“Eragiteko janzten” zikloa martxan, Gasteizko euskaltzaleen gogoetarako

Gasteiztar euskaltzaleei “(in)formazioa eta hausnarketarako, elkar ezagutu eta aberasteko, une eta guneak eskaintzeko” helburuarekin, Eragiteko JANZTEN zikloa antolatu dute hainbat eragileren artean: Euskaltzaleon Topagunea, GEU elkartea, Lazarraga kultur elkartea eta ALEA daude tartean.

Lau saioko zikloa izango da, eta hileroko maiztasuna izango du, otsailean hasita. Zikloa aurkezpen-testuaren zati bat duzue hau:

Euskararentzat etorkizun hobea nahi dugun gasteiztar euskaltzaleok, aukerak behar ditugu gure amets komunei buruz hitz egiteko. Honetan edo hartan ekarpena egiten ari garenok, sarritan, informazio mugatua dugu, gure inguruan bertan mugitzen ari denaz, edo hemen eta han dauden proposamenez. Esperientziak, metodologiak, bizipenak, ikuspegiak, ikerketak, gogoetak,… ezagutzea eta partekatzea, horiek aberasteko bideak izateaz gain, gure ahaleginetan eraginkorrago izateko moduak ere badira.
Ziklo honen helburua, beraz, gasteiztar euskaltzaleei (in)formazioa eta hausnarketarako, elkar ezagutu eta aberasteko, une eta guneak eskaintzea da.

Beraz, datozen hilabeteetan Oihaneder Euskararen etxera egingo dute bisita, besteak beste, Topalabe taldeko kideek, Soziolinguistika klusterrekoek, edo Aiaraldeko Ekintzen Faktoria eta Laudatako Euskararen Komunitatea osatzen dutenek. Lehenengo saioa otsailaren 23an izango da, Pello Jauregi EHUko irakaslearen eskutik: ALDAHITZ ikerketaz eta ULERRIZKETA metodologiaz jardungo du berak.

Informazio osatua, Topagunearen webgunean duzue.