Iker Ondartzak eta Mikel Perezek irabazi dute Arabako Foru Aldundiak eta EHUk antolatutako Henrike Knorr bekaren lehen edizioa

Eman dira jakitera Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Henrike Knorr zenaren omenez antolatutako ikerketa bekaren lehen irabazleak: Iker Ondartza eta Mikel Perez.

Foru erakundeak hainbat urte daramatza euskal hiztunak eta euskal hiztunen sareak aktibatzen, eta Lurraldean euskaraz bizitzeko aukerak bermatzeko baldintzak sortzen laguntzen duten politikak ezartzen. Helburu hori lortzeko oso garrantzitsua da ikerketak bultzatzea; horregatik, EHUrekin lankidetzan adostu du euskararen erabilerari buruzko ikerketa-lan monografikoak eta master amaierako eta gradu amaierako lanen proiektuak sustatzeko deialdia urtero argitaratzea.

Bai Arabako Foru Aldundiak eta baita EHUk ere beka honen bitartez omendu nahi izan dute Henrike Knorr zena. Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiaren zuzendari Lexuri Ugarteren esanetan, “ekimen interesgarri honek euskara babestea du helburu, baina bada baita ere omenaldi bat euskaltzale eta euskalgintzako erreferente denari. Asko zor diogu berari”.

Prentsaurrekoan parte hartu duen EHUko ordezkari Eider Goñik ere hitz ezin hobeak izan ditu ekimenarekiko eta, noski, Henrike Knorr-arekiko: “Beka honen bitartez gure lankide izan zenaren irudia omendu egiten da, eta argi eta garbi Arabako campusak euskararekin duen konpromisoa berretsi egiten da”.

Henrike Knorren alargun Txari Santiagok eta alaba Iruri Knorrek ere pozik hartu dute ekimena. Familiaren hitzak dira hauek: “Aurten 14 urte beteko dira Henrike joan zitzaigunetik eta, guretzat, Henrikeren familiarentzat, ohore handia da haren izena honelako ekimen batean ikustea. Bera oso pozik egongo litzateke, bereziki sari hau erakunde ezberdinen arteko elkarlanaren fruitua delako.

Zorionik beroenak lehen deialdi honetako sarituei. Mila esker zuei eta parte-hartzaile guztiei, eta mila esker, orobat, Arabako Foru Aldundiaren Euskara-Zerbitzuari eta Euskal Herriko Unibertsitateari. Henrikek biziki maite zuen ikerketa, eta horrelako ekimenak ezinbestekoak dira etorkizunean ere euskararen inguruko ikerketa bermatzeko.

Mikel Perez: “Banuen gogoa aspaldian hainbeste zabaldutako joera honen analisi objektibo bat egiteko”

Ikerketa-beka eskuratu duen ikasleetako bat Mikel Perez da eta hark aztertuko du Gasteizko gazte elebidunen artean kodeak txandatzearen aurreran jarrerak eta onargarritasuna.

Nola bururatu zitzaizun gai hau ikertzea?

Aspaldian hainbeste zabaldutako joera honek nire arreta deitzen du. Pentsa, adibidez, Chill Mafia taldeak ere bazterrak nola harrotu dituen. Ba banuen gogoa joera honen analisi objektibo bat egiteko. Jakina, izan behar zuen testuinguru oztopatzaile batean non euskarak ez daukan indar handirik, eta Gasteiz horretarako aproposa da.

Badira joera hau euskararen kalterako dioten ahotsak. Zuk zer deritzozu?

Ez dago egia bakarra, testuinguru eta galdera motaren araberakoa da. Adibidez, beste herrialde batzuetan oso ohikoa da ingelesarekin hala gertatzea. Eta gurera etorrita batzutan positiboa izan daiteke euskararentzat. Beldur direnentzat lasaitasun mezua zabalduko nuke; izan daiteke trantsizio bat… edo ez.

Noizko bukatuko duzu? Eta zer aurreikusten duzu izan daitekeela zailena?

Ekaina-uztailerako bukatuta egotea espero dut. Orain galdetegia betikotzen nabil. Zailtasun gehien eman ahal didana da neurketa estatistikoa, ikasketetan ez dugulako horren prestakuntzari jaso, baina eginez ikasiko dut.

Iker Ondartza: “Ikertu nahi dut gaur egungo mugatatatik harago arabera zer izan zen, eta hori azaleratu”

Iker Ondartzak arabera edo Arabako euskalkia deritzona ikertu izan du gradu amaierako lanean, eta beka honi esker gehiago sakondu ahal izango du honetaz.

Nola bururatu zitzaizun gai hau ikertzea?

Arreta deitzen dit gure euskalkietatik ezezagunena den honek. Ia galduta dago eta merezi du horretaz gehiago jakitea: zer izan zen. Are gehiago, gaur egungo muga politiko eta geografikoetatik kanpo ikertu nahi dut. Gainera, azken urteotan gai honek izan du berpizkunde antzeko bat, batez ere Lazarragaren esku-iskribuaren ostean.

Arabera hitza onartuta dago?

Berez Euskaltzaindiak Arabako euskara esamoldea erabiltzen du, baina badago joera berri bat dioena Arabako euskara esamoldea ez dela egokia. Eta nik ere bat egiten dut arabera erabiltzearekin; izan ere, badut susmo bat arabera deritzona Arabako gaur egungo mugetatik kanpo, Debagoienean alegia hitz egiten dena izan ahal dela.

Zerbait gehitu nahiko zenuke?

Bai. Eskertzen dut beka hau jasotzea, oso lagungarria da ikerketak egin ahal izateko. Eta bide batez, nahiz eta ni ez naizen ikertzailea, aldarrikatu nahiko nuke ikertzaileen baldintzak hobetu behar direla.