Sariak - Xehetasuna - euskaraba
Eduki publikatzailea

Joan den abenduaren 1ean, Laudion, hasi zen jardunaldi komarkalen zikloa, Euskara Estrategia Plana ezagutarazteko. Plan honek datozen urteetan euskararen erabilera eta presentzia indartzeko lehentasunak markatuko ditu. Atzo, topaketa Añanan egin zen, eta hurrengo hitzorduak urtarrila arte eskualde desberdinetan izango dira.
Jardunaldiak herritarrentzat irekiak dira eta helburua da planaren helburuak partekatzea, proposamenak entzutea eta erakundeen eta tokiko eragileen arteko lankidetza sendotzea. Saio bakoitzean kuadrilletako ordezkariak eta udal arduradunak izango dira, eta amaieran mokadu bat eskainiko da harremanak errazteko.
“Eskualde bakoitzera joatea, jendeari begietara begiratzea eta esaten digutena entzutea gobernatzeko modurik onena da”, adierazi du Iñaki Gurtubaik, eta azpimarratu du Plana “apustu bat dela euskara eguneroko bizitzan, administrazioan eta kalean presente egon dadin, gure identitatearen eta lurralde kohesioaren parte delako”.
Hurrengo jardunaldien egutegia:
Oion – Abenduak 10, 18:30ean, Bazterra aretoa
Kanpezu – Abenduak 15, 18:00etan, Kuadrillaren egoitza
Agurain – Abenduak 17, 19:00etan, Manu Yanke aretoa
Urkabustaiz – Abenduak 18, 18:30ean, Kultur etxeko antzokia
Amurrio – Urtarrila
Gasteiz – Urtarrila
Jardunaldi hauek aukera paregabea dira denon artean, euskarazko etorkizun handiagoa eraikitzeko Arabako lurraldean.

"Euskara ZUGAN, NIGAN, GUGAN" lelopean, onartutako adierazpen instituzionalak gure hizkuntzak egindako bide luzea gogorarazten du, debekuen aurrean duen erresistentzia eta belaunaldiz belaunaldi egokitzeko eta gaztetzeko duen gaitasuna.
Deskargatu adierazpena

Urteak dira Arabako Errioxan euskararen aldeko urratsak ematen hasi ginela. Lehen urrats haiek ikastolen mugimenduari eta helduen euskalduntzeari esker izan ziren, eta geroago beste hainbat eta hainbat eragilek eutsi zioten bideari. Guzti horiei esker, ezagutzan aurrerapauso handiak eman ditugu; orain, ezagutza horretan oinarrituta, erabilerari eta ikusgarritasunari eman nahi diogu bidea.
LUKUAk ekimena dakargu orrialde hauetara. Arabako Foru Aldundiak sustatutako proiektua da, eta ABRA (Asociación de Bodegas de Rioja Alavesa), Ardoaren Ibilbidea, Arabako Errioxako Kuadrilla eta Ahize-AEK elkarlanean ari dira haren garapenean.
Ekimenak Arabako Errioxako upategietan eta enoturismoan eragitea du helburu, euskararen ezarpena enpresa horien eguneroko jardunean txertatuz.
Ez da ekimen isolatua: mota honetako beste hainbat proiektu ere garatzen ari dira Euskal Autonomia Erkidegoan —Eusgara, Eskuara, Landue…—, eta LUKUAk bere oinarriak LANABES proiektuan ditu. Izan ere, LANABESen bidez euskararen erabilera areagotzea bilatzen dugu enpresamunduan.
BAINA, ZER DA LUKUAK?
Arabako Errioxako upategiei eta enoturismo-enpresei zuzendutako hizkuntza-diagnostiko eta aholkularitza zerbitzua da.
Aurretik, 2023an, hamar enpresarekin aritu ginen lanean, eta aurten, 2025ean, urtebeteko etenaldiaren ostean, berriro ekin diogu ekimenari.
ZEIN DA HELBURUA?
LUKUAk ekimenaren helburu nagusia hizkuntza normalizazioan urratsak ematea da. Baina, horrez gain, ardogintza eta enoturismoan ari direnen arteko aliantzak sendotu nahi ditugu.
Upategientzat euskarak balio erantsia izatea nahi dugu, lagungarri izan dadin merkatu berrietara heltzeko eta bezero berriak erakartzeko.
Proiektuaren bidez, sektore honetako enpresek euskarari ikusgarritasuna eman diezaioten bilatzen dugu, identitatearekin, kalitatearekin eta hurbiltasunarekin lotuz: “hemengoak gara, gauzak ondo egiten ditugu, eta gainera euskaraz”.
Horretarako, euskararen presentzia eta erabilera sustatuko ditugu ardogintzan eta enoturismoan, eta kanpainak eta ekintzak antolatuko ditugu.
Baina horretarako, ezinbestekoa da Arabako Errioxan euskaraz ari zareten guztion elkarlana.
ZER ESKAINTZEN DU LUKUAKEK?
Labur esanda, LUKUAk aholkularitza integrala eskaintzen du upategiek eta enoturismo-enpresek hizkuntzaren kudeaketa eraginkorra izan dezaten:
- Hizkuntza-diagnostikotik abiatuta, egoera zehatza ezagutzea.
- Itzulpen-zerbitzua eta hizkuntza irizpideen inguruko aholkularitza.
- Enpresei laguntza ematea urrats txiki baina sendoak egiteko, haien alboan egonaz.
Parte hartzen duten enpresei ez diegu eskatzen ezin dutena, baizik eta urrats txikiak baina sendoak ematea; LUKUAk bidaide izango duzue bide horretan.
Euskararen inguruan aukerez betetako mundu berri bat dagoela erakutsi nahi diegu: aliantza berriak sortzeko, hornitzaile euskaldunak ezagutzeko, praktikak euskaraz egiteko…
Asmoa da hori guztia pixkanaka ordenatzea eta Arabako Errioxako ardogintzako enpresek euskara beren egunerokoan integratzea.
GUZTION ARTEAN LANDU ETA JASO
Ekin diezaiogun: LUKUAk euskararen presentzia areagotzeko tresna izan dadila Arabako Errioxako enpresen eguneroko jardunean.
Zenbait urrats egin dira, eta egiten ari dira; orain, elkarrengandik ikasi eta komunitate sendoa sortzea da erronka, ardogintza eta enoturismoaren inguruan.
Euskara aintzat hartuko duen sektore bat eraiki dezagun, hizkuntzaren erabilera normalizatuz eta gure hizkuntzak diferentzia eta bereizgarri bihur gaitzan beste eskaintzen artean.
Landa dezagun guztion artean eta jaso dezagun guztion uzta: euskararena. Uzta anitz, aberats eta guztiontzat gustagarria izan dadila.
Sor dezagun komunitate eta ekosistema egokia, euskarak presentzia eta balio erantsia izan dezan Arabako Errioxako enpresa-munduan.
- Oinarrizko hizkuntza irizpideak eta hizkuntza politika orokorra zehazteko eta ezartzeko.
- Komunikazio digitalean hizkuntza irizpideak zehazteko eta aplikatzeko. Langile eta praktika ikasleen harreran hizkuntza irizpideak zehazteko eta txertatzeko.
- Langileek enpresarekin nahi duten hizkuntza berdintasuna bermatzeko.
- Ekitaldi eta batzar handien kudeaketa linguistikoari buruz hausnartzeko eta hauetan euskararen erabilera areagotzeko.
- Bezeroei eta herritarrei harrera euskaraz egiteko.
- Hizkuntza paisaia eta dokumentazioa euskaratzeko.
- Enpresaren behar linguistikoak eta langileen gaitasun mapa osatzeko, jarduerari buruzko hausnarketa eta langileen gaitasun-mapa, galdetegiak...
- Hizkuntza ohiturak aldatzeko: Ariguneak antolatu, Aldahitz, mintzatratuak...
- Euskararen aldeko jarrerak sustatzeko ekintzak antolatzeko.
- Bikain aurre-txostena prestatzeko.
- Hizkuntzen kudeaketa hobetzeko eta euskararen erabilera hobetzeko proiektuak deiseinatzeko eta aktibatzeko.
- Lan jarduna, zerbitzuak eta produktuak euskaratzeko.
- Euskarak negozioari eman diezaiokeen balioa identifikatzeko.
- Enpresak behar duenari erantzuteko.
- Praktiketako ikasleei praktikaldian euskara gehiago erabiltzeko aukera eskaintzeko.
Atal honetan, zure behar partikularrari erantzuten lagunduko dizuten aholkularitza- eta sustapen-baliabideak aurkituko dituzu.
Deskargatu zerbitzuen katalogoa

Tokikom Sariak banatu dituzte, 2025eko azaroaren 21ean, Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako campusean; aurtengoa, bederatzigarren edizioa izan da. Tokiko komukabideetan azken urtean ekoitzitzako azalik, edukirik eta ikus-entzunezkorik onenak saritu dituzte ekitaldian, epaimahaiaren aipamen bereziarekin komunikazio proiektu aipagarri bat nabarmentzeaz gain.
Halaber, adimen artifizialak tokiko kazetaritzara dakartzan aukeren eta erronken inguruko hausnarketa egin du RTVEko Urbano Garcia Alonsok.

Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak bere departamentuaren 2026rako aurrekontu proiektua aurkeztu du Batzar Nagusietan, 35.105.000 eurokoa. Hurrengo ekitaldirako kontuek bi lehentasunetan jartzen dute arreta: Araban Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Estrategikoa 2025-2029 hedatzen hastea, eta Laudioko suhiltzaile-parke berria amaitzea, foru-zerbitzuko langileak indartzearekin batera.
"Bi konpromiso oso argi errealitate bihurtzen dituen aurrekontuaz ari gara: euskara gehiago eguneroko bizitzan eta segurtasun gehiago lurralde osoan, Laudioko parke berriari eta suhiltzaileen zerbitzuari esker", azpimarratu du Gurtubaik.
Euskara sustatzeko programak 1.972.000 euro izango ditu 2026an, hau da, aurreko urtean baino 400.000 euro gehiago. Baliabide horietako gehienak "Araban Euskararen Erabilera Sustatzeko 2025-2029 Plan Estrategikoa" abian jartzera bideratuta daude. Plan horretan lehentasuntzat jotzen dira gazteen artean euskararen erabilera areagotzea – batez ere kirolean, aisialdian eta sare sozialetan – eta euskararen presentzia esparru sozioekonomikoan eta lanekoan.
Beste ardatz garrantzitsu bat Arabako euskara hutsezko komunikabideei laguntzea da, 322.000 euro jasoko baitituzte, Araban Euskaraz, Arabako bertsolarien elkartea edo Euskaltzaindia bezalako erreferentziazko erakunde eta proiektuekin batera, lurralde osoan hizkuntza erabiltzearen aldeko gizarte-ingurunea sendotzeko.

Arabako Foru Aldundiak eta Euskaltzaindiak egitasmo mamitsua aurkeztu dute gaur Gasteizen: Euskararen Biziberritzea Araban (EBA). Bertan, Araban euskara biziberritzeko XX. mendeko 60. eta 70. hamarkadetatik gaur egun arte egin den bidea aztertu nahi izan da. Zehatzago, hiru dira helburu orokor horren jomuga zehatzak: euskarak Araban egin duen bidearen historia sistematikoki bildu; jasotako informazioa sistematizatu eta artxibo bat osatu; xede hezitzaile zein aktibatzailearekin, informazioa gizartean eta, bereziki, belaunaldi berrietan zabaldu. Egitasmoa osatzeko lanak 2027ra arte luzatuko dira.
Agerpenean izan dira Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatua, Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko burua eta Iñaki Martínez de Luna Euskara Biziberritzea Araban egitasmoaren zuzendaria. Sagrario Alemanek eskerrak eman dizkio Arabako Foru Aldundiari, proiektua bideratzeko emandako laguntzagatik. Euskaltzain osoak pisuzko proiektua dela esan du prentsaurrekoan: «Biziberritze prozesuan aritu zirenen aitortza jasotzen du proiektu honek, biziki garrantzitsua dena. Egin denaren ezagutza dugu, eta orain ahalegin eta testigantza hori hurrengoei transmititzea da etorkizuneko zereginetako bat. Beste lurraldeetan ere egokia litzateke antzerako zerbait egitea».
Bere aldetik, Iñaki Gurtubaik 2024an Euskaltzaindiarekin sinatutako hitzarmena ekarri du gogora, hitzarmen horren eskutik abiatu baitzen EBA. Proiektuaren beraren nolakotasunak ere aitortu ditu agerpenean: «Egitasmo hau tresna estrategikoa izango da euskararen biziberritze prozesuan sakontzeko. Euskararen erabilerari eta transmisioari buruzko informazioa jasoko da eta gizartearen esku jarriko da. Ezagutza sortuko dugu, eta ezagutza hori baliagarria izango da bide-orri hobeak eraikitzeko».
Sei elkarrizketa Euskaltzaindiaren webgunean
Iñaki Martinez de Luna ohorezko euskaltzainak eman ditu azalpen teknikoak, bera baita EBA egitasmoaren zuzendaria. Honela, egitasmoaren helburu nagusiak gogoratzeaz gain, orain arte eginiko lanak errepasatu eta erabilitako informazio-iturriak aletu ditu: «Euskarak Araban izan duen biziberritze prozesuaren historia osatzeko, nagusiki, honako informazio-iturriak erabili dira: datu estatistikoak, prozesuaren lekuko edo protagonista izan direnei egindako elkarrizketak, dokumentazio bibliografikoa eta biziberritzeko ahaleginen adibidea diren askotariko euskarriak (emanaldien kartelak, gomutagarriak, ekimen jakinen fitxak eta antzekoak)... Eta 2024an, nagusiki, honako bi informazio-iturri landu dira: informazio estatistikoa, Iñaki Iurrebasok landua; eta prozesuaren parte edo lekuko izan direnei egindako sei elkarrizketa (lekukotzak)».
Hona hemen orain arte elkarrizketatutako lekukoen izen-abizenak: Maria Jesus Aranguren, Pili Aristizabal, Koldo Biguri, Pako Eizagirre, Kepa Enbeita, Rafa Etxegarai, Rikardo Gonzalez de Durana, Lurdes Lekuona, Kepa Mendia, Maite Mendiburu, Felix Razkin eta Blanca Urgell.
Ikusten denez, «Araban, Arabatik eta arabarrentzat» eginiko proiektua da, Martinez de Lunak behin baino gehiagotan azpimarratu duenez. Hurrengo urratsak ere gogoratu ditu Martinez de Lunak: «Egitasmoa gizarteratu nahi dugu, proiektuaren aurkezpenak eginez Arabako bi kuadrilletan; beste sei elkarrizketa ere egin nahi ditugu (bi berri Gasteizen eta beste 4 Arabako bi Kuadrilletan); EBAgunea elikatu eta osatuko dugu, eta kontakizuna zabaltzeko euskarri egokiak sortu eta dibulgazio formulak prestatu nahi ditugu».
Euskaltzaindiaren webgunean (Hizkuntza baliabideak = Sustapena = Euskararen Biziberritzea Araban) ikus daiteke orain arte eginiko guztia: https://labur.eus/bpssxwn2
Kuadrillak eta Udalak
Irabazi asmorik gabeko elkarteak

> Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua
> AFAn Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana (2018-2022). 63/2018 Foru Dekretua
> Euskararen Foru Araua 10/1998
> Euskararen Legea 10/1982
> Euskararen 1982 legea
> 1986/97 dekretua

Euskararen plan estrategikoak
> Arabako Foru Aldundia (2025-2029)
> Arabako Foru Aldundia (2019-2022)
> Arabako Foru Aldundia (2014-2017)
Euskara planak administrazioan
> Arabako Foru Aldundia
> Gasteizko Udala
Bestelako planak
> AROA marko estrategikoa
> Euskara sustatzeko ekintza plana (ESEP)
> Eta hemendik aurrera zer?










