Korrika-ko koordinatzaile Ane Elordi elkarrizketatu dugu, eta ekimen herrikoi erraldoi honen inguruko azalpen ugari eman dizkigu.

Korrika da, zalantzarik gabe, euskararen alde egiten den ekimen jendetsuenetakoa eta ilusio gehien pizten duen horietakoa. Hain zuzen ere, AEKk antolatzen badu ere, euskaldun eta euskaltzale askok ‘gure’ sentitzen dugu; horra hor, esaterako, bera sostengatzeko herri eta eskualde ugaritan sortzen diren Korrika batzordeak.

Jende asko, ugari, egoten da noiz Korrika bere herritik pasa, eta kalkulu eta oreka handiz landutako ibilbidea martxoaren 14tik 24ra gauzatuko bada ere, horren inguruko lanketa askoz lehenago hasten da. Horietako lan batzuk azaldu dizkigu Ane Elordik, edizio honetan Korrika-ko koordinatzaile moduan estreinatu denak eta bere esanetan, “Korrika sortu ostean jaiotako lehen koordinatzailea” denak.

Korrika modu askotan ezagutu izan du umetatik, eta AEKn lanean diharduenetik beste esparru askotan ere; zer esanik ez edizio honetan. “Korrika bukatzen den urtean bertan, ekainerako ibilbidea zehazten dugu eta lanean hasten gara, izugarrizko lan pila dago ikusten ez dena”.

Esate baterako, Korrika Kulturala egunotan abiaraztear dago, berrikuntza nabari batekin, gainera: Korrika beka sortu da sortzaileek kultura ikuskizun berriak sortzeko. Horri esker, ‘Badon’ opera garaikidea sortu da Ines Osinagaren gidaritzapean eta Euskal Herrian zehar 15 emanalditik gora egingo du.

Eta, horrez gain, edizio guztietan bezala, makina bat kultura emanaldi antolatuko dira Euskal Herriko herri askotan. Horietako asko herri edo eskualdeetako Korrika batzordeek antolatuko dituzte, eta beste batzuk nazio mailan proposatutakoak izango dira. “Korrika Kuturalaren helburuetako bat da euskarazko emanaldirik egiten ez diren Euskal Herrietako ertz horietan halakoak antolatzea”.

Korrika batzordeei dagokienez, Elordik haiendako hitz bereziak ditu: “Aurtengo leloak oso ondo batzen du batzordeen ideia eta funtsa: bakoitza garen modukoa izanda, bakoitzaren arlotik egingo diogu ekarpena, eta hemen gaude euskarak batzen gaituelako eta euskara erabiltzeaz harro gaudelako”.

Bestalde, Korrikak aurten omendu duen ekimena Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz Ekimena da, “goi mailako ikasketak euskaraz egin ahal izateko 30 urte luzeotan belaunaldiz belaunaldi transmititzen diharduen eskaera eta borroka. Korrikak ekimen horri merezitako ikusgarritasuna eman nahi izan dio”.

Horrekin batera, mintzagai izan dugu, besteak beste, edizio honetan Araba zorionekoa dela, ibilbideak ahalik eta herri, eskualde eta lurralde gehien zapaltzearen helburuarekin, kasu honetan ibilbideak bi Arabar Errioxa eta baita Mendialdea ere ukituko dituelako.

Entzun hemen elkarrizketa osoa: