Edozein arabarrek proposa ditzake Lazarraga sarietarako hautagaitzak

Hautagaitzak, urriaren 18a arte; arin ibili, beraz!

Momentu honetan hautagaiak aurkezteko prozesua zabalik da urriaren 18a arte. Lan munduarekin eta euskararekin zerikusia duten alorretan parte hartzen duten entitateak gonbidatuko dira haien kideen artean sarien berri zabaltzera eta hautagaiak proposatzera.

Hautagaitzak jasoko dira LANABES web gunean lanabes.eus.

Horrezaz gain, sare sozialen bidez –Facebook-en orrialde bat ireki da “Lazarraga Sariak” izenarekin eta @Lazarragasariak Twitter kontua–edozein arabarrek proposa ditzake hautagaiak.

Beste horrenbeste egin daiteke www.araba.eus edota www.euskaraba.eus webguneetan edota euskaraba@euskaraba.eus e-postara idatziz.

Bost saridun

2018ko sariketan bost sari dira, erakunde zein nobanakoentzat. Eremu sozioekonomikoan egindako euskararen kudeaketa baloratzeko honako irizpideak hartuko dira kontutan:

  • Zer neurri ezarri diren zerbitzua euskaraz emateko.
  • Zer neurri ezarri diren lana euskaraz egiteko.

Era berean, ezarritako beste neurri edo baliabide batzuk ere kontua hartuko dira, hala nola:

  • Euskaraz lan egiteko baliabideak.
  • Kontratazioak.
  • Barne agiriak.
  • Kanpo komunikazioa.
  • Hizkuntza paisaia.
  • Produktua kontsumitzen eta erabiltzen duten pertsonentzako elementuak.
  • Lanbide Heziketako praktikak euskaraz egitea enpresetan.
  • Formazioa euskaraz eskaintzea.
  • Euskaraz ikasteko aukera eskaintzea lanean.
  • Erantzukizun sozialarengatik nabarmendutako jarduera.
  • Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzearekin zerikusia duen beste edozein neurri.

Sari-banaketa ekitaldia azaroaren 8an izango da Artium museoan.

Aurreko urteetako saridunak:

2016: Adigrafik, Txema Pascual, Etxeko Baratza, Lautada Bizirik eta Ciudad Jardín
2014: Besa upategia, Electra Vitoria, Oreka IT, Agirre Lekue botika eta Aner Garmendia (Egamaster)
2012: Abel Enbeita, Cuadrabus, Gometegui, Assa Ikastola eta Villa Lucía
2010: Kepa Mendia, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, JEZ Sistemas Ferroviarios, Skunk Funk eta Launa Upategia.

Lan munduarekin eta euskararekin lotutako Lazarraga Sariak aurkeztu dituzte Igone Martinez de Lunak, Arabako Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, eta Rober Gutiérrezek, Bai Euskarari Elkartearen zuzendariak. Hain zuzen, Lazarraga Sarien bosgarren edizioa aurkeztu dute gaur goizean Arabako Foru Aldundian egin duten prentsaren aurreko agerraldian.

Lazarraga Sarien helburu nagusia da Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen alde lan egin duten entitate edota pertsonak saritzea, eta haien ahalegina aitortzea.

Juan Perez Lazarraga aitzindaria izan zen euskaraz idatzi zuelako. Era berean, haren izena hartu duten Lazarraga Sariak  aitzindariak dira eta sarituko diren enpresak ere aitzindariak izango dira; euskararen normalizaziorako bidea urratzen aitzindariak.

Berriki, Igone Martinez de Lunak, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak nabarmendu du “gizartearen %48,2 euskaraz ulertzeko gai baldin bada, Araban gertatu den aurrerakada handia dela ezin ukatuko dugu. Belaunaldi berriak, eskola prozesua euskaraz egiteko gai izan badira, arlo sozioekonomikora jauzi egitean bitartekoak eta baliabideak eskaini beharko ditugu. Horretan ari gara. Lanbide Heziketako eragileekin harremanetan gara. Arabako Foru Aldundia sustatzaile nagusia da Lanabes, Araban Euskara Lanean ekimenean eta, izaten jarraituko du, Araban arlo sozioekonomikoan euskarak etorkizuna izatea beharrezkoa da-eta”.  Lan munduan bide beretik jarraitu behar dela gaineratu du, “eta horretarako behar-beharrezkoa da lan-mundua gazteen hizkuntza errealitatera egokitzea eta euskaraz aritzeko aukerak eskaintzea”.

Rober Gutiérrezek Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak, bere aldetik, Lazarraga Sariek Arabako arlo-sozioekonomikoan “euskalduntzean eragiten dutela” azpimarratu du. Badira jada 10 urte, Arabako Foru Aldundia eta Bai Euskarari Elkartea elkarlanean ari direla, eta hori pozgarria da. Areago, LANABES, Araban Euskara Lanean ekimena abiatu denetik.

Hori dela eta, “oso apropos” ikusten du euren lan-eremua euskalduntzeko lan egiten duten Arabako entitate, enpresa edo norbanakoei “euskararen normalizazioan egiten duten lana errekonozitzea”.

Epaimahaia LANABES, Araban euskara lanean ekimeneko kideek osatuko dute, Arabako lurralde historikoan edo Trebiñuko Konderrian euskarak eremu sozioekonomikoan duen presentzian eragin eta handitzearen alde egindako lana baloratuko dute.