Berriak - euskaraba
IZ Berriak
Berriak
Eduki publikatzailea

Erakundeek euskaraz komunikatzeko gidaren online aurkezpena egindo du Jendaurrean Erabili proiektuak. Aurkezpena otsailaren 20an izango da, 15:00etan, eta beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.
Azaroaren 22an aurkeztu zuten Donostiako Tabakaleran jendaurrean.eus erakundeek euskaraz komunikatzeko gida. Erakundeek komunikazio publikoa euskaraz (ere) egitea erraztu nahi duen gida da; kontsultarako tresna bat, erabiltzailearen behar eta baldintza desberdinetara egokitzeko bokazioz sortu dena. Gaiaren inguruko eduki ugari biltzen dira modu irekian eta doakoan.
Erakundeek komunikazio publikoa modu erosoan eta eraginkorrean egiteko, ezinbestekoa da hizkuntzak egoki kudeatzea. Gure testuinguruan, horrek barne hartzen du euskarari dagokion tokia ematea enpresen, administrazio publikoen, kultur eragileen, kirol taldeen eta denetariko elkarteen komunikazioan. Erakunde horietako arduradunek, komunikazio arloko profesionalek, eledunek eta euskara-teknikariek hamaika erronka eta zalantza aurkitzen dituzte. Zer egin sare sozialetan? Nola prestatu eledunak? Nola kudeatu hizkuntzak ekitaldi handietan? Zein irizpide erabili hedabideekin? Gida hau erantzunak bilatzen laguntzeko tresna da.
Online aurkezpen laburra antolatu da Gidaren filosofia eta ezaugarri nagusiak azaltzeko. Aurkezpen mota honen bidez, tresna modu eroso eta arin batean ezagutzeko aukera eskaini nahi zaie interesa izan dezaketen ahalik eta pertsona gehienei. Saioak 45 minutu iraungo ditu.
Jendaurrean Erabili proiektua
Jendaurrean Erabili proiektuan jendaurreko komunikazioan euskara gehiago, hobeto edo eraginkorrago erabili nahi duten erakunde eta eragileen jarduna errazteko bide eta bitartekoak landu dira. Proiektua 2015ean martxan jarritako Praktika Komunitatearen inguruan artikulatu da. Izaera eta alor desberdinetako erakunde sozial, pribatu eta publikoak bildu dira bertan, euskarazko komunikazioaren inguruko esperientziak partekatu eta elkarrengandik ikasteko.
Praktika Komunitateak bere jarduera aurrera eramatearekin paraleloan, jardun horrekiko bi norabideko harremanean, ikerketa taldeak hainbat ikerketa-lan garatu ditu urteotan eta horietatik mota askotako emaitzak sortu dira: txostenak, artikulu zientifikoak, kongresuetako aurkezpenak, hitzaldien bideoak…
Proiektuaren erakunde sustatzaileak izan dira: Soziolinguistika Klusterra eta Euskal Herriko Unibertsitatea
Proiektuaren aro eta aldi desberdinetan ikerketa-taldeko kide izan dira: Irati Agirreazkuenaga (UPV/EHU), Uxoa Anduaga (Soziolinguistika Klusterra), Eduardo Apodaka (UPV/EHU), Asier Basurto (Soziolinguistika Klusterra), Kontxesi Berrio-Otxoa (UPV/EHU), Idurre Eskisabel (UPV/EHU), Inazio Marko (UPV/EHU), Pablo Suberbiola (Soziolinguistika Klusterra) eta Beatriz Zabalondo (UPV/EHU).
Proiektuaren ibilbidean praktika Komunitateko kide izan dira: Adegi, AEK, Artez Euskara Zerbitzua, Athletic Club, Bai Euskarari elkartea, CAF, Donostia Zinemaldia, Donostiako Udala, EITB, ELA sindikatua, Elhuyar, Emun, Euskal Herriko Unibertsitatea, Eusko Legebiltzarra, Getxoko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Guggenheim Bilbao Museoa, IMH-Makina Erremintaren Institutua, LAB sindikatua, Malerrekako Mankomunitatea, Mondragon Korporazioa, Mondragon Unibertsitatea, Mutualia, Real Sociedad eta Sakanako Mankomunitatea.
Proiektuaren babesleak izan dira: Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza

Marka eta Erronka euskara eta kirola uztartu nahi dituzten eragileen topaketa bat da; Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Kirol Federazioen Elkarteak (AFDA) bi urtean behin antolatua. Bertan euskarak kirolean duen egoera aztertzea eta aurrerabideak identifikatzea da helburua. Kirol arloan lan egiten duten pertsonak izaten dira gonbidatuak: erakundeetako kirol zerbitzuetako teknikariak, federazioetako kideak, klubetakoak, guraso elkarteetako kirol koordinatzaileak, bai eta kirolariak, entrenatzaileak eta kirol epaileak ere.
Marka eta Erronka 2024
Ander Gebara Alaves taldeko jokalariak bere ibilbide profesionalean euskararekin izan dituen bizipenak azaldu zituen. Onartzen du euskarak pisu ezberdina duela Real Sociedad eta Alaves taldeetan, bigarren horretan ere gero eta presentzia handiagoa badu ere. Jokalari euskaldunen artean beti sortzen da konplizitate bat, talde berean ez badaude ere.
La Blanca atletismo taldetik, Araberri saskibaloi taldetik eta Maeztuko herri kirol taldetik, zeinek bere esperientzia kontatu zuen. Hiru esperientzia ezberdinak dira, testuinguruak ere oso ezberdinak direlako: (a) entrenamendu talde batean hizkuntza-ohiturak aldatzeko saiakera bat, (b) talde guzti-guzietan euskarari sarbidea emateko ahalegina, eta (d) naturaltasunetik hasiera-hasieratik funtzionamendu osoa euskaraz izateko erabaki kontzientea.
Hari horretatik tiraka, taldeka, kirol elkarte bateko entrenamenduetan euskarari leku handiagoa emateko estamentu bakoitzak zer egin dezakeen landu genuen (entrenadoreak, koordinatzaileak, zuzendaritza taldeak…)
Topaketaren materiala
Aurreko edizioak
3. edizioa, 2022
Joseba Beloki txirrindulariak. euskaraz eta kirolaz duen ikuspegia azaldu zuen. Bi arazo ikusten ditu euskararekin: kirolaren globalizazioa (batez ere eliteko kirolean) eta belaunaldi berriek kluben eta federazioen erreleboa ez hartzea.
Taldeka gure etorkizun-ikuspegia landu genuen: euskara eta kirol arloan nahi genituzkeen “titular” eta “mugarriak” irudikatzen saiatu ginen, dinamika baten bidez.
Astebete lehenago kirol-ginkana bat antolatu genuen Andre Mari Zuriaren plazan, Euskaraldia eta Marka eta Erronka topaketa girotzeko. Horren bideoa ere materialen atalean ikusi ahal duzue.
Honako material hauek bildu genituen:
- Laburpen-bideoa
- Talde-lanaren emaitza
- Ginkanaren bideoa
- Kartela
- Elkarrizketa Noticias de Álava egunkarian
- Topaketa iruditan
2. edizioa, 2018
Bigarren topaketa 2018an izan zen, lehen Euskaraldiarekin batera. Aukera hori baliatu nahi izan genuen ekimena kirol arloan zabaltzeko. Gogoeta egin genuen kirol arloan euskararen erabilera sustatzeko dauden aukera ezberdinez (lantaldeetan, ekintza posiblen katalogo bat sortu zen), eta Euskaraldiaren ekimena kirol arloan zabaltzeko aukerak eta mugak aztertu genituen.
1. edizioa, 2016
Lehen topaketa 2016an antolatu zen Artium museoan. Garai hartan “euskaragile” hitza erabiltzen zen: bertan bildu genituen pertsonak kirol arloan euskaraz egiteko eta euskaraz eragiteko gogoa nabarmendu nahi zelako. Lehen topaketa horren helburua praktika onak identifikatzea izan zen.