‘Ikasi eta erabili euskara. Merezi du!’ lelopean, eskaintza zabala eta laguntza ugari

Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta euskaltegiek euskara ikasteko ‘Ikasi eta erabili euskara. Merezi du!’ matrikulazio kanpaina aurkeztu dute. Iñaki Gurtubai alkateorde eta Euskara zinegotziak, Lexuri Ugarte Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendariak eta Jose Miguel Reguero euskaltegien ordezkariak azpimarratu dute hizkuntzaren erabilerak duen garrantzia hiria eta lurraldea euskalduntzeko bidean aurrera egiteko.

Udalak ikastaroak antolatu ditu gizarte-etxeetan: matrikulazioak irailaren 15era arte daude zabalik eta, zehazki, 76 talde eskaintzen dira. Gurasoentzat, 55 urtetik gorakoentzat, atzerritarrentzat eta merkataritzaren eta ostalaritzaren esparruko profesionalentzat daude aukerak. Ikastaroez gain, Gasteizko Udalak euskaltegietan euskara ikasteko diru-laguntzak ere baditu. Bi diru-laguntza mota daude, bai publiko orokorrarentzat, bai kolektibo espezifikoentzat. Honen informazio guztia hemen eskuratu daiteke.

Aldundiaren dirulaguntzak

Arabako Foru Aldundiak aurten 85.000 euro banatuko ditu matrikula egitean, Aldundiaren dirulaguntza eskaera bete eta foro administrazioak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituztenen artean.

Baldintzak hiru dira, aurreko ikasturteetan bezala:

-Adinez nagusia izatea, deialdia Arabako Buletin Ofizialean argitaratzen den egunean.

-Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko enklabean erroldatuta egotea.

-A1, A2, B1 eta B2 mailetako edozeinentzat matrikulatzea HABEk Araban edo Trebiñuko enklabean dituen euskaltegi homologatu batean.