Eduki publikatzailea

Arabako enpresek kanpo-komunikazioan euskara sustatzeko gakoak aztertu dituzte 'Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean' ekimenaren 2026ko lehen saioan
Arabako enpresek kanpo-komunikazioan euskara sustatzeko gakoak aztertu dituzte 'Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean' ekimenaren 2026ko lehen saioan
2026-02-26

Gaur goizean ospatu da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian Enpresen Foroa-Araban Euskara Lanean ekimenaren 2026ko lehen lan-saioa, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean antolatuta. Arabako alor sozioekonomikoan euskara sustatzea helburu duen egitasmoak aurrera darrai aurten ere, lurraldeko enpresak eta erakundeak batuz hizkuntza-kudeaketan aurrerapausoak emateko eta beraien artean esperientziak partekatzeko.

 

2026ko lehen foro honek Kanpo Komunikazioa izan du ardatz nagusi gisa, eta enpresek bezeroekin zein gizartearekin duten harremanean euskarak duen balio estrategikoa aztertu dute.

 

Joseba Perez de Heredia

 

Esperientzia praktikoak eta autoebaluazioa

Goizeko 09:15ean hasi da topaketa harrera eta sareak sortzeko gosari batekin. Sarreraren ondoren, Puntu EUS Fundazioak hartu du hitza, erakundeen webguneak euskaraz izateak dakarren garrantzia eta eskaintzen dituen aukera digitalak azaltzeko. .EUS domeinua eta euskara Interneten erabiltzeko zalantzak uxatzeko deia egin du. Horrez gain, fundazioak dituen hainbat zerbitzu aurkeztu ditu, tartean Gandik.eus ekimen berritzailea: merkatariak eta ikasleak harremanetan jartzen ditu webguneak sortzeko.

 

Jarraian, bertaratutako enpresek dinamika praktiko batean parte hartu dute: beren kanpo-komunikazioaren autoebaluazioa egin dute, gaur egungo egoera neurtu eta hobekuntza-eremuak identifikatzeko asmoz. Kanpo-komunikazioa elebitan egiten dute enpresa gehienek, nahiz eta arloaren arabera zenbaitetan gaztelania hutsean ere egin behar izaten duten. Enpresetako zuzendaritzaren aliantza beharrezkoa dela nabarmendu dute, baita, bestetik, administrazioaren lizitazioetan hizkuntzen kudeaketa egokia egitea ere.
 

 

Saioak, gainera, eredu errealak ezagutzeko aukera eman du; izan ere, Konfekoop-ek bere esperientzia propioa azaldu du, enpresen kanpo-komunikazioan euskara txertatzeko praktika egokien adibide gisa.
 


Topaketa amaitzeko, eta azken balorazioa egin aurretik, euskarazko lan-praktiken maparen azalpena eman zaie parte-hartzaileei, hizkuntza lan-ingurunean modu eraginkorrean integratzeko baliabideak eskainiz. Ikusi praktiken mapa

 

 

Erreferentziazko gunea Arabako enpresentzat

2020an Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean sortu zuten Enpresen Foroa-Araban

 

Euskara Lanean. Harrezkero, Araban kokatuta dauden eta hizkuntza-kudeaketarekin konpromisoa edo erantzukizuna duten enpresentzako topagune bihurtu da.

 

Gaurkoa urtean zehar Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo diren hiru hitzordu nagusietako lehena izan da. Maiatzaren 20an izango da hurrengo saioa eta bertan enpresen Barne Komunikazioa izango da ardatz.