Lazarraga sariak 2022 - euskaraba
Eduki publikatzailea
Lazarraga sariak 2022
Azaroaren 24an, Artiumen egin da sari-banaketa ekitaldia, Arabako lan munduko, euskararen arloko eta instituzioetako ordezkariak bertan zirela. Ane Pedruzok egin ditu aurkezpen lanak.
Bai Euskarari Elkarteak antolatzen du sariketa, Arabako Foru Aldundiarekin babesarekin eta hitzaldi bana eskaini dituzte Rober Gutiérrez Bai Euskarari Elkartearen zuzendariak eta Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak; sariak ere bien artean banatu dituzte.
Rober Gutiérrezek gogorarazi du “lan munduan euskaraz eroso aritzea estrategikoa” izan behar dela hurrengo urteetako hizkuntza politiketan eta gaineratu du ezin dela geratatu “hezkuntzan egiten ari garen inbertsioa, lan munduan galtzea”. Bestetik, Euskaralditik “harago” konpromisoak hartzera animatu ditu Arigune diren entitateak.
Azkenik, nabarmendu du “garrantzitsua” dela administrazioek, enpresek, langileek eta kontsumitzaileek “hizkuntzaren ikuspegia ere txertatua izatea”. Gaineratu du “elkarrekin eragiteko Lanabes bezalako espazioak eraikitzen baditugu, askoz ere errazagoa izango da adostasuna zabaltzea, erantzukizuna partekatzea eta adostasunetatik etorkizuna eraikitzea”.
Ramiro Gonzálezek nabarmendu du Araban gero eta enpresa gehiago ari direla berrikuntzan “lehiakortasunez jokatzen, euskara bere kudeaketan barneratzen, bai bezeroekin, bai hornitzaileekin euskara erabiltzeko”. Gehitu du “aldaketak” ari direla ematen eta, “pixkanaka, euskara sustatzea eta erabiltzea onuragarria dela jabetzen” ari direla bai enpresak, bai merkataritza eta ostalaritza, bai bestelako entitateak ere. Adibide bezala jarri ditu “euskara plana dutenak, edo Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateak (ia 200), eta ez dira gutxi Bikain agiria duten entitateak ere”, gaineratu du.
Saridunak
Biosasun
Arabako Iurraldean eta Nafarroan kokatuta dagoen enpresa txiki bat da. Olibak dituzte lehengai eta produktu ezberdinak sortzen dituzte lehengai horretatik abiatuta. Errigora egitasmoan parte hartzen dute; Arabako Enpresen Foroaren aurtengo saioetan ere parte hartu izan du eta aurten, Euskara Plana jarri du martxan eta Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu dute. Epaimahaiaren iritziz, horrelako enpresa txiki batek euskara plana martxan jartzea balio handikoa da.
Errota Hortz Klinika
Bertako langileen gehiengoak euskaraz daki eta bezeroak euskaraz artatzeko aukera eskaintzen dute. Bai Euskarari Ziurtagiria dute 2014tik eta zerbitzua euskaraz emateko urratsak ematen dituzte urtero. Lanbide Heziketako ikasleek bertan Duala euskaraz egiteko modua dute, esaterako, eta azken aldagai hau izan da epaimahaiak nabarmendu nahi izan duena.
Angosto kanpina
2019an Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu zuen eta urtero-urtero zerbitzua euskaraz eskaintzeko bidean lorpenak egiten ari da jarraian sarituko dugun entitatea. Errotulazioak euskaraz, bisitarientzat euskarazko hiztegia, bezeroentzak aurrekontu eta fakturak euskaraz… Azken urteotan azpimarratzeko eta saritzeko moduko lana egin dute euskararen arloan eta bertan sortzen den giroari arreta jartzea baino ez dago.
Emaize Sexologia Zentroa
Ohituta daude jendaurrean aritzen, hitzaldiak eta eskolak ematen, 25 urte baino gehiago baitaramatzate, ahal den guztietan euskara lehenetsiz, gainera, barne antolaketan zein kanpora begirako zerbitzuan. Sexualitatearen inguruko hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte: sexu-hezkuntza, prestakuntza, aholkularitza sexologikoa, terapia eta beste. Bai Euskarari Ziurtagiria dute 2016 urtetik.
EBA S.L. eraikuntza enpresa
80 bat lagunek osatuta dago eta ia enpresako sail guztietan dute euskaraz dakien pertsonaren bat. Hala, sail guztietan euskaraz zerbitzua eskaintzea bermatzen dute. Langileentzat euskara eskolak eskaintzen dituzte enpresan eta, horrez gain, kanpo-komunikaziorako euskarriak elebitan dituzte. Nabarmentzekoa da, era berean, harrerarako langilea kontratatzeko euskarazko profila eskatu dutela eta beste hainbat lorpen ere egin dituztela euskara lanean txertatzeko. 2021ean Arabako Enpresen Foroan parte hartu zuten. 2018 urtean eskuratu zuten Bai Euskarari Ziurtagiria. “Bidean” mailan badaude ere, urtero konpromiso berriak hartzen eta garatzen dituzte.
- Biosasun
- Errota Hortz Klinika
- Angosto Kanpina
- Emaize Sexologia Zentroa
- EBA S.L.