2018ko uztailean, EuskarAbentura izeneko espedizioa abiatuko da Euskal Herriko 7 lurraldeetan zehar. 16 eta 17 urte bitarteko 120 gazte bilduko ditu ekimenak eta Done Jakue bideari jarraiki, museoek, hitzaldiek, tailerrek, kirolek eta beste hainbat ekintzak osatuko dute espedizioa. Gu Beñat Garaiorekin (Gasteiz, 1990), EuskarAbentura elkarteko kidearekin egon gara.
-Zer da Euskarabentura?
Labur esatearren EuskarAbentura euskararen erabilera sustatzeko espedizio ibiltari bat da, Ruta Quetzal euskaldun eta euskaltzalea. Gazteon euskararen erabilera areagotzeko egitasmo bat jarri nahi genuen abian eta, horretarako, 120 gazterentzako hilabete osorako ibilbide bat prestatu dugu. Gazte batzuengandik eta gazteentzako pentsatutako herri-ekimena da EuskarAbentura, baina euskal gizarteko eta euskalgintzako babes zabala du, prestatzen aritu garen hilabete/urte hauetan saiakera berezia egin baitugu ahalik eta atxikimendu gehien jasotzeko.
-Nori zuzendua dago?
Hilabete oso bat euskaraz eta abenturan pasatu nahi duten 120 gazte euskaldunentzako pentsatu genuen ekimena, eta aurtengo ekitaldian (espero dugu urte askotan antolatzen jarraitzea) 2001 eta 2002 urteetan jaiotako gazteek hartuko dute parte, salbuespenak salbuespen. Noski, euskaraz jakitea eta euskararen aldeko jarrera izatea ere baldintza bat izan da, eta lan bat eta motibazio gutun bat entregatu behar izan dituzte gazte horiek aukeratuak izateko. Gazteen jatorriari dagokionez, lurralde guztien arteko oreka bilatzen saiatu gara eta Euskal Herritik kanpoko gazte euskaldunak ere sartu ditugu.
-Nondik nora egingo da? Zergatik Done Jakue bidea?
Uztailaren 1ean hasiko gara Maulen eta hilabeteko azken egunean amaituko dugu Bizkaia zubian. Mauletik Donibane-Garazira joango gara, hortik Iruñera, handik Viana eta Donemiliaga Kukullara, Araban sartuta, Gasteizeraino jarraituko dugu; Gipuzkoa zeharkatuz Baionara helduko gara eta kostalde ondotik zapalduko ditugu Donostia eta Bilbo. Eta bai, zuk esan bezala, Done Jakue bidea erabiliko dugu espedizio honetarako hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, EuskarAbenturaren zeharlerroetako bat Euskal Herriaren ezagutza da, bere ondare eta guzti, eta Santiagoko Bidea UNESCOk izendatutako ondarea da. Bigarrenik, azpiegitura egonkortua duen bidea da Done Jakue, eta gurea bezalako espedizio ibiltari batentzat, egokia iruditu zitzaigun lehen ekitaldia hortik igarotzea. Eta hirugarrenik, Done Jakueren bitartez Euskal Herriko hiriburu guztiak bisitatzeko moduan izango gara eta, gehiago edo gutxiago, lurralde guztiak ezagutzeko aukera emango digu.
–Euskaraz bizitzeko aukera eskainiko duen egitasmoa da. Baina euskararen, hizkuntzaren ezagutza historiko edo kulturala ere badu helburu. Orreaga, Donemiliaga, Ekain?
Hizkuntza, abentura, aisialdia, historia eta kultura batera uztartu nahi ditugu, guretzako euskararen erabilerak gure herriaren ezagutza duelako atzean, eta alderantziz. Donemiliagan aukera izango dugu, adibidez, euskaraz jasota dauden hitz zaharrenak ikusteko, baina bisita sinbolikoa da: hizkuntzaren historia ezagutuko dute gure hizkuntzaren etorkizunaren parte (izango) direnek. Bisita bakoitzarekin, ekintza bakoitzarekin, gure herria hobeto ezagutzea da helburua, betiere euskararen erabilera edukita erdigunean.
-Zer toki eta zergatik bisitatuko dira?
Done Jakueri buruz esan bezala, UNESCOk babestutako tokiak bisitatuko ditugu, baina baita beste hainbeste ere. Kasu honetan, mugatuta gaude oinez egingo dugulako ibilbide osoa, eta logikoki, ezingo dugu ibilbide horretatik asko urrundu gertu dauden toki, herri, txoko eta ekimen bereziak bisitatzeko, baina hilabete batek denbora mordoxka emango du eta gure hizkuntzaren, kulturaren eta historiaren adierazle diren bisitak aipatzearren, Añanako gatzaga, Santimamiñeko kobazuloak, Zumaiako flysch-aren ibilbidea eta abar. Bestalde, Araban izango gara uztailaren 12tik 15era, adibidez.
-Kirolaren esparrutik ateratzen ari dira udako gazteentzako ekintzak ere. Zer garrantzia du aisi giroan kultura ere lantzeak?
EuskarAbenturaren beste lan-ildo bat ohitura osasuntsuak izatea zen, eta ariketa fisikoa egingo dugu uda honetan, hori seguru. Halaber, uste dugu, euskal testuinguruan bizita ere, . Jakina, 16-17 urteko gazte askoren ohiturak eta errealitateak oso ezberdinak dira, eta lortzen badugu beraien interes eta erritmoetara egokitzea errazagoa izango da gure kulturarekin gozatzea. Eta bertako kulturaren transmisioaren eraginez, norberaren mundu-ikuskera horretan errazago sortzen da gure hizkuntza erabiltzeko aukera eta gogoa, eta alderantziz.
Halaber, etaparen amaieretan beti izango dugu ekitaldi edo bisita bereziren bat eta, adibidez, kultura mailako pertsonaia garrantzitsuek euren lana eta bizipenak partekatuko dituzte; beraz, aukera bikaina beraiengandik ikasteko eta gure ikuskera propioa eraikitzeko.
-Nola sortu zen egitasmo honen ideia?
Tira, orain 10 lagun gara EuskarAbenturaren parte, baina pixkanaka handitzen joan den egitasmoa izan da. Gutako batzuk Boiseko azkenengo jaialdian elkartu ginen eta bazeuden hiru lagun Ruta Quetzal-a egina zutenak, gazte eta begirale gisa. Gazte euskaltzaleak izanik, hasierako ilusio horrekin nahikoa izan genuen erronka onartzeko eta pixkanaka-pixkanaka gauzak lotzen joateko. Geroztik urte batzuk pasatu dira eta ez da erraza izan honaino iristeko bidea, baina pausuak ematen joan gara, diru-laguntzak lortzen, ingurutik bultzadatxoak lortzen, gure taldera jende oso baliotsua erakartzen, eta orain pozik esan genezake EuskarAbentura errealitate bihurtzetik gertu gaudela. Euskal Herri osoko 10 gazte gara, esan bezala, bakoitza errealitate, soslai eta izaera ezberdinekoak, eta azken urtean kontratatu ditugun bi liberatuek ezin hobeto bultzatu eta borobildu dute elkarteko kideen inurri-lana. Eta bukatzeko, esan beharra dago EuskarAbenturako 10 kideen erdiak garela arabarrak, eta hori ere guretzat oso pozgarria da.