Arabako Foru Aldundia, aurtengo Durangoko Azokan

Durangoko Azoka abenduaren 6tik 10era egingo da aurten eta Arabako Foru Aldundiak, urtero legez, bere saltokia izango du Landako Gunean. Bertan, beste askoren artean, honako nobedade hauek aurkitu ahal izango dituzu:

Europa, Barandiaran eta baloreak; Jose Miguel Barandiaran  antropologo eta arkeologo handiaren heriotzaren harira argitaratutako artikulu-bilduma. Bertan biltzen dira haren izena duen Fundazioak 2016an antolatutako ekitaldietan ondutako hainbat ekarpen eta ponentzia. Besteak beste, honako ikerlari hauek hartu zuten parte: Jose Mari Velez Mendizabal, Argitxu Camus, Ixone Fernandez de Labastida, Gaspa Martinez eta Xabier Irujok.

Bestalde, iazko Ignacio Aldecoa Ipuin Lehiaketaren saridunak egongo dira eskuragai. Batetik, gaztelerazko José Molinaren Arrayanesen Un soplo en el corazón, eta bestetik, Txus Arrietaren Tuperra ipuina, euskaraz. Arrietaren ipuina “adostasunez eta desadostasunez dihardu. Pertsonaia goiz ateratzen da etxetik, autoz. Tuper bat darama lanera, bazkalordurako. Bidean bi etorkin jasotzen ditu eta Gasteizen uzten ditu. Hortik aurrera, halabeharra eta zoria elkarren eskutik ibiliko dira hara eta hona. Ipuin soila da, egitura soil eta zirkularrekoa, mezu edo ikasbide baikorra dakarrena.”

Halaber, iazko Ernestina Champourcín Poesia Lehiaketako irabazleen obrak ere izango dira AFAren standean: Un destello fugaz Andrés R. Blancorena, eta Orfeoren jaitsiera Gotzon Koldo Jaiorena. Euskarazkoari buruz, adituek hau nabarmendu dute: “Edertasunari egindako kantua da. Autoreak iturri klasikoetatik edan du, erritmo biziarekin aletzen ditu biziaren eta poesiaren gaineko gogoetak eta sentsazioak. Arreta handiarekin zaintzen du forma poetikoa, hizkuntza oso jasoaz idatzita dago eta bertsoak antolaturik daude musika moldeen eredura”.

Era berean, 2016ko Becerro de Bengoa lehiaketako saiakera-saridunen obrak izango dira azokan. Gaztelaniaz, Mombasa, nuevo vuelo de búho izango dugu, Francisco Javier Insaustik idatzia. Euskarazko lanen artean, ostera, Bedua, Ilustrazioa bilobei kontatua Juan Luis Suduperena gertatu zen irabazle. Liburuan autoreak Ilustrazioaren ideia handiez dihardu, zeintzuek arrastoa utziko baitzuten giza askatasunaren etorkizuneko ideietan.

Hauek eta askoz gehiago gure aurtengo standean prezio ezin merkeagoan.

Pasa zaitez gure saltokitik!!

Azokaren inguruko informazio gehiago hementxe.