Araban euskara bultzatzeko 300.000 euro inguruko laguntzak banatu ditu Aldundiak

  • Laguntza hauek helduen euskalduntzea eta euskarazko hedabideak sustatzea dute helburu.
  • Aldundiak euskararen alde egiten duen apustu sendoaren adierazle dira laguntza hauek.
  • Aurten 900 pertsona inguru izan dira onuradunak.

Abenduan kaleratu du Aldundiak bi laguntza hauen ebazpena. Herritarrak euskalduntzea helburu duen programari esker 100.000 eurotako laguntzak banatuko dira eta Araban diharduten sei euskaltegien bitartez gauzatuko dira. Eta euskarazko hedabideak bultzatzeko beste 193.400 euro.

Pausuz pausu, urratsak betez

Mari Karmen Ruiz de Gauna, Eriben bizi da, Zigoitiako kontzejuan. Orain dela lau urte hasi zen euskara ikasten eta B1-B2 mailako taldean ari da, beste sei ikasleekin batera. Eta bera da Aldundiak ematen dituen laguntza hauen onuradun bat.

“Etxean, lanean eta lagun artean euskaraz hitz egiteko ari naiz ikasten. Ez da bat ere erraza, oraindik ere nire inguruan gehiengoak gaztelania erabiltzen baitu, baina poliki-poliki bada ere, urratsak ematen ari gara”, dio. Gasteizko Abastos merkatuan egiten du lana bere senarrarekin batera gazta saltzen eta han ere gero eta gehiago erabiltzen du euskara. “Saiatzen gara gure postua euskarazko txartelekin identifikatzen eta, horri esker, gero eta pertsona gehiago zuzentzen da euskaraz. Pozgarria da! Aurrera egitera animatzen nau!”.

Ohiturak aldatzea da zailena, batik bat arlo pribatuan. “Etxean, nahiz eta senarra eta semeak euskara jakin, nirekin gaztelaniaz egiteko ohitura dute. Eta lagunen artean, batzuk badakite euskara baina beste batzuk ez, beraz, gehienetan gaztelaniaz hitz egiten dugu. Horregatik, aurrera egiteko, elkarrekin hartu behar dugu kontzientzia”, baieztatzen du.

Ikasi eta erabili euskara

Ikasturte hasieran bultzatu zuen Arabako Foru Aldundiak Ikasi eta erabili euskara. Merezi du! kanpaina, Araban euskara ikasi eta erabiltzeko helburuarekin. Eta bide beretik doaz joan den abenduan onartu diren laguntzak, euskara ikasteko aukerak zabaltzeko, ahalik eta erraztasun gehien emateko eta, nolabait, arabarren artean euskararen aldeko kontzientzia pizteko.

2019an laugarren urtez euskaltegietan euskara ikasteko laguntzen programa martxan jarri zuen Arabako Foru Aldundiak, “erakundeon ardura baita euskaraz bizitzeko aukerak eskaintzea”.