Ane Pedruzo (Euskarabentura): “Hasieran amets bat zena, errealitate bilakatu da orain.”

Euskarabentura espedizioaren 2. edizioa azken txanpan sartu da dagoeneko. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan zehar 16-17 urte bitarteko 120 gazte aritu dira uztailean geografia, kultura eta historian murgilduta. Espedizioaren antolatzaile den Ane Pedruzorekin (Gasteiz, 1985) eta bertako partaide den June Tiradosekin (Gasteiz, 2003) egon gara gu. Ormaiztegin hartu ditugu, Asisko Urmeneta eta Kike Amonarrizen bisiten artean.

-Miren Amurizak Berria-n, horrela definitu zaituzte: “Ideia onak dauzkan jende funtzionala.” Euskal Herrian sortu diren hainbat ekimen, besteak beste, Korrika edo Euskaldunon Egunkaria, harrikada batetik sortu ziren. Eta haien pareko jartzen du zuen abentura.

A.P: Hasieran amets bat zena errealitate bilakatu da orain. Ordu asko eskaini dizkiogu proiektu honi, zaila izan da eta bigarren edizioa airean izan genuen lehenengo esperimentua egin ostean. Baina ebaluazioa horren positiboa izan zen, aurrera egiteko gogoa berez sortu zitzaigula.

Komunitatea nabarmen handitu da edizio batetik bestera, aurreko urteko partaideak komunitatearen parte bilakatu dira eta dagoeneko 300 pertsonako sarea edo familia osatu dugu.

-Bi edizio eta dagoeneko sendotutako proiektuaren itxura hartu du?

A.P: Sendotzen hasteko elementu guztiak dituen proiektua da Euskarabentura, baina orekatzen joan beharko du halabeharrez, neurria hartzen. Hizkuntza erabileraren eraginean duen inpaktu erreala neurtu beharko dugu eta horren araberako erabakiak hartu.

Euskarabentura aisialdian dauden hutsuneak betetzeko sortutako beharrezko egitasmoa da. Euskararen erabileran propio eragitea helburu duen gazteei zuzendutako aisialdiko egitasmo bakarrenetarikoa da eta horrelako gauza baten beharra zegoen. Indar handiko adin tartea duten gazteak datoz, unibertsitatera joateko garaian daudenak eta urte horiek eragin zuzena dute kontzientzia eta norabidearen norakoan.

-Euskal Herri osoko gazteek parte hartzen dute, Iparraldekoek nahiz Hegoaldekoek. Bereizketa administratiboak erabilerarako aukerak eskaintzen al ditu? Hau da, mugaren bi aldeetako gazteen komunikazio hizkuntza euskara izanik, erabileran baliagarria izan daitekeen ezaugarria da?  

A.P: Aurten Estokolmoko lagun bat ere badugu!!! Bai, Iparraldeko 7 lagun ditugu, baina gutxi izan arren eragina du. Estrategia ezberdinak eta euskara protokolo bat garatu ditugu erabileran eragiteko. Esaterako, influencer papera duten hainbat gazte izendatu ditugu, lidergoa duten gazteak izanik, gure aliatu izateko. Ahobizi dinamika bat ere abian jarri dugu, muxuak eta besarkadak tartean daudela…

Helburu orokor guztien gainetik euskararen erabilera dugu jomuga nagusi, ohituretan eragitea. Korrikak proposatzen zuen klik hori eragitea da gure helburua, kontzientzia ugaltzea. Eta helburu horren bilaketan bide onetik goazela ziurtatzeko hainbat inkesta soziolinguistiko egiten ditugu egunerokoan.

J.T: Hala ere, Iparralde eta Hegoaldeko gazteen artean, kulturalki ezberdintasunak egon badauden arren, pentsa baino antzekotasun gehiago ditugu. Makulu-hitz ezberdinak erabiltzen ditugu, baina gainontzekoan azaletik ematen duena baino berdintasun gehiago ditugu.

-31 egun, Euskal Herri osoan zehar. Ibilbidea, gonbidatuak, lotarako tokiak, garraioa, komunikazioa… lan handia dago atzetik, ezta?

A.P: 8 lagun gara elkartean, haietatik 3 arabar. Eta hainbat batzordetan bereizita antolatzen gara (aurrekontua, edukia, giza baliabideak, elikadura…). Hamabostean behin elkartzen gara eta bestela skype bidez ere lan egin izan dugu. Militantziak sortutako egitasmoa da, babesleek babestua, baina militantziak elikatua. Eta horrela lan egiteak oso helburu argia bat dakar: doakotasuna.

-Zer ematen dizue antolatzaileoi/gazteoi proiektu honek?

A.P: Proiektua Boisen, Estatu Batuetan, hasi zen 2015ean. Bertan bildu ginen lagun talde bat eta Ruta Quetzal euskaldun bat sortzeko nahia piztu zen. Eta gutxika 8ko taldea osatzen joan eta proiektuan sinisten hasi ginen. Euskaraz bizitzeko nahia, proiektu pertsonala, talde baten parte izatea, eta beste hainbat arrazoi daude tartean.

J.T: Euskal Herria ezagutzeko aukera bikaina izan da eta esperientzia bezala, inoiz ahaztuko ez dudana. Jende ezin hobea ezagutu eta momentu apartak bizi izan ditugu. Begiraleekin izan dugun harremana izugarria izan da. Oso era naturalean sortu da harremana eta bakoitzak bere funtzioa eta rola zein den argi egon arren, hierarkiak ez dira nabarmendu, guztion arteko elkarlanari bide emanez.