Ikusi hemen Foroaren bideo laburpena
Arabako enpresak euskarara gerturatzeko lanean jarraitzen du Lanabes egitasmoak, eta horren lekuko da martxoaren 11n Arabako Merkataritza Ganberan egin zen Arabako Enpresen Foroa. Guztira 24 enpresek hartu zuten parte.
Honako foroan parte hartu zuten enpresen zerrenda:
-Uriarte Industrial.
-SEA Empresas Alavesas.
-Mutualia.
-SPRI Enpresen garapenerako euskal agentzia.
-Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A.
-Bai Euskarari Elkartea.
-Federación alavesa de comercio y servicios (AENKOMER).
-Teklak. Komunikazio eta Audientzien Estudioa
-Sartu Álava.
-Sirimiri Zerbitzu Soziokulturalak
-Eraman Coop.
-IrseAraba Scoop.,
-El Corte Inglés.
-Ludoland.
-Ediren.
-Gaubea kanpina.
-Laneki elkartea.
-RPK.
-Indesa.
-Arabako Merkataritza Ganbera.
-ASAFES.
-Laudioalde Lanbide Heziketa Eskola.
-Centro Comercial El Boulevard de Vitoria-Gasteiz
-Ciudad Jardín LH.
-Oreka IT.
-Argantzon Trebiñuko euskara teknikaria.
-EGAMASTER.
-Egibide.
-Artepan.
Lurraldeko enpresetan zein eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko eskura dauzkaten tresnen inguruan hitz egin zuten foroan, baina bertaratu ziren kideentzako interes berezikoa izan zen IRSE eta EDIREN enpresen solasaldia.
Horrela, Lanabes egitasmoaren babesarekin 2023ko irailean sortu zen Eskuara programa 50 langiletik gorako Arabako enpresetan euskara sustatzeko xedez ari da. Hain zuzen ere, Eskuara zerbitzuak eskaintzen duen doako aholkularitza jasotzen ari dira Irse eta EDIREN, eta horri esker ari dira hizkuntza irizpideak lantzen.
Arabako Enpresen Foroan azaldu ahal izan zuten beren eskarmentutik zelako garrantzia duen enpresan euskara kudeatzen hastea.
Estitxu Sarachok EDIREN enpresaren izenean hitz egin zuen: “Lan giroa gaztelaniaz zegoen gure enpresan, baina belaunaldi berriek euskaraz hobe identifikatzen genuen elkar; garrantzitsua izan da lanketa egiten hastea”. Psikoterapiako kooperatiba bat da EDIREN, eta pertsonekin aritzen diren heinean hizkuntzak euren lan-tresnak direla esan zuen Sarachok. “Orain arte lan asko geneukan eginda, baina ordenatzea falta zitzaigun; eta orain hizkuntzak modu kontzientean erabiltzen hasteko bidea hasi dugu”. Oinarri komun batzuk jartzeko lagundu die prozesu horrek.
Esku-hartze sozialen arloan aritzen den kooperatiba da Irse Araba, eta bertako ordezkari moduan hitz egin zuen Ane Agirrek. EDIREN kooperatiban gertatzen den moduan, orain arte hainbat eremutan euskarazko eskaintza bazeukaten, baina kontu puntualak ziren: “Euskara gure erakundean txertatu nahi genuen, baina modu ordenatuan egin nahi genuen”. Horregatik ari dira hizkuntza irizpideak lantzen Eskuara programarekin. Zerbitzuak orientazioa eskaini diela azaldu zuen, eta horrek berarekin ekarri duela lasaitasuna. Aurrera begira barrura begirako komunikazio asko aldatuko direla aurreikusi zuen, batez ere belaunaldi berriak elebidunak izango direlako, eta horrek “bilerak pixkanaka gehiago euskaraz” izatea ekarriko duela. Hizkuntza irizpideen dokumentua lantzen ari dira eurak ere, eta etorkizunean ziurtagiriren bat lortzea espero du Agirrek.
Enpresetan halako lanketak egiteko, ordea, erakunde publikoek hainbat laguntza eskaintzen dituzte. Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetzan elikatzen duten LANABES ekimenetik, esaterako, hizkuntza aholkularitza eskaintzen dute. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ere enpresetan euskara sustatzea helburu duten proiektuak finantzatzeko laguntza ekonomikoak eskaintzen ditu Lanhitz programaren bidez. Arabako Enpresen Foroan elkartu diren 24 enpresetako ordezkariek horien inguruko xehetasun teknikoak jaso dituzte erakundeetako ordezkarien ahotik.
Euskarak enpresan izan behar duen lekua zehazten
Arabako Enpresen Foroan esperientzia positiboak entzuteaz gain, lan egiteko tartea ere egon zen. Zazpi taldetan banatu ziren bertaratutako enpresak, eta denen artean hausnarketa egin zuten adosteko Arabako enpresetan euskarak zein leku eduki beharko lukeen. Aurreko foroan hasi zuten lanketa hori, eta saio honetan jarraipena eman zitzaion orduan esandakoak osatuz. Horrez gain, Arabako enpresetan euskara txertatzeko adibide positiboak ere jaso nahi izan zituzten.