Arabak bat egingo du Euskaraldiaren bigarren edizioarekin

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak eta Encina Castresana Aiarako Kuadrillako presidenteak –Arabako espektro instituzional osoaren ordezkari gisa –Euskaraldira atxikitzeko agiri bat irakurri dute, eta bertan euskararen aldeko ekimen sozial honetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak

Udal eta Kuadrilletako ordezkari politikoek, Arabako Foru Aldundiko kideekin batera, Euskaraldia euskararen aldeko ekimenari atxikitzeko ekitaldian parte hartu dute gaur, euskarazko hizkuntza-ohituren erabilera eta eraldaketa bultzatzeko.

Bertan, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak, Encina Castresana Aiarako Kuadrillako presidenteak eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak atxikimendu agiri bat irakurri dute Arabako erakunde guztien ordezkari gisa.

Bertan, Gasteizko alkateak, Arabako udalerri guztien ordezkari gisa, gogorarazi du Arabako gizartean “euskara eta gaztelania elkarrekin bizi direla, eta badakigu euskaraz egitea ariketa bereziki soziala dela, ez da norbanakoak bere kabuz hartzen duen erabakia soilik”, Euskaraldiaren bigarren edizio honetan arabarrek prest dauden “ahobizi” rolak beren borondatez berriro eskuratzeko deia eginez. Beti euskaraz hitz egiteko lehen hitza, edo “belarriprest”, euskaraz entzuteko prest daudenak, jakin ala ez.

Herritarren hizkuntza ohituren erabilera eta eraldaketa bultzatu nahi duen ekimenaren bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da aurten, eta “ariguneak” jarriko dira abian –Talde horietako kideek ahobizi eta belarriprest gisa jardungo dute Euskaraldiak iraungoduen 15 egunetan –aurtengo nobedaderik azpimarragarriena.

Edizio honetan arabarrek aukera berri bat izango dute Lurralde Historikoan ere euskarazko komunikazioa posible dela frogatzeko. Arabako ulermenaren mapak emandako datuen arabera, biztanleriaren % 48,2 gai da euskara ulertzeko, eta 0-14 urte bitartekoen artean, berriz, gazte gehienak elebidunak dira ( % 86).

Ildo horretan, Aiarako Kuadrillako presidente Encina Castresanak, gainerako kuadrillen ordezkari gisa, gogorarazi du Arabako gizarteak euskararen normalizazioaren bidean aurrera egiten jarraitzen duela, “Euskararen erabileran aurrera egiteko oinarri sendoak” ezarriz: “Norbanakoak irabazten du, taldeak irabazten du, azkenean gizarteak irabazten du”.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak itxi du ekitaldia, eta gogorarazi du Euskaraldiak bat egiten duela Araban Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoarekin (2019-2022): “Hiztunak eta hiztun-sareak aktibatzea, edo lurraldean euskaraz bizitzeko aukerak bermatzeko baldintzak sortzen jarraitzea”. Helburu horretarako, funtsezkoa da lankidetza, eta diputazioa prest dago urrats sendoak ematen jarraitzeko, “Arabako Foru Aldundiaren lidergoaren babesean, euskara-zerbitzuekin, euskalgintzarekin eta gainerako gizarte-eragileekin lankidetzan”.