Agenda - xehetasuna - euskaraba
Eduki publikatzailea


Arabako kirol federazioekin elkarlanean, Gasteizko udalak, Arabako Euskara Zerbitzuekin batera, Euskara: Marka eta erronka izeneko topaketa antolatu zuen, non Arabako kirol arloko 70 ordezkaritik gora elkartu ziren Artiumen. Bertan, gazteei bereziki bideratutako kirol jardueretan Euskararen erabilera sustatzeko irizpideak ezarri zituzten.

Marka eta Erronka euskara eta kirola uztartu nahi dituzten eragileen topaketa bat da; Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Kirol Federazioen Elkarteak (AFDA) bi urtean behin antolatua. Bertan euskarak kirolean duen egoera aztertzea eta aurrerabideak identifikatzea da helburua. Kirol arloan lan egiten duten pertsonak izaten dira gonbidatuak: erakundeetako kirol zerbitzuetako teknikariak, federazioetako kideak, klubetakoak, guraso elkarteetako kirol koordinatzaileak, bai eta kirolariak, entrenatzaileak eta kirol epaileak ere.
Marka eta Erronka 2024
Ander Gebara Alaves taldeko jokalariak bere ibilbide profesionalean euskararekin izan dituen bizipenak azaldu zituen. Onartzen du euskarak pisu ezberdina duela Real Sociedad eta Alaves taldeetan, bigarren horretan ere gero eta presentzia handiagoa badu ere. Jokalari euskaldunen artean beti sortzen da konplizitate bat, talde berean ez badaude ere.
La Blanca atletismo taldetik, Araberri saskibaloi taldetik eta Maeztuko herri kirol taldetik, zeinek bere esperientzia kontatu zuen. Hiru esperientzia ezberdinak dira, testuinguruak ere oso ezberdinak direlako: (a) entrenamendu talde batean hizkuntza-ohiturak aldatzeko saiakera bat, (b) talde guzti-guzietan euskarari sarbidea emateko ahalegina, eta (d) naturaltasunetik hasiera-hasieratik funtzionamendu osoa euskaraz izateko erabaki kontzientea.
Hari horretatik tiraka, taldeka, kirol elkarte bateko entrenamenduetan euskarari leku handiagoa emateko estamentu bakoitzak zer egin dezakeen landu genuen (entrenadoreak, koordinatzaileak, zuzendaritza taldeak…)
Topaketaren materiala
Aurreko edizioak
3. edizioa, 2022
Joseba Beloki txirrindulariak. euskaraz eta kirolaz duen ikuspegia azaldu zuen. Bi arazo ikusten ditu euskararekin: kirolaren globalizazioa (batez ere eliteko kirolean) eta belaunaldi berriek kluben eta federazioen erreleboa ez hartzea.
Taldeka gure etorkizun-ikuspegia landu genuen: euskara eta kirol arloan nahi genituzkeen “titular” eta “mugarriak” irudikatzen saiatu ginen, dinamika baten bidez.
Astebete lehenago kirol-ginkana bat antolatu genuen Andre Mari Zuriaren plazan, Euskaraldia eta Marka eta Erronka topaketa girotzeko. Horren bideoa ere materialen atalean ikusi ahal duzue.
Honako material hauek bildu genituen:
- Laburpen-bideoa
- Talde-lanaren emaitza
- Ginkanaren bideoa
- Kartela
- Elkarrizketa Noticias de Álava egunkarian
- Topaketa iruditan
2. edizioa, 2018
Bigarren topaketa 2018an izan zen, lehen Euskaraldiarekin batera. Aukera hori baliatu nahi izan genuen ekimena kirol arloan zabaltzeko. Gogoeta egin genuen kirol arloan euskararen erabilera sustatzeko dauden aukera ezberdinez (lantaldeetan, ekintza posiblen katalogo bat sortu zen), eta Euskaraldiaren ekimena kirol arloan zabaltzeko aukerak eta mugak aztertu genituen.
1. edizioa, 2016
Lehen topaketa 2016an antolatu zen Artium museoan. Garai hartan “euskaragile” hitza erabiltzen zen: bertan bildu genituen pertsonak kirol arloan euskaraz egiteko eta euskaraz eragiteko gogoa nabarmendu nahi zelako. Lehen topaketa horren helburua praktika onak identifikatzea izan zen.

Gaur argitaratu da Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean 2026ko sarien deialdia.
Araban euskararen erabilera ikertzen duten lanak sustatzeko eta bultzatzeko sariak dira.
Edozein jakintza alorretik egin daiteke ikerketa.
Kuadrillak eta Udalak
Irabazi asmorik gabeko elkarteak
Kuadrillak eta Udalak
Irabazi asmorik gabeko elkarteak

Urtero bezala, Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Euskara Zerbitzuen sareak formazio saioak prestatu ditu uda honetan aisialdi ekintzetan arituko diren hezitzaile eta begiraleentzako.
Saio hauen helburua da hezitzaileei aisialdian edo kirolean euskararen erabilera sustatzearen garrantzia helaraztea, horretarako erabili ohi ditugun estrategiak azaltzea eta erabili ahal ditugun ekintzak eta jarduerak partekatzea. Saio arinak eta eraginkorrak izango dira.
Arabako Kuadrilletan aukera egongo da udako aisialdi-jardueretan euskararen sozializazioa nola landu ikasteko. Bertako begiraleei zuzenduta, hainbat formazio-saio antolatu dira, lurralde osoan zehar. Hona hemen egutegia:
| DATA | ASTEGUNA | ORDUA | LEKUA | HARREMANETARAKO / IZENA EMATEKO |
|---|---|---|---|---|
| Ekainak 12 | Ostirala | 17:00 | Kanpezuko Kultura Etxean | euskara@arabakomendialdea.eus |
| Ekainak 16 | Asteartea | 18:00 | Luiaondoko Sozial Aretoan | euskara@aiaraldea.org |
| Ekainak 23 | Asteazkena | 15:00 | Kuadrillaren egoitzan, Laguardian | criojaalavesa.euskara@ayto.araba.eus |
| Ekainak 25 | Osteguna | 17:30 | Zigoitiko Kultura Etxean | euskara@gorbeialdea.eus |
| Ekainak 26 | Ostirala | 18:00 | Aguraingo Udaletxean | euskarazerbitzua.agurain@gmail.com |
| Ekainak 30 | Asteartea | 18:00 | Amurrioko Mendiko Eskolan | bmendiguren@amurrio.eus |

Gaur goizean ospatu da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean ekimenaren 2026ko lehen lan-saioa, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean antolatuta. Arabako alor sozioekonomikoan euskara sustatzea helburu duen egitasmoak aurrera darrai aurten ere, lurraldeko enpresak eta erakundeak batuz hizkuntza-kudeaketan aurrerapausoak emateko eta beraien artean esperientziak partekatzeko.
2026ko lehen foro honek Kanpo Komunikazioa izan du ardatz nagusi gisa, eta enpresek bezeroekin zein gizartearekin duten harremanean euskarak duen balio estrategikoa aztertu dute.
Esperientzia praktikoak eta autoebaluazioa
Goizeko 09:15ean hasi da topaketa harrera eta sareak sortzeko gosari batekin. Sarreraren ondoren, Puntu EUS Fundazioak hartu du hitza, erakundeen webguneak euskaraz izateak dakarren garrantzia eta eskaintzen dituen aukera digitalak azaltzeko. .EUS domeinua eta euskara Interneten erabiltzeko zalantzak uxatzeko deia egin du. Horrez gain, fundazioak dituen hainbat zerbitzu aurkeztu ditu, tartean Gandik.eus ekimen berritzailea: merkatariak eta ikasleak harremanetan jartzen ditu webguneak sortzeko.
Jarraian, bertaratutako enpresek dinamika praktiko batean parte hartu dute: beren kanpo-komunikazioaren autoebaluazioa egin dute, gaur egungo egoera neurtu eta hobekuntza-eremuak identifikatzeko asmoz. Kanpo-komunikazioa elebitan egiten dute enpresa gehienek, nahiz eta arloaren arabera zenbaitetan gaztelania hutsean ere egin behar izaten duten. Enpresetako zuzendaritzaren aliantza beharrezkoa dela nabarmendu dute, baita, bestetik, administrazioaren lizitazioetan hizkuntzen kudeaketa egokia egitea ere.
Saioak, gainera, eredu errealak ezagutzeko aukera eman du; izan ere, Konfekoop-ek bere esperientzia propioa azaldu du, enpresen kanpo-komunikazioan euskara txertatzeko praktika egokien adibide gisa.
Topaketa amaitzeko, eta azken balorazioa egin aurretik, euskarazko lan-praktiken maparen azalpena eman zaie parte-hartzaileei, hizkuntza lan-ingurunean modu eraginkorrean integratzeko baliabideak eskainiz. Ikusi praktiken mapa.
Erreferentziazko gunea Arabako enpresentzat
2020an Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean sortu zuten Enpresen Foroa-Araban
Euskara Lanean. Harrezkero, Araban kokatuta dauden eta hizkuntza-kudeaketarekin konpromisoa edo erantzukizuna duten enpresentzako topagune bihurtu da.
Deskargatu jardunaldiko aurkezpen
Gaurkoa urtean zehar Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo diren hiru hitzordu nagusietako lehena izan da. Maiatzaren 20an izango da hurrengo saioa eta bertan enpresen Barne Komunikazioa izango da ardatz.




















