Planak 76 ekintza zehatz ditu eta Arabako gizarteko eragileek hartu dute parte lanketan.

Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoa Araban (2019-2022) aurkeztu zuten jendaurrean irailaren 26an Europa jauregian.

Aurkezpen-ekitaldian Plana lantzen aritutako hainbat eragile izan ziren, besteak beste, Foru Aldundiko, Gasteizko Udaleko eta Batzar Nagusietako talde politikoetako ordezkariak, baita Plana zehazteko orduan aholkularitza lanak egindako Elhuyar enpresakoak ere.

Orobat, Arabako euskalgintzaren izenean, hainbat erakundetako ordezkariak bertaratu ziren, eurak ere Plana mamitzen jardundakoak. Beste askoren artean, honako entitate hauetako kideak izan ziren ekitaldian: Euskaltzaindia, Arabako euskaltegiak, Gazteriaren Foru Erakundea, Arabako Kirol Federazioen Elkartea (AFDA), Arabako aisia- eta kirol-elkarteak, aisia- enpresak, Bai Euskarari elkartea, Topagunea, Alea eta abar.

Lexuri Ugartek, Euskararen Foru Zerbitzuko zuzendariak, plana eratzen aritu diren eragile guztiei eskerrak eman ostean, azpimarratu zuen Plan berriak kalitate-salto bat ekarriko duela Araban; izan ere, prozesua parte hartzailea izan da hasiera-hasieratik, “gaur hemen dugun  ordezkaritza zabala agerian uzten duen bezala”.

Bestetik, Planaren xedeak lortzeko oinarri eta estrategia berriak jorratu dira; hortaz, diseinu-prozesu osoan Planeko erdigunean kokatu dira  lurralde-ikuspegia, lidergoa, elkarlana, koordinazioa, komunikazioa eta parte hartzea , eta halaxe izango da Plana gauzatzean ere.

Era berean, plana “eraginkorra eta neurgarria” izango da —adierazle-sistema baten bitartez—, eta komunikazio estrategia berriak izango ditu. Bide horretan, Euskararen Foru Zerbitzua (EFZ) gidari izango da, baina elkarlanean arituko da Arabako Euskara Zerbitzuekin (AEZ), baita Arabako gainerako gizarte eragileekin ere.

Planaren helburu nagusia honako hau izango da: hiztunak eta haien sareak aktibatzea, eta lurraldean euskaraz bizitzeko aukerak bermatzeko baldintzak sortzen jarraitzea.

Deskargatu plana hementxe, edo eskatu zure paperezko alea helbide honetan: euskaraba@araba.eus