
Zazpigarren edizio honetan hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 24ra arte egongo da zabalik.
Arabako Foru Aldundiak eta Bai Euskarari Elkarteak Arabako eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko sortutako sariak azaroaren 24an banatuko dira Gasteizko Artium Museoan.
Aurtengo edizioa aurkezteko ekitaldian Euskara eta Gobernu Irekiaren foru zuzendari Lexuri Ugartek eta Bai Euskarari elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek balioa eman nahi izan diote erakunde askok euskara egunerokoan txertatzeko egiten duten lanari; eta, baita ere, sail ezberdinen bitartez tresna transbertsal eta sozializatzaile bihurtzeko egiten duten esfortzuari. Ahalegin hori aitortu eta saritzeko, bost sari emango zaizkie Arabako Lurralde Historikoko erakunde edo pertsona fisikoei, gizartean eta enpresetan euskararen erabilera sustatzeko egindako lanagatik eta ekimenengatik.
Aitortza hauek Lanabes-Araban Euskara Lanean ekimenaren parte dira, Arabako enpresa munduan euskararen erabilera zabaldu nahi duen ekimenarenak, alegia.
“Erakunde gisa, Arabako erakunde eta enpresak sustatu, lagundu, aholkatu eta saritzea bilatzen duten ekimen eta proiektuak bultzatzen eta babesten inplikatuta gaude, gero eta gehiago baitira negozioak dituzten pertsonei zerbitzu hobeak eskaintzeko euskara egunerokoan sartzea ezinbestekoa ikusten dutenak” adierazi du Euskara eta Gobernu Irekiaren foru zuzendari Lexuri Ugartek. Are gehiago, Arabako Foru Aldundiak euskara sustatzea zeharkako estrategia nagusietako bat izaten jarraituko duela gogorarazi du.
“Foru Aldundiak lan munduan euskara txertatzeko lanean jarraituko du, SEA eta Vital Fundazioaren lankidetzarekin. Bestalde, kirol arloan euskara sustatzeko proiektu txikiak eskaintzen hasi gara. Era berean, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu Araban orain arte landu ez diren esparruetan eragitea, hau da, IKTen munduan, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan, euskara sartzea”, gaineratu du Ugartek.
Rober Gutierrezek azpimarratu duenez, Bai Euskarari Elkarteak, Lazarraga Sariak proiektuarekin, “Arabak gizarte aurreratua, modernoa eta euskaraz bizi eta lan egingo duena izatea” lortu nahi du. “Lanean jarraituko dugu errealitate bat izan dadin”, amaitu du.
Euskaraz idazterakoan aitzindari izandako Juan Pérez Lazarragaren sariekin Arabako esparru sozioekonomikoan aitortutako enpresa eta erakundeen sare bat ehundu nahi da.
Bost sari
Bost sari banatuko dira erakunde eta pertsona fisikoen artean, eta hauek izango dira epaimahaiak kontuan hartuko dituen aldagaiak:
- Zerbitzua euskaraz eskaintzeko eta lana euskaraz egiteko neurriak.
- Lana euskaraz egiteko baliabideak.
- Kontratazioa.
- Barne-dokumentazioa.
- Hizkuntzaren ingurunea.
- Kanpo-komunikazioa.
- Produktuaren kontsumitzailea eta erabiltzailearentzako elementuak.
- Lanbide Heziketako euskarazko praktikak enpresetan.
- Euskaraz egindako prestakuntza.
- Lanean euskara ikasteko prestakuntza.
- Arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko egindako beste edozein neurri.
Hautagaitzak pertsona fisikoek zein erakundeek aurkez ditzakete. Hautagai gisa aurkezteko baldintza bakarra Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko enklabean egoitza izatea da. Proposamen horretan, emandako informazioa eta zioen azalpena hartuko dira kontuan, eta edozein euskarri erabili ahal izango da erakundearen edo pertsonaren ekintzak erakusteko.
Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 24ra arte egongo da zabalik, eta proposamenak egiteko hainbat bide egongo dira:
- Helbide honetan aurkituko duzuen formularioaren bidez: https://baieuskarari.eus/eu/proiektuak/lazarraga-sariak
- E-mailez, helbide honetara idatzita: lazarragasariak@baieuskarari.eus
Azken izendapenak eta irabazleak erabakiko dituen epaimahaia Lanabes proiektuaren talde eragileak osatuko du.
Arrazoiak eta aurkeztutako dokumentazioa ere baloratuko dira, eta Lazarragaren eskuizkribuan oinarritutako litografia eta eskuizkribua emango zaie sarituei.