BERTSOA BIZI GAZTE proiektua, Arabako gazteen sormenerako bide
Arabako eskualde guztietako 1000 ikasle inguruk hartu dute parte, 2016-2017 ikasturtean, Bertsoa Bizi Gazte proiektuan. Eskola ordutegiaren barruan tailerrak eginez, ikastetxeetako bertso saioetan parte hartuz eta eskola ordutegitik kanpoko tailer laburretan izan dute horretarako aukera.
Arabako Bertsozale Elkarteak, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, martxan jarritako proiektuak, gazteenen sormena izan du ardatz. Bertsoa, musika, rap-a, eta bestelako adierazpideen bidez, euskaraz zertarako gai diren erakusteko eta ondo pasatzeko plaza ezinhobea izan da, beraz.
Ikasturtean zehar egindako saio eta tailerrez gain, bertan sortutakoa sareetan zehar zabaltzeko bideoklipen lehiaketa bat ere bere barruan hartu du proiektuak. Guztira, 12 bideoklip aurkeztu zituzten Araba osoko gazte-taldeek lehiaketara, eta maiatzaren 13ko “Bertsoa bizi gazte” egunean, Legution, eman ziren jakitera bertan saritutako lanak:
- Bideoklip onena (Zarautzen asteburu pasa eta surf ikastaroa) ARMENTIA IKASTOLAKO ikasleek egindako “ohartu zaitez” bideoklipak.
- Bideoklip originalenaren saria (Garaion sorginunean sorkuntza asteburu pasa) ARMENTIA IKASTOLAKO ikasleek egindako “Barbi inperfektuak” bideoklipak.
- Ni banax arabakoa saria. Webguneko bozkatuena, OIONGO SAN BIZENTE IKASTOLAKO “Mahatsaren errotik” bideoklipak (Otxandion asteburu pasa, Ontza extrem-en)
- Txalometroaren saria. Legutioko kultur etxean, maiatzaren 13an, txalometroaren bidez neurtu zen, eta Urbasan abenturan asteburu pasa eskuratu zuten MURGIAKO Institutuko “Etorkizuna landuz” bideokliparen egileek
Legutioko Bertsoa Bizi Gazte egunak izan zituen beste osagai batzuk ere: Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala, lagunarteko bazkaria eta ondorengo festa… Egunaren kronika eta argazkiak ikus ditzakezue nibanaxarabakoa.eus webgunean, eta Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.