Eduki publikatzailea

Arabako Enpresen Foroa 2025
Enpresetan hizkuntza irizpideak ezartzeko beharraz aritu dira Arabako Enpresen Foroan
2025-09-23

Jardunaldian, lan-egoera ezberdinetan hizkuntzen kudeaketa egokia egiteko estrategiak eta esperientzia praktikoak partekatu dituzte hainbat enpresak.

 

Gaur goizean Arabako Foru Aldundiak antolatu duen Arabako Enpresen Foroaren XIII. Edizioa burutu da Europa Biltzar Jauregian, Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin non hainbat enpresa eta eragile sozioekonomiko bildu diren lan munduan euskararen presentziaz ezagutza partekatzeko. Bai Euskarari Elkarteak eguneko zerbitzu teknikoa eskaini du.

 

Foroan bildu diren enpresa eta eragile sozioekonomikoek bereziki, hizkuntzen kudeaketak enpresetan duen garrantziaz hausnartu dute. Ekitaldia Lanabes programaren baitan kokatzen da, Araban euskara lanean sustatzeko 2020tik martxan dagoen ekimen estrategikoaren barruan.

 

Joseba Koldo Perez de Herediak, Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiaren  zuzendariak, eman die ongietorria parte-hartzaileei, eta ondoren, Txus Arrieta Euskararen Foru Zerbitzu buruak Lanabes egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu.

 

Txus Arrieta

 

Hizkuntza-egoera ezberdinak aztergai

Jardunaldiaren ardatz nagusia talde-lana izan da. Bertan, parte-hartzaileek egoera desberdinak aztertu dituzte, enpresan sor daitezkeen hizkuntza-egoerei aurre egiteko neurriak eta erantzun egokiak irudikatuz. Dinamika honen helburua enpresa bakoitzak bere hizkuntza-irizpideak zehazteko bidean laguntzea izan da.

 

Horren adibide praktiko gisa, Nerea Caballero EBA SL enpresako ordezkariak bere enpresan hizkuntza-irizpideak zehazteko prozesuan izandako esperientzia arrakastatsua partekatu du bertaratutakoekin.
 

Nerea Caballero

 

 

Hurrengo pausoak

Aurrera begira, etorkizuneko erronkak finkatzeko tartea ere izan da. Enpresek euskararen normalizazioan eman beharreko hurrengo pausoak identifikatu dituzte eta 2026rako lehentasunak zehaztu dituzte kolektiboki.

 

Jardunaldiaren amaieran, Make It Visual-ek saioaren laburpen grafikoa aurkeztu du. 

 

Era berean, praktikak euskaraz egiteko aukera eskaintzen duten enpresen mapa lantzen jarraitzen dutela gogorarazi da, datorren urteko otsaileko foroan emaitzak aurkezteko helburuarekin, eta hurrengo hitzorduetarako datak proposatu dira. 

 

Foroak agerian utzi du Arabako enpresek gero eta interes handiagoa dutela euskara kudeaketa-planetan txertatzeko eta hizkuntza-irizpide argiak ezartzeko, lan-giro euskaldunago eta eraginkorrago bat lortzeko bidean.

 

Arabako Enpresen Foroko saioaren laburpen grafikoa