“Merezi du” lemapean, kanpaina bete-betean ari dira Arabako Kuadrilla eta Udalak, euskara eskoletako matrikulazioari begira

Irailaren hasieratik dago martxan ikasturte berrirako (2020-2021) matrikulazio kanpaina. Irailean zehar, Arabako udalerri, hirigune eta auzoetan zabalik dago euskara-eskoletan izena emateko aukera. Interesa duena oraindik garaiz dabil, beraz, aurrera.
Ikasturteari urrian emango zaio hasiera, eta, eskolez gain, hainbat aukera izango ditu, hala nahi duenak, ikasitakoa praktikan jartzeko: mintzalagun, berbalagun taldeak, kultura-emanaldiak eta irteerak… Motibazio asko dago euskara ikasteko, baina, guztien gainetik, euskara ikastera animatzen zaitugu merezi duelako.

Bestalde, ezin ahaztu 2020-2021 ikasturtea desberdina izango dela. Dena aldatzen dela dirudi, eta horrela, euskalduntze-ikastaroek ere ikasleen neurrirako aldaketak eskaintzen dituzte. Teknologia berriei esker, urrutiko ikastaro presentzialak egin ahalko dira, eta hemendik aurrera, aurrez aurreko ikastaroan etxetik konekta zaitezke; Internet sare bat baino ez duzu behar, eta, ahal dela, pantaila bat (ordenagailua, tableta, telefonoa), mikrofonoarekin eta bideo-kamerarekin. Euskaltegia aro teknologikoan da. Ez galdu aukera. Merezi du.

Gogoan izan, horrez gain, euskara ikasleek hainbat dirulaguntza-bide dituztela, matrikularen kostua arintzeko: Arabako Foru Aldundiak zuzenean euskaltegiei ematen dizkietenak, edo HABEk euskara ikasleei ematen dizkietenak.

Anima zaitez, eta eskatu informazioa gertuen duzun euskaltegian edo euskara zerbitzuan.