Berriak - euskaraba
IZ Berriak
Berriak
Eduki publikatzailea

Gazte Sortzaileak gazteen artean euskarazko sorkuntza sustatzeko beka deialdia da.
- Norentzat: 16 eta 35 urte bitarteko gazteak.
- Saria: 4.000 euro eta aholkularitza profesionala.
- Epea: 2025ko uztailaren 15a.
Helburua
Gasteizko Udaleko Euskara eta Gazteria zerbitzuek, Arabako Foru Aldundiaren Euskararen Foru Zerbitzuaren laguntzarekin –administrazio biek partekatzen duten helburua baita– Gazte Sortzaileak beka deialdia sortu du, euskarazko kulturgintza bultzatzeko asmoz. Beka horren helburuak dira:
- Gazteen artean euskarazko sorkuntza bultzatzea.
- Gasteizko euskarazko kultura programazioan, besteak beste, eragitea, gazteek gazteentzat sortutako jardueren bidez.
- Gazteek beren sormena garatzeko aukera-guneak izatea.
deialdiaren oinarriak


Arabako Foru Aldundiak berriz ere bat egingo du Euskaraldiarekin, euskararen erabilera sustatu eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozialarekin. Laugarren edizio hau 2025eko maiatzaren 15etik 25era ospatuko da, lehen aldiz udaberrian.
Euskaraldiaren helburu nagusiak dira herritarren hizkuntza portaeretan eragitea, euskaraz bizitzeko aukerak areagotzea eta entitateek hizkuntza-praktikak bideratuko dituzten neurriak hartzea. Ariketa kolektibo honen bidez, Arabako Foru Aldundiak ere bere ekarpena egin nahi du euskararen biziberritzearen aldeko mugimenduan.
Foru Aldundiak apirilaren 1ean Euskaraldian izena eman zuen eta ekimenarekin bat egiten duela jakinarazi zuen bere komunikazio kanaletan.
Horrez gain, parte-hartzea hainbat ekimenen bidez gauzatuko da:
- Apirilaren 15ean, Probintzia Plazan ekintza dinamikoak egingo dira: gune ibiltaria, argazki txokoa, izen-ematearen sustapena, eta Euskaraldiaren materialaren banaketa.
- Maiatzaren 15ean, Euskaraldiaren hasiera ospatzeko, eraikin instituzionalak apainduko dira eta ekimenaren presentzia kalean ere ikusgai egingo da.
Langileei eta herritarrei dei egingo zaie ahobizi edo belarriprest roletan parte hartzeko, eta horretarako baliabideak eskainiko dira.
Arabako Foru Aldunditik euskararen erabileran jauzi kolektiboa sustatu nahi dugu, guztion artean euskaraz bizitzeko aukerak ugarituz.

Gaur goizean, Europa Biltzar Jauregian, Arabako Enpresen Foroaren aurtengo lehen edizioa egin da, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean antolatuta. Bai Euskarari Elkarteak jardunaldiaren zerbitzu teknikoa eskaini du.
Foroan 40 bat enpresa eta eragile sozioekonomiko bildu dira lan munduan euskararen presentzia sustatzeko, hizkuntzen kudeaketaren inguruko praktika onak partekatzeko eta enpresa eta hezkuntza zentroetan praktikak euskaraz egiteko erronkak ezagutzeko.
Ekitaldia Lanabes programaren baitan kokatzen da, Araban euskara lanean sustatzeko 2020tik martxan dagoen ekimen estrategikoaren barruan.
Jardunaldiak hainbat hitzaldi eta dinamika parte-hartzaile izan ditu, besteak beste:
- LanHitz eta Gasteizko Merkataritzako diru-laguntzak: Hizkuntza Politika Sailak eta Gasteizko Udalak euskara sustatzeko dituzten laguntzen berri eman dute.
- Euskaraldia 2025: Taupa Mugimenduak aurtengo Euskaraldiaren xehetasunak eta parte hartze bideak azaldu ditu.
- Praktikak euskaraz: errealitatea eta erronkak: Enpresa eta hezkuntza zentroen esperientziak partekatu dira, Egibide, RPK, Laneki eta Oreka IT-ren eskutik.
- Talde dinamika: 'Eta nire enpresan zer?': Bertaratuek beren erakundeetan euskararen presentzia areagotzeko erronkak eta aurrerapausoak identifikatu dituzte.
Foroaren baitan, euskarazko praktiken mapa osatzeko prozesua ere abiatu da, Arabako enpresen inguruko informazio baliagarria bilduz.
Jardunaldian izandako parte-hartze aktiboak erakutsi du enpresek euskararen presentzia sendotzeko duten interesa, eta esperientzien trukeak eta proposamen berriek ekarpen aberatsa egin dute.
Arabako Enpresen Foroaren hurrengo edizioa 2025eko irailaren 23an egingo da, Europa Biltzar Jauregian.

Arabako Kirol Federazioen Elkarteak (AFDA) jakinarazi du entitateak Euskaraldiaren 4. edizioan parte hartzea erabaki duela eta Kirolean euskararen erabilera sustatzeko aktiboki parte hartzeko konpromisoa hartu duela. 2025eko maiatzaren 15etatik 25era ospatuko da Euskaraldia.
Halaber, parte hartzera animatzeko deia egin du.

Kanpezuko Mendialdea IPIn, ikastetxearen eta euskararen memoria kolektiboa biltzen ari dira transmisioa hauspotzeko, eta horrekin batera, euskararen bilakaera modu erakargarrian ezagutzera emateko. Belaunaldi berriei euskararen historia hurbila transmititzeko egitasmoa da. Sarri, belaunaldi batetik bestera ez da pasatzen egindako ahalegina.
Horretarako, talde eragile bat sortu zen, eta zenbait taldeen solasaldien bitartez informazioa bildu eta kudeatu da. Prozesu horren lehen emaitza bideo bat da, eta, bertan, garai bateko eta egungo familiak, ikasleak eta irakasleak dira protagonistak.

Begirale ikastaro trinkoa eskainiko dute Amaia zentroan, Gasteizen, 2025eko ekainean eta uztailean. Urtxintxa eskolaren eskutik izango da.
Egutegia: ekainaren 9tik uztailaren 14ra | 09:00-15:00
Iraupena: 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktiko
Prezioa: 470 €
Baldintzak: 18 urte beteta izatea praktikak egin baino lehen eta euskaraz aritzeko gaitasuna izatea
Lekua: Gasteiz, Amaia zentroa
Informazio gehiago: 944 320 445 | eskola@urtxintxaeskola.eus


Otsailaren 21ean, ama-hizkuntzaren nazioarteko egunaren karietara, Plazara, AEK, Uda Leku, Dindaia eta Ebete egituretako kideak Baionan elkartu dira “Famili’on egonaldi” ibiltariaren lehen edizioa aurkezteko.
Babesle diren instituzioetako ordezkariak ere bertan izan dira proiektu berritzaile honi sostengua erakusteko: Mathieu Berge Euroeskualdearen izenean, Joseba Erremundeguy Euskal Hirigune Elkargoaren izenean, Javi Arakama Nafarroako Gobernutik, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Johañe Etxebeste Euskal Kultur Erakundetik.
Familian momentu goxoak pasatuz, ikasten segitu
AEKk esperientzia handia du ikastaldi eta barnetegien antolaketan, eta Uda Lekuk animazio bilguneetan eskola oporren garaian. Aspalditik zuten buru txoko batean, egun batez biak uztartu eta familien egonaldi baten antolatzearen ideia. 2023 hastapenean, Plazara kolektibo sortu berriak iniziatiba hartu eta eragile horiek mahai inguruan bildu zituen, oporrak familian pasatu ahal izatea eta euskara ikasten segitzea uztartuko lituzkeen egonaldia sortzeko.
Nolakoa izanen da egonaldia? Goizean, helduak euskara klaseetan izanen diren bitartean, haurrak jolasten ibiliko dira. Arratsaldean, guraso-haur aktibitateak proposatuko dira eta arrats batzuetan, publiko zabalari irekitako animazioak. Helburu nagusia parte-hartzaileen euskara maila hobetzea da eta familien hizkuntza ohiturak aldatzea, baina baita Euskal Herriko xoko ezberdinak ezagutzea ere, euskararen eta euskal kulturaren bidez.
Aurten Ipar Euskal Herriko udaberriko oporrek bat egiten dute Hego Euskal Herriko Aste Santuko oporren bukaerarekin, Arabako San Prudentzio bestarekin eta maiatzaren 1eko zubiarekin. Ondorioz, edizio honetan Euskal Herri osoko familiek parte hartzen ahalko dute. Horregatik dugu, besteak beste, Akitania Berria – Euskadi eta Nafarroa batzen dituen Euroeskualdearen eta Euskal Hirigune Elkargoaren sostengua.
Ilusioz eraikitako egonaldia
12 hilabetetako prestakuntza izan du proiektuak eta bi formula ezberdin sortu ditugu:
- Aste bat barnetegian, 5 egun eta 4 gau Baigorri (Baxe Nafarroa) eta Lesaka (Nafarroa) artean, maila aitzinatua duten gurasoentzat (B1-B2).
- Aste bat ikastaldian, 5 egun eta gau bat pasatuz Arbona (Lapurdi) eta Orio (Gipuzkoa) artean, oinarrizko maila duten gurasoentzat (A2).
Parte-hartzaileak horrelako egonaldietarako prestatuak diren zentroetan errezibituko dituzte lan-talde profesionalek (Oronozia, Matxinbeltzenea, Arantzola, Txurruka). Gipzukoa eta Bizkaiako Ebete kooperatibak familiako hizkuntza ohituren inguruan dituzten jakintzak partekatuko ditu eta Nafarroa Garaiko Dindaia Fundazioak euskarazko aisialdian duen esperientzia ekarriko dio proiektuari.
Talde txikiak lehenetsi ditugunez, aste bakoitzean 20 familiak parte hartu ahalko dute, 3 eta 11 urte bitarteko haurrekin. Aste bakoitzaren prezioa 300€ eta 650€ artekoa da, formularen eta seme-alaba kopuruaren arabera. Prezio horretan sartzen dira: apairuak, garraioa, lo tokia, aktibitateak, klaseak, animazioak eta materiala.
Izena emateko epea irekia da martxoaren 15a arte (larunbata), idatz ezazu e-mail honetara: ikastaldi@aek.eus.
Hilabete hauetan, Famili’on egonaldia antolatzen duten 5 elkarteek elkar ezagutu dute, elkarrekin lan egiten ikasi dute eta etorkizuneko proiektu amankomunen inguruan amesten aritu dira. Lehen esperimentazio hau berritu eta indartu nahi lukete 2026an, Euskal Herri osoko familien arteko loturak (ber)eraikitzeko xedearekin. Bitartean, elkarte bakoitzak bere eguneroko lanetan segituko du euskarari etorkizun sendoa emateko.
| BAIGORRI > LESAKA Hobekuntza barnetegia, mantenu osoarekin (B1-B2 maila) |
||||||
|---|---|---|---|---|---|---|
| Apirilak 21 Baigorri |
Apirilak 22 Baigorri |
Apirilak 23 Baigorri |
Apirilak 24 Lesaka |
Apirilak 25 Lesaka |
||
|
GOIZA Aktibitateak familian, elkar ezagutzeko |
GOIZA Klaseak gurasoentzat, aktibitateak haurrentzat |
GOIZA Klaseak gurasoentzat, aktibitateak haurrentzat |
GOIZA Klaseak gurasoentzat, aktibitateak haurrentzat |
GOIZA Klaseak gurasoentzat, aktibitateak haurrentzat |
||
|
ARRATSALDEA Tailerrak Jokoak |
ARRATSALDEA Tailerrak Jokoak |
ARRATSALDEA Pista jokoa |
ARRATSALDEA Lesakara |
ARRATSALDEA Azken aktibitatea eta bilana |
||
|
ILUNTZEA Animazioak Gaua Baigorrin |
ILUNTZEA Libre Gaua Baigorrin |
ILUNTZEA Publikoari irekitako gaualdia (ipuin, antzerki, proiekzioa) Gaua Baigorrin |
ILUNTZEA Animazioak Gaua Lesakan |
ILUNTZEA Etxera |
||
| ARBONA > ORIO Ikastaldia, oinarrizko maila (B1-B2 maila) |
|||||
|---|---|---|---|---|---|
| Apirilak 28 Arbona |
Apirilak 29 Arbona |
Apirilak 30 Arbona |
Maiatzak 1 LIBRE |
Maiatzak 2 Orio |
Maiatzak 3 Orio |
|
GOIZA Aktibitateak familian, elkar ezagutzeko |
GOIZA Klaseak gurasoentzat, aktibitateak haurrentzat |
GOIZA Klaseak gurasoentzat, aktibitateak haurrentzat |
GOIZA Klaseak gurasoentzat, aktibitateak haurrentzat |
GOIZA Klaseak gurasoentzat, aktibitateak haurrentzat |
|
|
ARRATSALDEA Tailerrak Jokoak |
ARRATSALDEA Tailerrak Jokoak |
ARRATSALDEA Pista jokoa |
ARRATSALDEA Tolosara |
ARRATSALDEA Azken aktibitatea eta bilana |
|
|
ILUNTZEA Etxera (edo logela partekatuetan gaua pasatzeko aukera) |
ILUNTZEA Etxera (edo logela partekatuetan gaua pasatzeko aukera) |
ILUNTZEA Publikoari irekitako gaualdia (ipuin, antzerki, proiekzioa) |
ILUNTZEA Animazioak Gaua Orion |
ILUNTZEA Etxera |
|

ETEKIN Ekonomia Topaketen lehenengo edizioak izandako arrakastaren ondoren, 2025ean edizio berria antolatuko dugu ekonomiari eta finantzei buruzko hausnarketa eta harreman-sarea sustatzen jarraitzeko.
Aurten ere, ETEKIN zikloak hiru hiriburuak bisitatuko ditu: Donostia martxoaren 26an, Gasteiz ekainaren 18an eta Bilbo urriaren 22an (hiru kasuetan goizeko 9etatik 10:30ak arte). Saio bakoitzean, gaurkotasunezko gai desberdin bat jorratuko da sektoreko adituekin eta, ondoren, gosaria eskainiko da bertaratutako guztion artean iritzi trukaketa sustatzeko eta sare profesionalak indartzeko.
2. edizioko lehenbiziko saioa: Talentua erakartzeko gakoak
Urteko lehenengo topaketak Andres Arrizkorreta (CAF), Ane Insausti (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta Lander Beloki (Mondragon Unibertsitatea) bilduko ditu talentua erakartzeko gakoei buruz hitz egiteko. Hizlariek gaiaren inguruko hiru ikuspegi eta hiru esperientzia ezberdin partekatuko dituzte, indarrak norabide berean jartzeko asmoz. Saioa Donostiako Aquariumean izango da martxoaren 26an, goizeko 9etan, eta izena emateko epea zabalik dago.
Aurreko edizioko saioak ikusi
Ekonomia Ituna, lehiakortasunerako gakoa
Enpresen eraldaketarako giltzak, hazkunde tresnak (funtsak)
Trantsizio energetikoa, enpresentzako aukerak eta erronkak
ETEKIN Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuak, Bankoa ABANCAk, CaixaBankek, Kutxabankek, LABORAL Kutxak, Rural Kutxak eta Ekonomisten Euskal Elkargoak elkarlanean antolatutako finantza arloko hitzaldi zikloa da. Ekonomia topaketa hauen helburua da ekonomia eta finantzen munduko gaurkotasunezko gaiei buruzko hausnarketa sustatzea eta harremanetarako bilgune bat sortzea. Saioak euskaraz dira, baina aldibereko itzulpen zerbitzua erabiltzeko aukera egoten da.
Eduki publikatzailea
BAN Gure podcastak


