Arabako kuadrilla guztiak zeharkatu ostean, atzo Mendizorrotza bete zuten.

5.000 lagun elkartu ziren atzo, urtarrilak 2, Mendizorrotzan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazookin ‘Urteak bete, abenturak bizi!’ saioarekin irri, kantu eta dantza egiteko, eta ederki gozatu zuten guztiek.
5.000 lagun urte berriari ongi-etorria emanaz, euskaraz eta ilusioz… “Baina Mendizorrotzakoa ez da bat-bateko kasualitate edo bat-bateko txispazoaren emaitza. Araban, aspaldi honetan, hamaika eragile eta ehundaka, milaka boluntario, langile, familia, haur, gazte zein heldu ari da lurralde osoan sekulako lana egiten, eta gu, zorionez, horren lekuko zuzenak gara”, azaldu dute euskal pailazo maitatuenek.
Are gehiago, urteari egin diote Arabako errepasu emankorra: “2022 urtean Panpoxa furgonetarekin abiatu eta bizitakoak horren islada dira…Kanpezun izan gara, urteroko bisitan, eta ederki ezagutzen dugu mendialde horretan hezkuntzan, euskal kulturan, herrigintzan aspaldidanik ilusioz egiten ari diren lan erraldoia. Eta Trebiñun parte hartu dugu Manzanosetik Argantzunera Ikastolak antolatutako martxa koloretsuan, Trebiñu Araba dela aldarrikatzeko. Bastidan ere Euskal Eskola Publikoaren Jaian gozatu dugu, Arabar Errioxako familiak gurekin batera oholtzan zirela, kantari eta dantzan. Lautadako Barrundian ere, Oinherrik antolatutako Herri Hezitzaileen festan hartu dugu parte iaz, lan eta ahalegin handiaren ondorioz irekitako eskola berriaren familia eta irakasleekin batera, Garaiongo etxe eta naturgune majikoan. Laudioko Euskaren Faktoriari ere egin diogu bisita, nazio mailan abanguardia den proiektu kooperatibo liluragarria berau, eskualde osoan lan egiten duena.Amurrion kiroldegi bete taupada sentitu dugu Korrikaren hasierarekin batera, eta AEKko euskaltegian tertulia alaian aritu gara euskararen iratxoekin. Eta joan den hilean bertan, Gasteizko Alde Zaharreko Ramon Bajo Eskolan haien proiektu eredugarrian murgildu gara, Hala Bedi Irratiaren estudioan poz-pozik izan aurretik…Araban hamaika bizipen, 35 urte, infinitu abentura… eta Gasteizko Mendizorrotzan 5.000 taupada euskaraz irri, kantu eta dantza, denona eta denontzat izango den Euskal Herria eta mundua amesten eta aldarrikatzen…Zorionak eta mila-pila eskerrik asko… ARABA!”.
Eskerrik asko zuei Pirritx, Porrotx eta Marimotots!!