Marka eta Erronka topaketa, IAK-Izaskun Arrue Kulturgunean. 50 bat eragile bildu ziren kirolari eta euskarari buruz hitz egiteko - euskaraba
Eduki publikatzailea

“Marka eta Erronka” euskara eta kirola uztartu nahi dituzten eragileen topaketa bat da. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Kirol Federazioen Elkarteak (AFDA) bi urtean behin antolatzen dute. Bertan euskarak kirolean duen egoera aztertzea eta aurrerabideak identifikatzea da helburua. Kirol arloan lan egiten duten pertsonak izan ziren gonbidatuak: erakundeetako kirol-zerbitzuetako teknikariak, federazioetako kideak, klubetakoak, guraso-elkarteetako kirol-koordinatzaileak, eta baita kirolari, entrenatzaile eta kirol epaileak ere.
Aurtengo deialdian kirol-jardueraren dimentsioa nabarmendu nahi izan dute, eta jarduera horietan euskarari sarbide ematea zenbateko garrantzia duen azpimarratu.
Josune Velez de Mendizabal aktore eta kazetariak Ander Gebara elkarrizketatu zuen. Bere kirol-ibilbideaz jardun zuen: futbolean nola hasi zen eta Real Sociedad eta Alaves taldeetan zer aurkitu duen. Hainbat aholku eman zituen, futbolean aritu nahi duten haur eta gazteentzat. Euskarak bere ibilbide horretan izan duen lekua azaldu du halaber.
Publikoaren partetik hainbat kirol-entitateetako praktika onak aipatu ziren, eta lantaldeetan jardun zuten klubetan eta elkarteetan euskararen erabilera areagotzeko egin daitekeenaz eztabaidatzen. Material hori guztia jaso zen eta laster argitaratuko dira ondorioak.
Aurten laugarren edizioa izan da eta Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala eta AFDA euskaren erabilera sustatzeko egiten ari diren lanaren testuinguruan kokatzen da. Hiru entitateak hainbat lan-ildo garatzen ari dira elkarlanean: dirulaguntzak, euskara-planak kirol-entitateetan, entrenamenduetan euskara erabiltzeko dinamizazio-saioak, entrenatzaileen formazioa eta abar…
Webgune honek norberaren eta hirugarrenen cookie-ak baino ez ditu erabiltzen helburu teknikoetarako, erabiltzaileek nabigatu ahal dezaten eta ondorengo sarbideak erraztu eta erabilera estatistikak egin daitezen, eta ez ditu datu pertsonalak biltzen ez lagatzen. Pribatutasun-politika kontsultatu




