907 ikasle parte hartzen ari dira Xare jardunaldietan Gasteizen - euskaraba
Eduki publikatzailea

Euskarazko kultura digitala zabaltzen duen ekitaldiaren bosgarren edizioa izaten ari da abenduaren 16an eta 17an Europa Jauregian.
Europa Biltzar Jauregian bosgarren Xare jardunaldiak izaten ari dira gaur eta bihar, gazteek euskarazko kultura digitalarekin harremana izan dezatela sustatzeko. Edizio honetan, Gasteizko 13 ikastetxeko 907 ikasle ari dira parte hartzen. Den-denak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak dira. Jardunaldiak hiru ardatz ditu: gazteria, euskara eta IKTak (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak).
Ekitaldia Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dute. María Nanclares Euskara zinegotzia inaugurazioan izan da.
Bertaratu direnak hitzaldi, jolas eta tailer praktikoekin disfrutatzen ari dira: bideojolasak, 3D inprimagailuak, errealitate birtuala… Horrez gain, Libe abeslari eta musikari gasteiztarraren emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute. Libe Gasteizko Neubat taldean hasi zen abesten, eta ibilbide luzea izan du horrez geroztik.
2023-2024 ikasturtean Xare jardunaldiak 2.800 ikasle baino gehiagorengana iritsi dira: ez soilik Gasteizen; baita Laudion, Donostian, Iruñean, Baionan, Errenterian eta Barakaldon ere.






