Lazarraga sariak 2010 - euskaraba
Breadcrumb
IZ Lazarraga sariak 2010
Lazarraga sariak 2010
Lazarraga sariak 2010
Arabako merkataritza eta enpresaren arloan hizkuntza normalkuntzaren alde egindako lana errekonozitzea izan zen helburua.
Arabako Diputatu Nagusi Xabier Agirrek, Euskara, Kultura eta Kirol foru Diputatu Lorena López de Lacallek eta Ziurtagiriaren Elkartearen zuzendari Rober Gutiérrezek banatu zituzten Lazarraga Sariak Gasteizko Bibat museoan. Arabako merkataritza eta enpresaren arloan hizkuntza normalkuntzaren alde zenbait pertsonak eta entitatek egindako lana errekonozitzea izan zen Lazarraga Sarien helburua.
Bost irabazleen zerrendan honoko hauek daude:
- Gasteizko merkatari Kepa Mendiak saria jaso du euskararen aldeko ekarpen berezia egin duen enpresari edo merkatariaren multzoan
- Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa saritu dute barne harremanetan euskararen erabilera egokia egiteagatik
- Guardiako Launa Upategiak saria jaso du kanpoko harremanetan euskararen erabilera egokia egiteagatik
- Laudioko JEZ Sistemas Ferroviarios enpresa saritu dute euskara sustatzeko ekimen berezi edo eraginkorrak bultzatzeagatik
- Gasteizko Skunk Funk denda, hizkuntza paisaian euskararen erabilera egokia egiteagatik.
“Aitzindarien gaua”
Xabier Agirrek nabarmendu zuen hizkuntz normalkuntza bultzatzeko enpresari eta merkatariek duten rola, baina, gainera, jarrera horrek duen balio erantsiaz ohartarazi zuen:
Ohiturak nahiz hizkuntza harremanak aldatzeko gauza den enpresa batek berrikuntzaren erronkari aurre egiteko gaitasuna duela erakusten du aldi berean.
Lorena López de Lacallek, berriz, osteguneko ekitaldia aitzindarien gautzat hartu zuen. Horretarako, gogora ekarri zuen Joan Perez Lazarragaren ekarpena, euskararen aldeko prozesuetan diharduten enpresari eta merkatarien lana, Ziurtagiriaren Elkarteak aspalditik duen lan-ildoa edo Diputazioaren eta herri ekimenaren arteko uztartzea arlo sozio-ekonomikoan hizkuntza normalkuntzaren aldeko estrategiak pizterakoan.
“Euskarak etorkizuna behar du, gizarte erabilerarako aukerak ematea, eta horretan gabiltza gaur hemen bildu garen guztiok”.
Rober Gutiérrez-ek, azkenik, gogora ekarri zuen talde-lana, koordinazioa eta gizarte elkarteen, enpresa taldeen eta erakundeen arteko adostasuna funtsezkoak direla euskarari etorkizun oparoa eman nahi izanez gero:
Ziurtagiriaren Elkarteak eta Arabako Foru Aldundiak izan duten elkarlana eredugarria da. Gustatuko litzaiguke norabide berean aurrera egin ahal izatea lankidetzarako aukera berriak zabalduz erakunde eta elkarte mota guztien artean.
Ekitaldiaa Susana Soleto eta José Cruz Gurrutxaga aktoreek aurkeztu zuten. Lazarraga Sarien 15 finalistek Lazarragaren esku-izkribuaren kopia bana jaso zituzten eta 5 irabazleei arabar artista Anabel Quincocesek kasu honetarako propio egindako eskulturak eman zitzaizkien.