Sare sozialak

 

 Jarrai gaitzazu Twitter
 Facebook
 
Instagram 

IZ Berriak

Berriak

Eduki publikatzailea

2026-02-26
Arabako enpresek kanpo-komunikazioan euskara sustatzeko gakoak aztertu dituzte 'Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean' ekimenaren 2026ko lehen saioan
Arabako enpresek kanpo-komunikazioan euskara sustatzeko gakoak aztertu dituzte 'Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean' ekimenaren 2026ko lehen saioan

Gaur goizean ospatu da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean ekimenaren 2026ko lehen lan-saioa, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean antolatuta. Arabako alor sozioekonomikoan euskara sustatzea helburu duen egitasmoak aurrera darrai aurten ere, lurraldeko enpresak eta erakundeak batuz hizkuntza-kudeaketan aurrerapausoak emateko eta beraien artean esperientziak partekatzeko.
 

2026ko lehen foro honek Kanpo Komunikazioa izan du ardatz nagusi gisa, eta enpresek bezeroekin zein gizartearekin duten harremanean euskarak duen balio estrategikoa aztertu dute.

 

Joseba Perez de Heredia

 

Esperientzia praktikoak eta autoebaluazioa

Goizeko 09:15ean hasi da topaketa harrera eta sareak sortzeko gosari batekin. Sarreraren ondoren, Puntu EUS Fundazioak hartu du hitza, erakundeen webguneak euskaraz izateak dakarren garrantzia eta eskaintzen dituen aukera digitalak azaltzeko. .EUS domeinua eta euskara Interneten erabiltzeko zalantzak uxatzeko deia egin du. Horrez gain, fundazioak dituen hainbat zerbitzu aurkeztu ditu, tartean Gandik.eus ekimen berritzailea: merkatariak eta ikasleak harremanetan jartzen ditu webguneak sortzeko.

 

Jarraian, bertaratutako enpresek dinamika praktiko batean parte hartu dute: beren kanpo-komunikazioaren autoebaluazioa egin dute, gaur egungo egoera neurtu eta hobekuntza-eremuak identifikatzeko asmoz. Kanpo-komunikazioa elebitan egiten dute enpresa gehienek, nahiz eta arloaren arabera zenbaitetan gaztelania hutsean ere egin behar izaten duten. Enpresetako zuzendaritzaren aliantza beharrezkoa dela nabarmendu dute, baita, bestetik, administrazioaren lizitazioetan hizkuntzen kudeaketa egokia egitea ere.
 

 

Saioak, gainera, eredu errealak ezagutzeko aukera eman du; izan ere, Konfekoop-ek bere esperientzia propioa azaldu du, enpresen kanpo-komunikazioan euskara txertatzeko praktika egokien adibide gisa.
 


Topaketa amaitzeko, eta azken balorazioa egin aurretik, euskarazko lan-praktiken maparen azalpena eman zaie parte-hartzaileei, hizkuntza lan-ingurunean modu eraginkorrean integratzeko baliabideak eskainiz. Ikusi praktiken mapa

 

 

Erreferentziazko gunea Arabako enpresentzat

2020an Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean sortu zuten Enpresen Foroa-Araban

 

Euskara Lanean. Harrezkero, Araban kokatuta dauden eta hizkuntza-kudeaketarekin konpromisoa edo erantzukizuna duten enpresentzako topagune bihurtu da.

Deskargatu jardunaldiko aurkezpen

Gaurkoa urtean zehar Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo diren hiru hitzordu nagusietako lehena izan da. Maiatzaren 20an izango da hurrengo saioa eta bertan enpresen Barne Komunikazioa izango da ardatz.


 

Ikusi gehiago
2026-02-18
2026ko kudeaketa planari begira jarri da Arabako Euskara Batzordea
2026ko kudeaketa planari begira jarri da Arabako Euskara Batzordea

Arabako Euskara Batzordeak urteko lehen bilera egin du otsailaren 3an, Izaskun Arrue Kurturgunean. 

 

Batzarrari hasiera emateko taldekideen artean ariketa bat egin da; hiruki ekilatero bat osatu behar izan da, bakoitzak buruan zituen bi pertsonarekin. Elkarreraginaz hausnartzeko balio izan du.

 

Ondoren, Joseba Perez de Heredia, Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendariak, Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Estrategikoaren xedeak eta arlo nagusiak zenbateraino gauzatu diren azaldu du. 

 

Bestalde, 2026ko kudeaketa planaren nondik norakoak ere eman ditu eta euskararen erabilera sustatzeko jardueretan inbertitzeko asmoa erakutsi du. AEZra datozen ekimenei bultzada bat emango zaie, beti ere proposamenak kulturarekin, aisiarekin…lotuta dauden bitartean. 

 

2026 urteari begira jarriz, hasitako bidearekin jarraitzea erabaki da. Iaz etorri berrien harrera linguistikoari buruzko lan saio monografikoa egin zen. “Babesguneak eta gazte erreferenteak” izango ditu hizpide aurtengo saioak. 


 

Ikusi gehiago
2026-02-13
Algara Dantza Taldeak amaiera emango die bere 25. urteurrenaren ospakizunei otsailaren 21ean Gasteizen
Algara Dantza Taldeak amaiera emango die bere 25. urteurrenaren ospakizunei otsailaren 21ean Gasteizen

Bere 25. urteurrena ospatzeko urtebetez ekintzak antolatu ostean, Algara Dantza Taldeak amaiera bikaina emango die ospakizunei Vitoria-Gasteizen. Dantzarien taldeak ‘Eta oraindik badugu zer dantzatu’ ekitaldia antolatu du Mendizorrotzako kiroldegian otsailaren 21ean, 20:00etan

 

Musikaz eta dantzaz beteriko jaia izango da, eta Algarako kide guztiek hartuko dute parte, 150 lagun inguruk, tartean musikariak eta dantzariak. Halaber, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Xabi Aburruzaga trikitilari eta konpositorea, eta Joselu Anayaken laguntza izango dute. 

 

Euskal dantzak eta dantza garaikidea trikitixa, txistu, gaita edo albokaren doinuekin bateratzen dituen Algararen estilo berezia islatuko du hitzorduak, baina Euskal Herria ere zeharkatuko du, Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako dantza, musika eta janzkera tradizionalak erakutsiz. “Proiektu hau oso polita izan da, baina oso neketsua ere bai. Azkenean, egunero ari gara gauzak egiten, kriston proiektua da eta jende pila bat parte hartuko du. Ez dut esango Gasteiz egon den proiekturik handiena denik, baina bai hunkigarriena”, adierazi du Iñigo Manuelek, Algara Dantza Taldearen presidenteak.

 

Hitzordu horretarako 250 gonbidapen banatuko dira Udalaren Antzoki Sareko leihatilan (Turismo Bulegoa, Plaza Berria, 1). Gaur arratsaldetik aurrera egongo dira eskuragarri 16:00etatik 18:00etara, asteartetik ostiralera, eta larunbatetan 11:30etik 13:30era.

 

Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak Algara zoriondu du urteurrenagatik, eta urte hauetan egindako lana eskertu du: “Algarak ekitaldi handi honekin, Mendizorrotzako jai honekin, urtebetez egin dituen ospakizunei amaiera emango die. Izan ere, haren ibilbideak eta ondareak ez dute gutxiago merezi. Dantzari horiek harro erakusten dute euskal kultura joan izan diren toki guztietan, eta preskriptore bikainak dira, eta lurraldearen kasuan harro egoteko moduko taldea da”.

 

Bestalde, Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatuak euskal nortasunaren transmisore gisa taldeak betetzen duen rola nabarmendu du: “Algara kultura bizia da. Eta, gainera, erreferentea da euskalgintzan, dantza ez baita emanaldi hutsa, identitatea, transmisioa eta etorkizuna ere bada eta. Urte hauetan guztietan, belaunaldi askori helarazi dizkiezue gure tradizioak eta euskararen arnasa, bai Euskal Herrian, bai kanpoan, eta hurbiltasunez eta kalitatez”, adierazi du Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatuak.

 

Ekitaldi honek Vital Fundazioaren, Laboral Kutxaren eta EITBren babesa ere badu.

 

 


25 urte euskal tradizioaren defendatzaile gisa

Algara Dantza Taldea 2000. urteko apirilaren 13an jaio zen Gasteizen, mundu osoan musika, kultura eta euskal dantzak erakutsi nahi zituzten 15 lagunek bultzatuta. 

 

Gaur egun, taldearen estiloaren ezaugarri nagusia koreografia garaikideak eta euskal dantzak eta instrumentu tradizionalak uztartzen dituela da. Era berean, bertatik ehunka pertsona igaro dira urteetan zehar eta gaur egun 120 dantzari eta 10 musikari inguruk osatzen dute. Taldea Gasteizen kokatuta dagoen arren, Euskal Herri osoan zehar dantzatzen dute eta Hungariara, Turkiara eta Ingalaterrara ere iritsi dira

 

2025ean, mende laurdena bete zuten eta ospatzeko hainbat ekimen bultzatu dituzte: hainbat ikuskizun, egutegi bat, bideo bat, dantzari txikienentzako euskal jaiak, ‘Algara munduan’ (okasio horretarako sortutako oroimenezko jantziak -elastikoa, kirol-jertsea eta elastiko teknikoa- mundu osoan zehar soinean eramatea du oinarri). 

 

Otsail honetan, ospakizunez betetako urteari amaiera emango diote etorkizunari begiratuz; izan ere, amaierako ekitaldi horretarako aukeratu duten izenburuak dioen moduan, "oraindik badugu zer dantzatu".

Ikusi gehiago
2026-02-05
Aisiberri Topaketaren aurkezpena
Aisiberri Topaketa antolatu dute Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak, UEUrekin batera

Topaketaren helburua da aisialdi antolatuan lanean ari diren Gasteiz eta Arabako eragileak biltzea eta saretzea, euskararen ikuspegitik Gasteizen eta Araban eman behar den jauziaz gogoeta egitea, eta, horretarako, beharrak, erronkak, estrategiak, baliabideak …  partekatzea.

 

Topaketak bost saio izango ditu eta azaroaren 6an izan zen lehena. Gaurkoa laugarren saioa izango da. Hemen duzue esteka, ea zuen interesekoa den ikusteko: Aisiberri

 

Gaurko saioaren izenburua:  "Aisialdia, euskarazko bizipen aberasgarrien iturri: euskararekiko sentsibilizazioa, harremanak, emozioak..."

 

Gaurko aurkezpenak:

 

Ikusi gehiago
2026-02-05
Eskuara zerbitzua
Zazpi enpresa eta ikastetxe berrik euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu dute, eta Eskuara Zerbitzua baliatuko dute horretarako

Arabako beste zazpi enpresa handi eta estrategikok Eskuara proiektuarekin bat egin dute, eta era honetan jarraipena emango diote euren erakundeetan euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko. Honako enpresa hauek batu dira Eskuara komunitatera: euskararen kudeaketan erreferente diren Oreka IT eta RPK, Lanbide Heziketako ikastetxe diren Zaraobe eta Eraiken, industrialak diren Amets SL eta Mekatxabir, eta Artomaña txakolina ekoizpena. Era honetan, gaur gaurkoz 30etik gora enpresek eta Lanbide Heziketako zentrok jasotzen dute aholkularitza zerbitzua Eskuara proiektuaren bidez.

 

Gaur goizean egin dute aitortza ekitaldia Arabako Merkataritza Ganberak Gasteizen duen egoitzan, eta bertan batu dira enpresa horietako ordezkariez gain, lehendik ere kide direnetako kideak. 2025ean egindako lanen berri eman dute bertan, eta 2026rako dituzten asmoen berri ere bai. Ekitaldia topa eginez amaitu dute, hain justu, proiektuaren kide egin den Artomaña txakolinarekin, eta Euskara Lukuak egitasmoan parte hartzen duten Arabako Errioxako upategietako ardoarekin.

 

Ekitaldian parte hartu dute Eskuara proiektua sustatzen duten erakunde publikoetako arduradunak: Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapen eta Berrikuntza saileko diputatu Saray Zarate eta Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzi Maria Nanclares. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasoro ezin izan da bertaratu.

 

Saray Zarate Ekonomia Garapen eta Berrikuntza diputatuak, bere aldetik, euskarak enpresei eskaintzen dien balioa nabarmendu du, eta gehitu “balio hori modu praktikoan txertatzeko aukerak” daudela: “Eskuara horretarako tresna da, eta aldi berean komunitate bat, sare bat eta norabide partekatu bat. Euskararen erabilerak, garapen ekonomikoa eta lurraldearen kohesioa uztartzen ditu”. Eskerrak eman dizkie zerbitzuarekin bat egin duten enpresei, euren lanari esker Araba “erreferente” delako lan munduan euskara txertatzeko eredu propioa garatuz.

 

Maria Nanclares Euskara zinegotziak ere hartu du hitza, eta proiektuak zabaldutako aukera berriak nabarmendu ditu: “Euskararen erabilera areagotzeko aukera berri bat zabaldu zaigu, eta hortaz, Eskuararekin bat egin duten enpresei ongi-etorria eman nahiko genieke”.

 

Enpresen aurrerapausoak

Eskuara proiektua 2023 urtean sortu zen, eta bere helburua argia da: Arabako enpresa handi eta estrategikoetan euskararen erabilera sustatzea. Proiektuan parte hartzen duten enpresek euskararen presentzia areagotzeko Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzaren laguntza jasotzen dute. Lanbide Heziketako zortzi zentro ere badira Eskuara proiektuko kide (bik gaurko ekitaldian egin dute bat), eta era horretan, ikasleek lan-munduarekin duten lehen harremana euskaraz egiteko urratsak ematen ari dira horiek guztiak.

 

Zerbitzua enpresa bakoitzaren beharretara egokitzen da, eta Gasteizen egindako ekitaldian gogora ekarri dute 2025ean enpresek egindako aurrerapausoak.
 

Diagnostiko sinple baten bidez, enpresa bakoitzak bere aukerak eta beharrak identifikatu ditu. Enpresa askok hizkuntza politika propioa definitu dute, eguneroko lanean txertatzeko.
 

  • Euskararen mapak egin eta Euskaraldian parte hartu dute.
  • Bai Euskarari eta Bikain ziurtagirietarako prestaketa abiatu da.
  • Praktikaldiak eta langile berrien harrera euskaraz lantzen hasi dira.
  • Webguneak, sare sozialak eta bezeroentzako materialak euskaratu dira.
  • Euskararen Eguna, Euskara Tratuak eta antzeko ekimenak zabaldu dira.
  • Barne-komunikazioa, kartelak eta lan-ingurunea euskalduntzen ari dira.

 

Eskuara zerbitzuarekin lanean aritu diren bi erakundek euren esperientziaren berri eman dute, eta jasotako aholkularitzaren garrantzia nabarmendu. Egibide ikastetxeak, esaterako, enpresa praktikak euskaraz egiteko pausuak eman ditu, eta neurri horren beharra azpimarratu du Gorka Martinek: “Gu euskara normalizaziorako arduradunak gara, hortaz, euskararen erabilera eta normalizazioa daukagu helburu. Ikasketak egin bitartean, badago nolabaiteko euskararen presentzia, baina lan mundura salto egitean, haustura ematen da sarri. Hori hasieratik ikasi eta ikusi behar dute ikasleek, lana ere euskaraz egin daitekeela, lana badela haientzat gehigarria, balio erantsia eta bereizgarria. Azken batean, ikastetxetik kanpo ere euskaraz lan eta bizi daitekeela”.

 

Asafes elkarteak, bestetik, hizkuntzen inguruko diagnostikoa egin dute, eta Edurne Ruiz de Agirre eta Mikel Knörrek esan dutenez, beharrezkoa izan da hori ondoren hartuko dituzten neurriak zehazteko: “Beharrezkotzat jo dugu langileen, erabiltzaileen eta familien hizkuntza-ezagutzari buruz galdetzea, askotan usteak eta errealitateak ez datozelako bat. Diagnostiko horretatik abiatuta, euskararen erabilera sustatzeko plan bat martxan jartzea ahalbidetzen du, errealitatera egokitua, neurrira egina eta eragile guztiekin adostua”.

 

Eskuara proiektuko aholkulariek behin eta berriro nabarmendu dute enpresen beharretara egokitutako zerbitzua eskaintzen dutela, bakoitzak bere erritmoak dituelako. 2026an ere ildo horretan jarraituko dute, eta komunitateko kideek bost ardatz nagusitan lan egiteko aukera eskainiko zaie.
 

  1. Hizkuntza paisaia: bai ingurune fisikoan (tailerrak, bulegoak, ekitaldiak), bai ingurune digitalean (webguneak, sare sozialak…).
  2. Langileen eta enpresaren arteko harremana: barne-komunikazioa, harrera-planak, bilerak eta eguneroko harremanak.
  3. Ikasleen praktikaldia: pausoz pauso euskalduntzea, dokumentazioa, lankideekiko harremana eta instruktoreen rola indartuz.
  4. Euskara erabili nahi dutenen ahalduntzea: segurtasuna eta erraztasunak ematea.
  5. Bezeroarekiko arreta: euskarazko zerbitzua sendotzea, bereziki herrian bezeroak dituzten enpresetan.

 

Bestalde, martxoan abiatuko da 24. Korrika, eta Eskuarako aholkulariak gonbidapena luzatu die komunitateko enpresei euskararen aldeko lasterketaren harira lanketa egiteko euren lantokietan.

Ikusi gehiago
2026-02-04
Ahize-AEK-ko aholkularia:
Ahize-AEK-ko aholkularia: "Euskarak izan behar du enoturismoaren hizkuntza egituratzailea"

Arabako Errioxako funtsezko sektore batean euskararen presentzia eta erabilera indartzeko asmoarekin sortu da Lukuak proiektua: upategiak eta enoturismoa. Ardoa nortasuna, ekonomia eta kanporako erakusleihoa den eskualde batean, hizkuntzak ere funtsezko eginkizuna du kohesio eta balio erantsiko elementu gisa. Asier Amondo, Ahize AEK-ko aholkulariak, proiektuaren laguntza teknikoa eskaintzen duen erakundeak, Lukuak-en gakoak aletzen ditu.

 

Zertan datza zehazki Lukuak proiektua?

Lukuak proiektuak Arabako Errioxako Guardia-Kuadrillan, bertako upategietan eta enoturismo-enpresetan eragin nahi du, hizkuntza-kudeaketa eguneratzeko eta euskararen erabilera areagotzeko. Ekimen honen abiapuntua Arabako Foru Aldundiak azken urteotan Lanabes ekimenarekin eta, batez ere, Lukuak izeneko euskara-proiektuan egindako lana da. Proiektu hori Foru Aldundiak, Abra eta Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidea elkarteek bultzatu zuten, eta Ahize-AEKren laguntza teknikoarekin euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko prozesuari ekin zion.

 

Zein da LUKUAKen helburu nagusia upategietan eta enoturismoan euskararen normalizazioari dagokionez?

Proiektuak bi helburu estrategiko nagusi ditu. Batetik, aholkularitza integrala eskaintzea upeltegiei, hizkuntza-kudeaketa eraginkorra eta haien errealitatera egokitua bermatzeko. Laguntza horren barruan sartzen dira hizkuntza-diagnostikoak egitea, hizkuntza-irizpideak zehaztea eta euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko neurriak aplikatzea. Bestalde, ekimenak Lukuakerako komunikazio-plan espezifiko bat diseinatu eta ezartzea aurreikusten du, Abrarekin eta Ardoaren Ibilbidearekin batera garatuko dena.

 

Upeltegiren batek abian jarri al du proiektu hau?

Hainbat upategik webguneak berritzeko prozesua hasi dute, eta orri horretako edukiak itzuli dizkiete, diseinu digitalean errazago inplementatzeko. Beste kasu batzuetan, gaztelaniaz bakarrik zegoen dokumentazioa euskarara itzuli da. Zenbait hizkuntza-irizpide hartzea proposatu zaie. Irizpide horiek ez dira zurrunak; aitzitik, sortzen edo ematen diren baliabideen eta euskarrien arabera egokitu daitezke. Erakunde bakoitzaren behar espezifikoetara egokitutako zerbitzua da, irismen mugatua duena, baina etorkizunari begira hizkuntza-erabilera orientatuko duten jarraibideak markatzen lagundu behar duena.

 

Zer onura ekarriko dizkie proiektuak enpresei eta lurraldeari?

Sektoreko enpresei merkatu-hobi bat ireki dakieke: bezero euskaldun bat, bere hizkuntza mahastizaintza eta ardogintzaren sektorean eta enoturismoan islatuko duena. Eta enpresentzat, euskararen erabilerak lurraldea egituratzeko elementu gisa jokatzen du. Euskara Arabako Errioxako sektore sozioekonomikoan egotea.

 

Antzeman al duzue eraginik bezeroengan, bisitariengan edo enpresa-kulturan bertan?

Oraindik goiz da ondorioak ateratzeko: proiektua hasierako fasean dago. Hala eta guztiz ere, hasieratik dago asmo argi bat hori komunikazio-mailan ikusarazteko. Helburua ez da eskatzea, eskaintzea baizik. Ardoaren eta enoturismoaren sektoreko enpresei ikusaraztea proiektu hau laguntzeko, balioa emateko eta aurrera egiten laguntzeko sortu dela. Enpresa batzuek gauza jakin batzuk eginak dituzte, baina zaila egiten zaie horiek erakustea, eta, hain zuzen ere, esperientzia horiek eredu izan daitezke oraindik pauso horiek eman ez dituzten beste batzuentzat. Arabako Errioxako enpresetan ekosistema bat sortu nahi dugu, non euskara hizkuntza egituratzailea izango den eta lankidetzak pixkanaka eskualdeko sektore soziometrikoan hizkuntza ezartzen lagunduko digun.

 

Zer mezu helarazi nahi diezue Lukuak-en parte hartzen duten upeltegietara hurbiltzen diren bisitari eta bezeroei?

Arabako Errioxara upategietara edo enoturismoko beste enpresa batzuetara bidaiatzen dutenean, lehenengo hitza euskaraz egin dezatela: ez badakite, esango digute. Baldin badakite, eskertuko digute. Eta guk, erabiltzaile gisa, sorpresa bat baino gehiago hartuko dugu, denak atseginak.

Ikusi gehiago
2025-12-17
Lukuak
Lukuak: euskararen kontsumoa Arabako Errioxan

Parte-hartzaile batzuek beren ikuspegia zabaldu eta egiten ari diren aurrerapenei buruz hausnartzen dute.

 

Ikusi erreportajea (PDF)
Ikusi gehiago
2025-12-11
Arabak Euskara Estrategia Plana aktibatu du eskualde guztietan egingo diren topaketekin
Arabak Euskara Estrategia Plana aktibatu du eskualde guztietan egingo diren topaketekin

Joan den abenduaren 1ean, Laudion, hasi zen jardunaldi komarkalen zikloa, Euskara Estrategia Plana ezagutarazteko. Plan honek datozen urteetan euskararen erabilera eta presentzia indartzeko lehentasunak markatuko ditu. Atzo, topaketa Añanan egin zen, eta hurrengo hitzorduak urtarrila arte eskualde desberdinetan izango dira.

 

Jardunaldiak herritarrentzat irekiak dira eta helburua da planaren helburuak partekatzea, proposamenak entzutea eta erakundeen eta tokiko eragileen arteko lankidetza sendotzea. Saio bakoitzean kuadrilletako ordezkariak eta udal arduradunak izango dira, eta amaieran mokadu bat eskainiko da harremanak errazteko.

 

“Eskualde bakoitzera joatea, jendeari begietara begiratzea eta esaten digutena entzutea gobernatzeko modurik onena da”, adierazi du Iñaki Gurtubaik, eta azpimarratu du Plana “apustu bat dela euskara eguneroko bizitzan, administrazioan eta kalean presente egon dadin, gure identitatearen eta lurralde kohesioaren parte delako”.

 

Hurrengo jardunaldien egutegia:

Oion – Abenduak 10, 18:30ean, Bazterra aretoa
Kanpezu – Abenduak 15, 18:00etan, Kuadrillaren egoitza
Agurain – Abenduak 17, 19:00etan, Manu Yanke aretoa
Urkabustaiz – Abenduak 18, 18:30ean, Kultur etxeko antzokia
Amurrio – Urtarrila
Gasteiz – Urtarrila

 

Jardunaldi hauek aukera paregabea dira denon artean, euskarazko etorkizun handiagoa eraikitzeko Arabako lurraldean.

Ikusi gehiago

Eduki publikatzailea

BAN Gure podcastak