Sare sozialak

 


  
 Jarrai gaitzazu 
   

IZ Berriak

Berriak

Eduki publikatzailea

2024-02-16
Itziar Rekalde
Itziar Rekalde: “Kontalaritza ofizio bat da egitura eta arau propioak dituelako eta horretan trebatu beharra dagoelako”

Kontalaritzan aritzen direnak batzen dituen Arabazan elkartea 2021ean sortu zen, ofizio hori duintzeko eta bere lekua emateko helburuarekin. “30 urte baino gehiago daramatzat kontalaritzan eta ikusten dut kontalari berriek zerotik hasi behar dutela gaur egun ere. Hori ekiditeko elkartea sortzea erabaki genuen”, diozku elkarteko kide Itziar Rekaldek.

 

Are gehiago, Rekaldek honako azpimarratu du: “Badago uste bat kontalaritzen aritzea erraza dela, nahiz eta ez den horrela, uste baino zailagoa da. Kontalaritza ofizio bat da, egitura eta arau propioak dituelako eta horretan trebatu beharra dagoelako”.

 

Horregatik, Araban kontalaritzan aritzen diren hainbat pertsonek behar hori aldarrikatzeko elkartea sortzearen beharra ikusi zuten; eta, era berean, kontalariak eurak gehiago trebatu eta publikoari zein programatzaileei mezu hori helarazteko.

 

Jomugan eskola baten sortzea izanik, lehenik Kimua izeneko lehen ikastaro trinkoa antolatu dute, Garaion Sorgingunea-n egiten dutela. Larunbat honetan, otsailak 17, bigarren saioa egingo dute, 10.30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara bitartean. Itziar Rekaldek gidatuko du eta landuko dituzte, besteak beste, kode narratiboak, testuingurua eta erregistroak. Interesa duenak arabazanarabazan@gmail.com e-posta helbidera idatzi beharko du.

 

Igandean, Charo Pita-ren kontakizuna eta solasaldia

Bestalde, ikastaro trinkotik kanpo, biharamunean, otsailaren 18an, Charo Pita kontalaria izango da gune berean, Garaion Sorgingunean. 13:00etan kontaketa egingo du; eta 16:30ean kontaketari buruzko solasaldia gidatuko du. Sarrera librea da, edozeinendako.

 

Charo Pita Galiziako kontalari eskarmentuduna da eta Tolosan antolatutako Ahoz Aho jaialdiaren bitartez etorriko da Euskal Herria.

 

Entzun hemen Arabazan elkarteko Itziar Rekalderi egindako elkarrizketa osoa:

 

 

Ikusi gehiago
2024-02-01
Ane Elordi Korrikaren koordanatzailea
Ane Elordi: “Aurten Korrikak Arabar Errioxa eta mendialdea, biak, ukituko ditu"

Korrika-ko koordinatzaile Ane Elordi elkarrizketatu dugu, eta ekimen herrikoi erraldoi honen inguruko azalpen ugari eman dizkigu.

 

Korrika da, zalantzarik gabe, euskararen alde egiten den ekimen jendetsuenetakoa eta ilusio gehien pizten duen horietakoa. Hain zuzen ere, AEKk antolatzen badu ere, euskaldun eta euskaltzale askok ‘gure’ sentitzen dugu; horra hor, esaterako, bera sostengatzeko herri eta eskualde ugaritan sortzen diren Korrika batzordeak.

 

Jende asko, ugari, egoten da noiz Korrika bere herritik pasa, eta kalkulu eta oreka handiz landutako ibilbidea martxoaren 14tik 24ra gauzatuko bada ere, horren inguruko lanketa askoz lehenago hasten da. Horietako lan batzuk azaldu dizkigu Ane Elordik, edizio honetan Korrika-ko koordinatzaile moduan estreinatu denak eta bere esanetan, “Korrika sortu ostean jaiotako lehen koordinatzailea” denak.

 

Korrika modu askotan ezagutu izan du umetatik, eta AEKn lanean diharduenetik beste esparru askotan ere; zer esanik ez edizio honetan. “Korrika bukatzen den urtean bertan, ekainerako ibilbidea zehazten dugu eta lanean hasten gara, izugarrizko lan pila dago ikusten ez dena”.

 

Esate baterako, Korrika Kulturala egunotan abiaraztear dago, berrikuntza nabari batekin, gainera: Korrika beka sortu da sortzaileek kultura ikuskizun berriak sortzeko. Horri esker, ‘Badon’ opera garaikidea sortu da Ines Osinagaren gidaritzapean eta Euskal Herrian zehar 15 emanalditik gora egingo du.

 

Eta, horrez gain, edizio guztietan bezala, makina bat kultura emanaldi antolatuko dira Euskal Herriko herri askotan. Horietako asko herri edo eskualdeetako Korrika batzordeek antolatuko dituzte, eta beste batzuk nazio mailan proposatutakoak izango dira. “Korrika Kuturalaren helburuetako bat da euskarazko emanaldirik egiten ez diren Euskal Herrietako ertz horietan halakoak antolatzea”.

 

Korrika batzordeei dagokienez, Elordik haiendako hitz bereziak ditu: “Aurtengo leloak oso ondo batzen du batzordeen ideia eta funtsa: bakoitza garen modukoa izanda, bakoitzaren arlotik egingo diogu ekarpena, eta hemen gaude euskarak batzen gaituelako eta euskara erabiltzeaz harro gaudelako”.

 

Bestalde, Korrikak aurten omendu duen ekimena Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz Ekimena da, “goi mailako ikasketak euskaraz egin ahal izateko 30 urte luzeotan belaunaldiz belaunaldi transmititzen diharduen eskaera eta borroka. Korrikak ekimen horri merezitako ikusgarritasuna eman nahi izan dio”.

 

Horrekin batera, mintzagai izan dugu, besteak beste, edizio honetan Araba zorionekoa dela, ibilbideak ahalik eta herri, eskualde eta lurralde gehien zapaltzearen helburuarekin, kasu honetan ibilbideak bi Arabar Errioxa eta baita Mendialdea ere ukituko dituelako.

 

Entzun hemen elkarrizketa osoa:

 

 


 

Ane Elordi

 

Ikusi gehiago
2024-01-19
Iñaki Martinez de Luna
Iñaki Martinez de Luna: “Egunerokoan euskara normaltasun osoz erabiltzeko guneak sortu behar ditugu”

Gasteizko soziolinguista eta soziologo jantzi eta prestu honengana jo dugu berriro, oraingoan euskarak Araban bizi duen bilakaerari buruz hausnartzeko.

 

Asko hitz egiten da aspaldian Araban euskarak bizi duen bilakaerari buruz; eta hori bere testuinguruan, gure hizkuntzak dituen indargune eta gabeziekin, hobeto ulertzeko Iñaki Martinez de Lunea soziolinguista eta soziologoarengana jo dugu.

 

Martinez de Lunaren esanetan Arabak badu ezaugarri bereizgarri bat oinarrian; hain zuzen ere, arabar asko eta asko euskaldundu direla hezkuntza sistemaren bitartez eta ez familiaren bidez. “Hizkuntza batenganako atxikimendu sendoena ematen da familia bidez, honen funtzio garrantzitsuenetako bat sentimenduak adieraztea delako. Bestalde, hezkuntza sistemaren bitartez jasota, ohikoagoa da alderdi formalagoetan soilik erabiltzea”.

 

Martinez de Lunak premiazkoa deritzo egunerokoan euskara normaltasun osoz egiteko guneak sortu beharra; eta baikor ere bada, bere esanetan, “azken aldian hauspotu eta indartu” delako “ezkutuan zegoen euskalduntasuna” eta “Euskaraldia moduko ekimenei esker

 

Azken urteetan euskararekin lotutako epaiei dagokionez kexu da Gasteizko soziolinguista, euskara hizkuntza ofiziala izanda ere ez duelako merezi duen bermea jasotzen: “Gaztelaniaren alde egiteko dena da legala, justifikatua eta onartua. Baina euskararen alde hartzen diren erabakiak ezbaian jartzen dira askotan. Hau ez da inola ere justua”.

 

Entzun hemen elkarrizketa osoa:

 

 

Ikusi gehiago
2024-01-09
Konpromisotik kanpaina
'Konpromisotik' kanpaina, Gorbeialdeko Kuadrillako ostalariak euskara eta berdintasunaren alde

Euskara eta Berdintasun zerbitzuek, elkarlanean, eskualdeko ostalaritza establezimenduei euskararen erabileraren eta berdintasunaren aldeko konpromisoa hartzeko gonbidapena luzatu diete.

 

Landa-eremuko ostalaritzak paper garrantzitsua jokatzen du bere gertuko inguruan: elkarrekin egoteko, biltzeko, harremanak egiteko eta sendotzeko funtsezko gune bat eskaintzen digute. Euskarak eta berdintasunak lekua izan behar dute bertan, herritarrok eroso egon gaitezen, eta, horrekin lotuta, Gorbeialdeko jatetxe eta tabernak euskararen eta berdintasunaren aldeko lanean ari dira.

 

Konpromisotik kanpainaren helburua ere horixe da. Gorbeialdeko Kuadrillako euskara eta berdintasun zerbitzuek, elkarlanean, eskualdeko ostalaritza establezimenduei konpromisoa hartzeko gonbidapena luzatu nahi diete: euskararen erabileraren aldekoa, batetik; eta berdintasuna lantzera begirakoa, bestetik.

 

Kanpainaren abiapuntu modura, honako bideoa grabatu dute hainbat ostalarik.

 

Bideoaren protagonistak, hauek:

  • Lucía (Lolaenea, Izarra).
  • Susana (Zuia Plaza kafe, Murgia).
  • Itziar (Eki, Aramaio).
  • Amaia, Alfredo y Maialen (Errekatxo, Acosta).
  • Eneko (Mi castillo de arena Ekotaberna, Zurbano).

 

Aipatutako establezimenduek konpromisoa hartu dute jada: TIK bat (✔) jarri dute beren negozioetan. Hemendik aurrera, Kuadrillako teknikariek eskualdean dauden 60 inguru taberna eta jatetxeri egingo diete gonbidapena, kanpainara batu daitezen. Eta, horrekin batera, herritarrentzat ere badoa deia: denon artean, konpromisotik, goza dezagun gure ostalaritza-zerbitzuez, euskaraz eta jarrera matxistarik gabe!

Ikusi gehiago
2023-12-22
Marko Txopitea
Marko Txopitea (Librezale): “Animatzen ditut euskaldun guztiak, baina bereziki emakumeak eta edadetuak parte hartzera, sistema erabiliko duten pertsona guztiak ondo ulertzeko”

Mozilla fundazioak Common Voice ekimena sortu zuen ahozko hizkuntza datutegi erraldoiak sortzeko, eta Librezale elkarteak gidatuta euskarak ere bere leku dauka.

 

Common Voice ekimenean 250 hizkuntza jasotzen dira eta horietako bat da euskara. Teknologia berrietan euskarak leku duina eta aberatsa izatea da ekimenaren helburua; eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzak, Euskaltzaleen Topagunak eta beste eragile batzuek bultzatutako Gaitu kanpainaren bitartez, ahots euskaldun asko batzen dabiltza ekimenera.

 

Eginbeharrekoa erraza da: Gaitu.eus webgunera sartu eta han dauden esaldiak ahoz grabatu; eta jarraian beste batzuek grabatutako esaldiak balioztatu. Era berean, libreak diren testuak ere gehitu daitezke. Oso intuitiboa da, software librean egina, eta ez da ezer berezik behar; mikrofonoa daukan edozein gailurekin grabatu daiteke ingurune isil batean.

 

Gaitu kanpainak oso emaitza onak eman ditu, eta dagoeneko Common Voice plataforman dauden 205 hizkuntzetatik euskara da 13.a grabazio kopuruan, japoniera eta italiera aurreratuta dagoeneko.

 

Era berean, mota guztietako ahotsak behar dira eta Librezale taldeko Marko Txopiteak dei berezia egiten die emakumeei eta pertsona adindunei, horiek gutxiago daude-eta. Izan ere, ekimenak parekidea eta dibertsoa izan nahi du, eta horren bidean dago.

 

“Gero eta ahots desberdin gehiago batu, hizkuntza ereduaren emaitza askoz sendoagoa eta kalitate hobeagokoa izango da; horregatik gonbidapena ahalik eta pertsona gehienek parte har dezaten”, diozku Marko Txopiteak.

 

Entzun hemen elkarrizketa osoa:

Ikusi gehiago

BAN Gure podcastak