Gaztea bazara eta begirale aritu nahi baduzu Arabako udalekuetan, erne ibili!


Aurten ere Arabako Foru Aldundiko Euskara Foru Zerbitzuak (EFZ) sustatutako Hau jolasa baino gehiago da aisialdian euskaraz sozializatzeko ikastaroak  —Arabako aisialdian lan egiteko enpresa askotan nahitaezko eskakizun dena— antolatu ditu.

Honako hauek dira orain arte iragarritako ikastaroen noiz-nongoak:

-LAUTADA (Ozetan), ekainaren 8an 16.00-19.00 (DAGOENEKO EGINDA)

-GORBEIALDEA (Murgian), ekainaren 22an 16.30-19.30

-ARABAR ERRIOXA (Guardian), ekainaren 26an 9.30-12.30

-MENDIALDEA (Maeztun), ekainaren 27an 10.00-13.00

-AIARALDEA (Luiaondon), ekainaren 28an 17.00-20.00

Aipatu behar da ikastaroak Geu elkarteak kudeatzen dituela eta doan ematen direla. Halaber, baliteke ikastaro gehiago antolatzea 2018an; hala izanez gero, Euskaraban iragarriko dugu.

Bestetik, jakinarazi nahi dugu 2018 aisian euskaraz sozializatzeko ikastaro mota berriak sustatu ditugula; besteak beste, udalekuei begirako sakontze ikastaro bat, honako egun eta herrietan:

-AIARALDEA (Amurrio), ekainaren 21ean.

Halaber, Laudion —bertako udalak antolatuta— ekainaren 26an ere izango duzu sakontze ikastaroa egiteko aukera.

Arabako errealitate linguistikoari —gero eta elebidunagoa dena— erantzunez, EFZn duela urte batzuk hasi ginen haur eta gazteei begirako prestatzaileak prestatzen. Hala, 2015ean Haur eta gazteen jardueretarako hezitzaileentzako gida argitaratu genuen.

Argitalpen hori hementxe deskargatu ahal duzu, nahi izanez gero. Bertan, Aisiako eta Astialdiko hezitzaileei (kultura, kirola, aisialdia, jantokiak…) euskararen erabileran eragiteko kontuan hartu beharreko zenbait irizpide interesgarri proposatzen dira, eta begirale aritzeko asmoarekin bazabiltza zeharo erabilgarria gertatuko zaizulakoan gaude.

Azkenik, esan behar da gaztelekuetan, jolas txokoetan, ludoteketan-eta aritzeko berariazko ikastaroak ere eskainiko direla 2018an lehenengo biderrez. Emango dizuegu haien berri ere Euskaraban.

Ez galdu aukera hau!
Informazio gehiago 945 222 153 telefono zenbakian eta ddeayala@geuelkartea.eus helbidean.