Irailaren 2an aurkeztu zuten Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Arabako euskaltegiek euskara ikastea eta erabiltzea helburu duen euskalduntze-kanpaina berria. Aurtengo leloa honako hauxe izango da: Ikasi eta erabili euskara. Merezi du!
Horretarako, Aldundiko Euskara Foru Zerbitzuko zuzendari berria den Lexuri Ugarterekin batera, Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzia, eta Arabako euskaltegietako ordezkariak izan ziren.
Ekitaldian aipatu zenez, Gasteizko euskaldun kopuruak goraka egin du etengabe azken 38 urteotan. Arabako hiriburuan, esaterako, 1981ean euskaldunen ehunekoa 3,5ekoa baino ez zen; gaur egun, ostera, %27,28koa da eta hazkunde horretan giltzarri gertatu da euskaltegiek egindako “lan mardula”.
Bestalde, Iñaki Gurtubaik bere burua jarri zuen adibide: “30 urte izan arte, gaztelania besterik ez nekien. Orduan euskara ikasi nuen eta horixe izan da sekulan gertatu zaidan gauzarik ederrenetako bat. Beste kultura bateko atea ireki zidan, eta, ni-neu, poz-pozik nago orduan egindako ahaleginagatik, baita lortzeagatik ere”.
Gasteizi dagokionez, matrikulazio epea irailaren 2an hasi da, eta izen ematea gizarte-etxeetan eta baita zenbait udal-kiroldegitan ere egin daiteke. Guztira Gasteizen 85 talde eskaintzen dira: 65 talde gurasoentzat; 12 talde 55 urte baino gehiago dituztenentzat; 6 talde atzerritarrentzat; eta, azkenik, 2 talde ostalaritzako eta merkataritzako langileei begira.
Era berean, Foru Aldundiak 4. aldiz segidan, hiriburuan ez ezik, Araba osoan eta baita Trebiñun ere jarraituko du euskara ikastea diruz laguntzen; horretarako, 100.000 euro bideratu ditu.
Ildo horretatik, Lexuri Ugartek azpimarratu zuen Aldundiaren diru-laguntzen xede nagusia dela 2019-2020 ikasturtean A1, A2, B1 y B2 mailetako ikasleei matrikularen prezioa merkatzea.
Halaber, euskararen erabilerari dagokienez, hauxe gehitu zuen Ugartek: “Ez dira gutxi helduen artean urtero-urtero euskaraz ikasten ari diren arabarrak. Batez beste 5.000 dira euskarazko ikastaroetan matrikulatuak direnak. Baina gehiago izan daitezke, askoz gehiago! Izan ere, badakigu, 35 eta 44 urte bitartean euskaraz ulertzen dutenak (%52,96) gehiago direla Araban elebakarrak baino (%47,04). Adin tarte hori oso emankorra da, bai lanean, bai seme-alaben etxeko hazkuntzan ere, kalean sozializazio bideak irekiz hizkuntzaren bidez. Hortaz, dei berezia egin nahi genuke 35 eta 44 urte bitartean direnak euskaltegietara jo dezaten euskara ikasteko eta euskara praktikatzeko guneetara jo dezaten, kirolean, aisian… “
Iaz 992 ikaslek eman zuten izena euskaltegietan Aldundiaren laguntzarekin, guztira 81.225 euro banatuz. Aldundiak emango dituen laguntzak eskatzeko epea irailaren 30ean bukatuko da.
Hementxe duzu Aiaraldean egindako bideoa, bertan ikasle eta erabiltzale aktibo bat ezagutuko dugu: