Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak aurten ere arabarrek euskara ikas dezaten erraztuko dute - euskaraba
Eduki publikatzailea

Vitoria-Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, 2025-2026 ikasturtean Arabako hiriburuan euskara ikasteko programatutako eskaintza aurkeztu du. 820 plaza eskainiko dituzte gurasoei, 55 urtez gorakoei, atzerritarrei eta merkataritzako eta ostalaritzako langileei zuzendutako ikastaroetarako. Eskolak euskaltegiek emango dituzte gizarte-etxeetan, BIZAN sarean eta hiriko zenbait ikastetxetan. Ikasle berriak irailaren 8tik 17ra bitartean matrikulatu ahal izango dira Herritarrei Laguntzeko Bulegoetan. Aurreko ikasturtean gainditu zuten ikasleek izena emateko epea irailaren 7an amaituko da, igandea.
Ikasturte berrirako matrikulazio-kanpaina gaur goizean aurkeztu dute Izaskun Arrue Kulturgunean egindako prentsaurrekoan, `Euskara arnasgune bihurtu´ lelopean. Bertan izan dira Maria Nanclares Euskara zinegotzia, Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru-diputatua eta Rakel Larrazabal Udaberria euskaltegiko zuzendaria.
Nanclaresek azpimarratu duenez, “nabarmena da azken 40 urteotan Gasteizen euskararen ikaskuntzari dagokionez izan den bilakaera. Udalaren Euskara Zerbitzuak normalizazioaren alde egiten jarraitzen du, eta ikastaro hauek antolatzen ditugu euskara gure herritarren eguneroko bizitzara hurbiltzeko eta euskara ikastea erabakitzen duten pertsonek beren lekua izan dezaten”.
Udalaren eskaintza
Aurten, aurreko ekitaldietan eskainitako lau ikastaro-modalitateei eutsiko zaie:
- Gurasoentzako ikastaroak. Familia esparruaren baitako hizkuntzarekin lotutako alderdi praktikoak ikasiko dituzte eta, gainera, haien seme-alaben eskolako ikasketa indartu ahal izango dute. HABEk homologatutako 170 orduko ikastaroak izango dira eta gizarte-etxeetan eskainiko dira, pertsona bakoitzaren etxetik gertu. Gainera, kontziliazioa errazten duten ordutegiak izango dituzte. 156,60 eurokoa da ikasturte osoko matrikula arruntaren prezioa. Matrikula murriztua 124,20 eurokoa da ikasle berrientzat eta aurreko ikasturtean % 80ko asistentzia edo handiagoa izan zutenentzat. Langabetuen kasuan, gainera, % 15eko hobaria gehituko da.
- 55 urtetik gorakoentzako ikastaroak. Hizkuntza hutsetik ikasten hastea eta eguneroko bizitzan moldatu ahal izateko lehen ezagutzak barneratzea ahalbidetzen du programak. Hamahiru ikastarotik lau BIZAN sareko zentroetan eskainiko dira (zehatzago esanda, hauetan: Abetxuku, San Martin, Txagorritxu eta San Prudentzio). Ikastaroaren kostua 54,40 eurokoa izango da.
- Jatorri atzerritarra dutenentzako euskarazko ikastaroak (AISA). Ikasleek oinarrizko hiztegia ikasiko dute. Hiru talde eskainiko dira Landatxo gizarte-etxean eta Landazuri kiroldegian. Horren helburua da pertsona horiek, ikastaroa egin ostean, hasierako mailako (A1) taldeetan sartu ahal izatea. Matrikularen prezioa 10,10 eurokoa da hiruhileko bakoitzeko (60 ordu).
- Merkataritzan eta ostalaritzan lan egiten dutenentzako ikastaroak. Ahoz komunikatzen eta euren establezimendurako informazio idatzia prestatzen ikasiko dute, hala nola errotuluak, eskaintzak eta oharrak, beste batzuen artean. Hasierako maila eta haien eskolatze-prozesua euskaraz egin dutenentzako beste ikastaro bat eskainiko dira. Matrikula 50,10 eurokoa izango da (60 ordu/lauhilekoa). Gainera, gaur egun langabezia-egoeran egonez gero, % 15eko hobaria aplikatu ahal izango da.
Ikastaroak antolatzeaz gain, euskara ikastea sustatzeko laguntza ekonomikoak ere eskaintzen ditu Udalak. Aurten, helburu horretara bideratutako kontu-saila 150.000 eurokoa izango da eta 568 eskaera jaso dira.
Foru-laguntzak
Bestalde, Arabako Foru Aldundiak 100.000 euro bideratuko ditu helduei euskara ikasteko laguntzetara, HABEk Araban homologatutako euskaltegietako eta Trebiñuko enklabeko A2, B1, B2 eta C1 mailetan matrikularen prezioa murrizteko.
Zenbatekoak 135 eta 330 euro bitartekoak dira, moduluaren iraupenaren arabera (248 ordutik 600 ordu baino gehiagora), eta autoikaskuntzako moduluetarako laguntzak, gutxienez 190 ordukoak.
Dirulaguntza hauek jaso ahal izango dituzte Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko enklabean 2025eko urriaren 1a baino lehen erroldatutako adinez nagusiek. Eskabidea zuzenean izapidetuko da euskaltegian matrikula egiten den unean, eta euskaltegiak dagokion deskontua aplikatuko du.
"Aldundiak hizkuntza-normalizazioarekin duen konpromisoa irmoa da: gero eta arabar gehiagok euskaraz ikasteko eta bizitzeko aukera izatea nahi dugu. Laguntza horiek funtsezko tresna dira euskarak naturaltasunez arnasa hartzeko espazioak sortzen jarraitzeko ", azpimarratu du Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak.
