Eduki publikatzailea

Iñaki Gurtubai
Arabako Foru Aldundia Euskararen Plan Estrategikoa hedatzen hasi da, 2026an 2 milioi euro ingururekin
2025-11-21

Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak bere departamentuaren 2026rako aurrekontu proiektua aurkeztu du Batzar Nagusietan, 35.105.000 eurokoa. Hurrengo ekitaldirako kontuek bi lehentasunetan jartzen dute arreta: Araban Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Estrategikoa 2025-2029 hedatzen hastea, eta Laudioko suhiltzaile-parke berria amaitzea, foru-zerbitzuko langileak indartzearekin batera.

 

"Bi konpromiso oso argi errealitate bihurtzen dituen aurrekontuaz ari gara: euskara gehiago eguneroko bizitzan eta segurtasun gehiago lurralde osoan, Laudioko parke berriari eta suhiltzaileen zerbitzuari esker", azpimarratu du Gurtubaik.

 

Euskara sustatzeko programak 1.972.000 euro izango ditu 2026an, hau da, aurreko urtean baino 400.000 euro gehiago. Baliabide horietako gehienak "Araban Euskararen Erabilera Sustatzeko 2025-2029 Plan Estrategikoa" abian jartzera bideratuta daude. Plan horretan lehentasuntzat jotzen dira gazteen artean euskararen erabilera areagotzea – batez ere kirolean, aisialdian eta sare sozialetan – eta euskararen presentzia esparru sozioekonomikoan eta lanekoan.

 

Beste ardatz garrantzitsu bat Arabako euskara hutsezko komunikabideei laguntzea da, 322.000 euro jasoko baitituzte, Araban Euskaraz, Arabako bertsolarien elkartea edo Euskaltzaindia bezalako erreferentziazko erakunde eta proiektuekin batera, lurralde osoan hizkuntza erabiltzearen aldeko gizarte-ingurunea sendotzeko.