Aldundia eta Gasteizko udala, 11 urte elkarrekin euskara sustatzen
Euskararen eguna zena, gaur, euskararen astea da leku askotan, esate baterako Gasteizen; besteak beste, Gasteizko udala eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetzari esker. 2017ko egitarau zabala Euskarak 365 leloarekin aurkeztu dute oraintsu Oihaneder etxean, eta lankidetza horretan ere izan dira Alea eta Geu elkartekoak.
Urteak dira Gasteizko udala eta Arabako Foru Aldundiaren arteko harremanek onbidea bilatu zutela, 2006an hitzarmen markoa sinatu zuten euskara sustatzeko eta urtez urte ildoak adostu dituzte, dela EBPN zenean, edo azken urteotan ESEP jarduerak garatzeko.
Bi erakunderen artean adostu eta lehenetsitako sustapen ildoak ez ziren inondik ere desbideratuak, izan ere, gaur egun ere, antzerako sustapenetan gabiltza, seinale premia bazela orduan, premia badela oraindik ere.
Honako ekintzak partekatu ditugu, besteak beste:
- Euskara sustatzeko komunikazio eta sentsibilizazio kanpainak
- Arlo sozioekonomikoan hizkuntza zerbitzuen eskaintza eta zabalkundea merkataritza eta ostalaritza ( Giro Onean, Gasteizen bai…)
- Kirola euskaraz zabalkunderako hiru hilean behingo nerabeentzako ARIN aldizkaria
- Euskaraz kanpoko jardueretarako laguntza (aisia eta kirola)
- Aisia eta kiroletako Topaketa: “Euskara , marka eta erronka”
- Euskararen Nazioarteko eguna
- Aisialdiko begiraleei eta enpresei begirako formazio-eskaintza
Horiek horrela, lehen bezala ote gabiltza, bada? Ez, inondik ere. Etengabeko ebaluazioak erakusten du zorrozten begirada, hobekuntzak ezartzeko eta bidea errazago izan dadin; beti ere, helburuak partekatu eta bidelagunak egiten.
Lankidetza modu honek izan du azken urteotan bi erakundeon arteko egitekoan gehiagora jotzeko aukera ere, dela kulturan dela administrazioaren barruan ere.
Orduko euriak gaurko lokatza esaten da gaztelaniaz; Araban euskaraz zera esan beharko genuke, orduko euriak gaurko loraldia.