Eman izena euskaltegian hilaren 28an baino lehenago, eta diruz lagunduko dizugu!
Foru Aldundiak 75 eta 240 euro arteko beherapena eskainiko die atxikitako zentroetakoren batean izena ematen duten arabarrei. Irailaren 28ra arteko epea dago diru-laguntza hauetaz baliatzeko, eta Euskararen Foru Zerbitzutik (EFZ) azken momentura arte ez itxaroteko gomendatzen dizuegu.
Beraz, Arabako Foru Aldundia eta lurraldeko euskaltegiak elkarlanean arituko dira aurten ere euskaraz ikastea ahalik eta errazena izan dadin helduentzat. Horretarako, iazko itunarekin aurrera jarraituko dute. Itun horri esker, pasa den ikasturtean, foru erakundeak beherapena eskaini zien zentro horietan ikasi zuten 1.100 ikasleri.
“Lortu nahi duguna da euskara ikasi nahi duten helduek, euskalduntzeko bidea urratzen hasi nahi dutenek, ahalik eta erraztasunik handienak izatea horretarako, bai eta meritu handikoa dela irizten diogun xede hori erdiestea eragotziko dien eragozpenik ez izatea ere”, azaldu zuen Joseba Pérez de Heredia Euskara, Kultura eta Kirol Saileko zuzendariak; haren esanetan, “erakundeen erantzukizuna da euskara erabiltzeko aukera ematea hizkuntza hori dakitenei, eta ez dakitenei aukerak ematea ikasteko”.
Ikasturte honetako laguntzak aurkezteko prentsaurrekoan Foru ordezkariak poza adierazi zuen iaz izandako erantzunagatik. “Izena eman zuten 1.100 pertsonetatik % 73k hiriburuan ikasi zuen, baina beste leku batzuetako ikasleak ere izan genituen, besteak beste, Aiaraldekoak (204), Arabar Errioxakoak (48) eta Lautadakoak (45)”, nabarmendu du.
Hemen eskabidea egiteko formularioa eta eskakizunak
Hemen diru-laguntzen zenbatekoak eta jakingarriak PDF batean
Hemen prentsa-ohar osoa
Bestetik, gogoratu behar da Gasteizko Udalak gurasoentzako, 55 urtetik gorakoentzako, eta atzerritarrentzako are laguntza gehiago eskaintzen dituela. Hemen informazio osoa