Lukuak: uzta jasotzeko garaia - euskaraba
Eduki publikatzailea

Urteak dira Arabako Errioxan euskararen aldeko urratsak ematen hasi ginela. Lehen urrats haiek ikastolen mugimenduari eta helduen euskalduntzeari esker izan ziren, eta geroago beste hainbat eta hainbat eragilek eutsi zioten bideari. Guzti horiei esker, ezagutzan aurrerapauso handiak eman ditugu; orain, ezagutza horretan oinarrituta, erabilerari eta ikusgarritasunari eman nahi diogu bidea.
LUKUAk ekimena dakargu orrialde hauetara. Arabako Foru Aldundiak sustatutako proiektua da, eta ABRA (Asociación de Bodegas de Rioja Alavesa), Ardoaren Ibilbidea, Arabako Errioxako Kuadrilla eta Ahize-AEK elkarlanean ari dira haren garapenean.
Ekimenak Arabako Errioxako upategietan eta enoturismoan eragitea du helburu, euskararen ezarpena enpresa horien eguneroko jardunean txertatuz.
Ez da ekimen isolatua: mota honetako beste hainbat proiektu ere garatzen ari dira Euskal Autonomia Erkidegoan —Eusgara, Eskuara, Landue…—, eta LUKUAk bere oinarriak LANABES proiektuan ditu. Izan ere, LANABESen bidez euskararen erabilera areagotzea bilatzen dugu enpresamunduan.
BAINA, ZER DA LUKUAK?
Arabako Errioxako upategiei eta enoturismo-enpresei zuzendutako hizkuntza-diagnostiko eta aholkularitza zerbitzua da.
Aurretik, 2023an, hamar enpresarekin aritu ginen lanean, eta aurten, 2025ean, urtebeteko etenaldiaren ostean, berriro ekin diogu ekimenari.
ZEIN DA HELBURUA?
LUKUAk ekimenaren helburu nagusia hizkuntza normalizazioan urratsak ematea da. Baina, horrez gain, ardogintza eta enoturismoan ari direnen arteko aliantzak sendotu nahi ditugu.
Upategientzat euskarak balio erantsia izatea nahi dugu, lagungarri izan dadin merkatu berrietara heltzeko eta bezero berriak erakartzeko.
Proiektuaren bidez, sektore honetako enpresek euskarari ikusgarritasuna eman diezaioten bilatzen dugu, identitatearekin, kalitatearekin eta hurbiltasunarekin lotuz: “hemengoak gara, gauzak ondo egiten ditugu, eta gainera euskaraz”.
Horretarako, euskararen presentzia eta erabilera sustatuko ditugu ardogintzan eta enoturismoan, eta kanpainak eta ekintzak antolatuko ditugu.
Baina horretarako, ezinbestekoa da Arabako Errioxan euskaraz ari zareten guztion elkarlana.
ZER ESKAINTZEN DU LUKUAKEK?
Labur esanda, LUKUAk aholkularitza integrala eskaintzen du upategiek eta enoturismo-enpresek hizkuntzaren kudeaketa eraginkorra izan dezaten:
- Hizkuntza-diagnostikotik abiatuta, egoera zehatza ezagutzea.
- Itzulpen-zerbitzua eta hizkuntza irizpideen inguruko aholkularitza.
- Enpresei laguntza ematea urrats txiki baina sendoak egiteko, haien alboan egonaz.
Parte hartzen duten enpresei ez diegu eskatzen ezin dutena, baizik eta urrats txikiak baina sendoak ematea; LUKUAk bidaide izango duzue bide horretan.
Euskararen inguruan aukerez betetako mundu berri bat dagoela erakutsi nahi diegu: aliantza berriak sortzeko, hornitzaile euskaldunak ezagutzeko, praktikak euskaraz egiteko…
Asmoa da hori guztia pixkanaka ordenatzea eta Arabako Errioxako ardogintzako enpresek euskara beren egunerokoan integratzea.
GUZTION ARTEAN LANDU ETA JASO
Ekin diezaiogun: LUKUAk euskararen presentzia areagotzeko tresna izan dadila Arabako Errioxako enpresen eguneroko jardunean.
Zenbait urrats egin dira, eta egiten ari dira; orain, elkarrengandik ikasi eta komunitate sendoa sortzea da erronka, ardogintza eta enoturismoaren inguruan.
Euskara aintzat hartuko duen sektore bat eraiki dezagun, hizkuntzaren erabilera normalizatuz eta gure hizkuntzak diferentzia eta bereizgarri bihur gaitzan beste eskaintzen artean.
Landa dezagun guztion artean eta jaso dezagun guztion uzta: euskararena. Uzta anitz, aberats eta guztiontzat gustagarria izan dadila.
Sor dezagun komunitate eta ekosistema egokia, euskarak presentzia eta balio erantsia izan dezan Arabako Errioxako enpresa-munduan.
