Ekaitz Lotina: “Araba Euskaraz Ikastolarekiko, Trebiñuarrekiko eta Euskara berarekiko bultzada nahi genuke izatea”
2018ko Araba Euskaraz Argantzunen ospatuko da aurten, Trebiñun. Ekainaren 17a izango da egun handia eta dena prest egon dadin lanean dihardute aspaldidanik Argantzun Ikastolako lagunek. Prestaketaren azken txanpan sartuak dira eta tarte batez Ikastolako zuzendari den Ekaitz Lotinarekin egon gara Ikastolaren egungo egoeraz, Trebiñuz eta euskaraz aritzeko.
-Lehenik eta behin, zer moduz doaz prestaketa lanak?
Definiturik daukagu guztia, azken ukituren bat falta da baina berehala zehaztuko da. Aparkalekuetarako eta gune bateko lur sailak ia-ia prestaturik daude, muntaketa lanetan laguntzeko zerrendak irekiak ditugu eta ekitaldi-egunean bertan lan egiteko jendea ere agertzen ari da.
Hala ere, Ikastola oso txikia gara eta ongi etorria izango da aurreko egunetan zein egunean bertan laguntzeko prest agertzen den oro. Bide batez, lagundu nahi duenak ae.laguntzaile@gmail.com helbidera idatzi dezake eta besoak zabalik hartuko dugu.
-Ez da Argantzunen Araba Euskaraz ospatzen den lehenengo aldia. Egoera hobetu al da aurreko ediziotik hona?
Alde batetik, pozik gaude, 15 urteren ondoren hemen jarraitzen dugulako, irakasle talde sendoa dugulako eta haurren matrikulazio datuak onak direlako. Proiektua erreferente bihurtu da inguruetan eta jendea pozik ateratzen da guretik.
Bestetik, arlo ekonomikoa eta zerbitzuena ditugu. Gu euskal herriari begira bizi gara baina ez gara EAEko ikastetxeen zerrendetan agertzen, eta ondorioz, baliabide material edo pertsonalak jasotzerako orduan ez gara existitzen. Finantzaketari begira, legeak omen dio EAEko Hezkuntza Sailetik ezin dugula kontzertaziorik jaso, eta arazo larria da hori. Gaiarekin loturik, Trebiñuko Udalek lehen baino gutxiago jasotzen dute Euskara sustatzeagatik, eta horrek zuzenean eragiten digu. Zentzu horretan, beraz, ezin dugu esan egoera hobetu denik, kontrakoa baizik. Ikastoletako Elkartasun Kutxari esker jarraitzen dugu bizirik.
-Zein da egungo Argantzon Ikastolaren egoera? Zenbat haur? Non?
42 ikasle ditugu momentu honetan ikastolan. Baina datorren urtera begira salto handia ematera goaz. Lehen Hezkuntzarako eskaintza egitea da erronka.
Baina Trebiñuko barrendegiaren egoera konpondu gabe egonik, legalitatearen barruan ezinezkoa da Lehen Hezkuntzarako eskaintza mahaigaineratzea. 15 urteko esperientziak hala erakutsi digu. Eta horregatik, Argantzundik 5 kilometrora dagoen Sagastieta herrian planteatzen dugu erronka berria: Lehen Hezkuntzako ikasleak bilduko dituen eraikina kokatu eta modu horretan proiektu osoari sostengua eman, egonkortasuna.
Ate joka ditugu jadanik proiektuaren berri jaso eta haien seme-alabak gurera ekartzeko prest dauden familia ugari. Gure matrikulazio datuek gorago egingo lukete nabarmen 55-60 ikaslera iritsiz datorren ikasturtean.
-Aurtengo leloan diozue “Irrikitan”, zeren irrikitan?
Zuzenean eragiten digun Trebinuko barrendegiaren afera konpon dadin gaude irrikitan, euskaraz bizi ahal izateko irrikitan, geure Ikastolari dagozkion baliabideak iristeko irrikitan, egonkortasuna lortzeko irrikitan, eskatzen ibiltzeari uzteko irrikitan, haur eta hezitzaile ikasten jarraitzeko irrikitan, egindako lanaren aitortza jasotzeko irrikitan…
-Lehen hezkuntza Arabako lurraldera pasa behar izan duzue. Zergatik?
Lehen aipatu dudan bezala, finantzaketa arazo larria dago Trebiñun. Euskara sustatzeko diru-laguntzak gero eta txikiagoak dira eta EAEko Hezkuntza sailetik ez da euro bat bera ere bideratzen. Ilegala omen da. Horretaz gain, Burgosek ez du Ikastetxe euskaldun bat inoiz diruz lagunduko.
Bestetik, Lehen Hezkuntza derrigorrezko hezkuntza da eta curriculum kontuak zorrotzagoak dira. Gaztela-Leongo geografia landu beharko genuke, Salamankako mendiak, Valladolideko ibaiak… eta gu ez ginen horretarako jaio. Kantuak dioen bezala, gu euskaldunak gara, euskal herrikoak.
Zapore gazi-gozoa dugu beraz, ematera goazen pausu honekin. Oso eskertuta gaude Sagastietakoek egindako harreragatik eta emandako erraztasunengatik, baina Lehen Hezkuntza Trebiñuko barrendegi barruan kokatzea litzateke idealena. 15 urteren ondoren, geure begiekin ikusi dugu, horrelakoetarako baldintzarik ez dagoela. Hori bai, Trebiñurentzat lanean dihardugu eta jarraituko dugu beti, hanka bat han eta bestea hemen, koartel jeneralak Argantzunen jarraituko du eta barrendegiko familiei orain arte egin dugun bezala zuzenduko gatzaizkie.
-Hainbatek Araba Euskarazekin ikastola mapan kokatuko dute, baita Trebiñu bera ere. Eragin ekonomikoaz gain, zer garrantzi du Araba Euskaraz Trebiñun ospatzeak?
Aurtengo Araba Euskaraz aldarrikapen eguna izan dadila nahi dugu. Ikastolarekiko, Trebiñuarrekiko eta Euskara berarekiko bultzada nahi genuke izatea. Oso gutxi dira Euskal Herriko herritarrek Trebiñuko euskararen maitaleei babesa adierazteko dituzten aukerak. Ekainaren 17an izango dute aukera hori, hurrengoa auskalo noiz izango ote den.