengatik ere.
Era berean, azken urteetan Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan sortutako Euskarak 365 egun dinamika hedatu eta zabaldu egin dela ere azaldu dute antolatzaileek. Herritarrak aktibatu eta elkarlan dinamika berriak sortzeko helburuz abiatutako lan ildoak hizkuntzaren erabileran proposamen praktikoak egiteko norabidea hartu du.
Euskal Herri osoko instituzio eta eragileak sartu dira ekimenaren sustatzaile taldean, besteak beste, Arabako Foru Aldundia, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea Nafar Institutua, Ipar Euskal Herriko Euskal Elkargoa, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua eta Soziolinguistika Klusterra, beste askoren artean.
Erabileran eragitea helburu
Azken neurketek baieztatu izan duten elementuetako bat izan da euskararen ulermena eta ezagutza zabaltzen doazela Euskal Herriko inguru askotan. Bi datu horiek azpimarratu dituzte ekimenaren sustatzaileek, eta euskarazko harremanak areagotzeko baldintza onak daudela nabarmendu nahi izan dute.
Hizkuntza ohiturak aldatu eta praktika linguistiko berriak bultzatzeko ekimen honek, Euskaraldiak, testuinguru horretan jokatuko du. Helburu horiek lortzeko hiztunei formazioa eta ahalduntze tresnak eskaintzea garrantzitsua izango dela azaldu dute antolatzaileek.
Lasarte-Orian 2016an egindako aktibazio ekimenean ikerketa egin zutela azaldu du Ttakun elkarteko ordezkariak. Tresna zehatzak eskainita, hizkuntza ohiturak aldatzea eta hurbileko harremanetan euskararen erabilera nabarmen haztea posible dela erakutsi zuen ikerketak. Antolatzaileek azaldu dute datorren urteko Euskaraldian ikerketa euskararen eremu osora zabalduko dela.
Agurainen ere 75 ordu euskaraz ekimena egin zuten 2016an eta bertoko herritar, erakunde eta entitateek konpromisoak hartu zituzten.
Araban ere bai!
Antolaketan, beraz, auzo, herri zein eskualdeetako euskaltzale-taldeak arituko dira, baita hainbat elkarte, enpresa eta erakunde ere. Horietako asko hasiak dira jadanik lanean urtebete barru egingo den gizarte ariketa prestatzeko. Araban, adibidez, Gasteizen ereiteko lana GEU elkarteak hartuko du, Arabako Alea komunikazio taldearen laguntzarekin, eta aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguna osapatzeko, egitarau berezia antolatu dute larunbat iluntzerako.
Azken urteetan bezala, euskararekiko konpromisoa irudikatzeko, kandelen mosaikoa egingo da Andre Maria Zuriaren plazan. Arratsaldeko 18:30etik aurrera, kandelak pizten hasiko dira, bertaratzen direnen laguntzarekin. Guztira, 1.500 kandela piztuko dira, euskararen alde. Bitartean, umeentzako margoak eta puxikak eta photocolla izango dira. 19:00etan, berriz, mosaikoan elkartu diren lagunekin argazki erraldoi bat egingo da.
Ostean,kalejiran abiatuko dira bertaratutako lagun guztiak Oihaneder Euskararen Etxeraino. Han izango da zain Euskaldunon Erronken Zuhaitza. Norberak euskararen arloan aurrerapausoak emateko erronkak proposatzea da helburua. Horretarako, herritarrei beraien ekarpenak egiteko eskatuko zaie: Zeintzuk dira zure erronkak euskararekiko? Ekarpen hauek guztiak Erronken Zuhaitzean eskegi ahal izango dira, abenduaren 2an bertan, eta hurrengo egunetan, urtarrilaren 6ra bitartean.
Ekimen hau Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak, Gasteizko euskalgintzako eragileekin batera, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, antolatu duten barruan dago kokatuta.
Abenduaren 2ko egitaraua
- 19:00 [KANDELEN MOSAIKOA] EUSKARAK 365 EGUN-Andre Maria Zuriaren plazan
- Kandelak piztu, umeentzako margoak, argazki erraldoia, photocalla…
- 19:30 [KALEJIRA] Andre Maria Zuriaren plazatik Oihaneder Euskararen Etxera
- 20:30 [EUSKALDUNON ERRONKEN ZUHAITZAREN INAUGURAZIOA]
- Erronkak irakurri eta zuhaitzean jarri
Hona aurtengo Euskararen egunerako Geu elkarteak prestaturiko bideoa.
Hemen lautada aldean prestaturiko egitaraua.
Hemen Aiaraldekoek prestaturiko Lip duba Ahobizi eta Belarriprestekin, eta Urduñan egingo dutenaren berri.