Liburutegi ibiltariak Arabako eskola txikietan - euskaraba
Eduki publikatzailea

Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiaren Zuzendaritzaren babesari esker, Liburutegi ibiltariak egitasmoa jarriko du abian Galtzagorri elkarteak, Araban, udaberrian, lehenengo aldiz. 25 urte dira egitasmo hauxe bera Gipuzkoako (Liburuen Altxorra) eta Bizkaiko (Liburu Ibiltariak) eskola txikietan martxan jarri zuenetik. Emaitzek urtez urte poztu dituzte, haurren irakurtzeko zaletasunean eragina duela bai baitakigu.
Araban zazpi eskola txiki badaude ere, aurten proba pilotua egingo dute eta lau herri hauetako eskoletatik bidaiatuko du 2026an liburutegi ibiltariak: Maeztu, Ozaeta-Barrundia, Aramaio eta Lantziego.
Egitasmoaren funtsa lau herri horietako eskola txikietara iritsiko den ehundik gora euskarazko liburuz betetako kutxa ibiltaria da. Liburuak adinka banatuta daude eta kalitate irizpideen arabera hautatuak izan dira Galtzagorriko irakurketa mintegian. Galtzagorri elkarteko dinamizatzaile batek eramango du kutxa eskola horietako bakoitzera eta bertako haurrei liburuak aurkezteaz batera, horietako batzuk kontatu eta irakurriko dizkie. Finean, haur horien irakurtzeko zaletasuna eta irakurketa gaitasuna areagotzeko hainbat dinamika gauzatuko ditu haurrekin. Ondoren, kutxa hilabete eta erdi-bi hilabete egongo da eskolan haurrek eta irakasleek nahieran erabil dezaten. Denbora hori igaro ostean, dinamizatzailea eskolara itzuliko da eta beste saio bat egingo du haurrekin.
Hauxe izango da 2026an Arabako Liburutegi Ibiltariak Oihana Etxegibelen eskutik egingo duen ibilbidea:
- Maeztu: martxoaren 5etik apirilaren 22ra
- Ozaeta-Barrundia: apirilaren 22tik ekainaren 17ra
- Aramaio: irailaren 9tik azaroaren 3ra
- Lantziego: azaroaren 3tik abenduaren 22ra
