Euskararen Biziberritzea Araban, Arabaz, Arabatik eta arabarrentzat sortutako egitasmoa - euskaraba
Eduki publikatzailea

Atzo, Euskararen Biziberritzea Araban (EBA) egitasmoaren jendaurreko aurkezpena hartu zuen Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaritzak. Arabako Foru Aldundiaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzari esker, azken 60 urteotan Araban gertatu den euskararen biziberritzearen nondik norakoak jasotzen ditu proiektuak.
Aurkezpenean parte hartu zuten Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuak; Roberto González de Viñaspre Euskaltzaindiko Arabako ordezkariak; Iñaki Martinez de Luna euskaltzain urgazleak eta Irati Iciar Taupa Euskaltzaleen Mugimenduko zuzendariak.
Zer jasotzen du EBAk? Hainbat lekuko esanguratsuren kontakizuna, eta, horrez gain, garaian garaiko dokumentazioa eta agiriekin datu base bat ere sortzen ari da. Bestalde, Iñaki Iurrebasok Arabaren egoerari eta bilakaerari buruzko datu demolinguistikoekin beren-beregi landutako atal bat sortu da.
