Eduki publikatzailea

 Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Estrategikoa 2025–2029 aurkezpena
Sei ardatz eta 34 ekintza euskararen erabilera sustatzeko Araban
2025-09-11

Arabako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Estrategikoa 2025–2029, anbizioz baina errealismoz begiratzen duen plangintza. Planaren helburua da euskaraz hitz egiten duten pertsona gehiago eta aktiboagoak izatea Araban, hiztun berriak sortzea eta nahi duen orok euskaraz bizi ahal izatea etxean, eskolan, lanean, aisialdian, kulturan, kirolean eta mundu digitalean.

 

Planak sei ardatz ditu:
 

  • Gobernantza: euskara agendan kokatzea eta harrera linguistikorako protokoloa ezartzea.
  • Jarrerak eta motibazioak: aktibazio sozialeko kanpainak babestea eta hiztunen aniztasuna aitortzea.
  • Ezagutza eta gaitasuna: transmisio familiarra indartzea, aisialdi eta kiroletako hezitzaileentzako prestakuntza eta helduen euskalduntzea sendotzea.
  • Erabilera eta interakzioa: enpresetan, elkarteetan eta kirolean euskararen erabilera sustatzea, Lanabes programarekin elkarlanean.
  • Ikerketa eta sistematizazioa: urteroko ebaluazioak egitea eta 2027an tarteko azterketa.
  • Komunikazioa eta difusioa: euskarazko komunikabideak laguntzea eta sare sozialetan euskararen presentzia handitzea.

 

Plan hau ez da bulego batean bakarrik idatzia: parte-hartze zabal baten emaitza da, udal eta kuadrilletako euskara zerbitzuek, Arabako Euskararen Batzordeak (23 erakunde eta 4 aditu), sailarteko mahai batek eta gizarte zein kultur eragile askok parte hartu baitute.

 

Emaitza dira 34 ekintza zehatz, besteak beste: familiei laguntza eta baliabide berriak eskaintzea, etorri berrientzako harrera protokoloa, klubetan diagnostikoak eta mikroplanak, enpresetarako aholkularitza eta Lanabesekin lankidetza, komunikabideentzako laguntzak, eta helduen euskalduntzerako laguntza.

 

Iñaki Gurtubai diputatuak adierazi duenez: “Euskara ez da bakarrik ikasgai bat, harreman bat da. Gure erronka da txikien baturatik handia lortzea eta euskaraz bizitzea erosoa eta naturala izatea. Plan hau gonbidapena da guztiontzat: dendako agurrean, kirol entrenamenduetan edo sare sozialetan, lehen hitza euskaraz emateko”.