ETEKIN bueltan da! - euskaraba
Eduki publikatzailea

ETEKIN Ekonomia Topaketen lehenengo edizioak izandako arrakastaren ondoren, 2025ean edizio berria antolatuko dugu ekonomiari eta finantzei buruzko hausnarketa eta harreman-sarea sustatzen jarraitzeko.
Aurten ere, ETEKIN zikloak hiru hiriburuak bisitatuko ditu: Donostia martxoaren 26an, Gasteiz ekainaren 18an eta Bilbo urriaren 22an (hiru kasuetan goizeko 9etatik 10:30ak arte). Saio bakoitzean, gaurkotasunezko gai desberdin bat jorratuko da sektoreko adituekin eta, ondoren, gosaria eskainiko da bertaratutako guztion artean iritzi trukaketa sustatzeko eta sare profesionalak indartzeko.
2. edizioko lehenbiziko saioa: Talentua erakartzeko gakoak
Urteko lehenengo topaketak Andres Arrizkorreta (CAF), Ane Insausti (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta Lander Beloki (Mondragon Unibertsitatea) bilduko ditu talentua erakartzeko gakoei buruz hitz egiteko. Hizlariek gaiaren inguruko hiru ikuspegi eta hiru esperientzia ezberdin partekatuko dituzte, indarrak norabide berean jartzeko asmoz. Saioa Donostiako Aquariumean izango da martxoaren 26an, goizeko 9etan, eta izena emateko epea zabalik dago.
Aurreko edizioko saioak ikusi
Ekonomia Ituna, lehiakortasunerako gakoa
Enpresen eraldaketarako giltzak, hazkunde tresnak (funtsak)
Trantsizio energetikoa, enpresentzako aukerak eta erronkak
ETEKIN Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuak, Bankoa ABANCAk, CaixaBankek, Kutxabankek, LABORAL Kutxak, Rural Kutxak eta Ekonomisten Euskal Elkargoak elkarlanean antolatutako finantza arloko hitzaldi zikloa da. Ekonomia topaketa hauen helburua da ekonomia eta finantzen munduko gaurkotasunezko gaiei buruzko hausnarketa sustatzea eta harremanetarako bilgune bat sortzea. Saioak euskaraz dira, baina aldibereko itzulpen zerbitzua erabiltzeko aukera egoten da.
