Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 15ean bukatuko da

Arabako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitatearen lankidetzan, Henrike Knörr ikerketa sarien deialdi berri bat jarri du martxan. Ikerketa horiek Araban euskararen erabilera aztertzea eta sustatzea dute helburu; eta Aldundiak Araban Euskara Sustatzeko 2010-2022 aldirako Plan Estrategikoaren baitan kokatzen da ikerketa deialdia.

Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendari Lexuri Ugartek, iazko edizioan saritutako MIkel Perez eta Iker Ondartza zein EHUko ordezkariek lagunduta, eman du ikerketa bekaren berri. Horrez gain, Henrike Knörr-en familiak helarazitako bideo bat izan da ikusgai.

Ugartek azaldu du edizio honetan lehentasuna Arabako euskararen alorren batekin lotutako master amaierako proiektuei, baina ikerketako edo gradu amaierako proiektu monografikoak ere onartuko direla, ondorengo tesiak sustatzeko, beti ere ikerketa gai nagusia euskararen erabilera bada edozein jakintza arlotik aztertuta.

Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendariak azpimarratu nahi izan zuen, baita ere, ikerketa sari hau “erronka eraikitzaile bat izateaz gain, besteak beste, EHUko Gasteizko Letren Fakultateko katedraduna izandako Henrike Knörr-eri omenaldia ere bada, euskararen alde egin zuen lan handiagatik”.

Bi sari

Edizio honetan ere bekak bi ikerketa sarituko ditu, bietako bakoitza gehienez 2.000 euroko laguntzarekin. Eta irizpide hauen arabera balioztatuko dira: proiektuaren helburua eta interesa, Araban euskararen erabilera normalizatzeko egiten duten ekarpena, ebaluazio orokorra, garapen maila, bideragarritasuna, curriculum vitae-a, ikasketa espedientea eta master amaierako lana.

Eskaerak aurkezteko epea 2022ko azaroaren 15ean amaituko da.

Hona hemen oinarriak eta informazio zabalagoa.